euskaraespañol

Zientzia Astea 2018k bere ateak ireki ditu inoiz baino jarduera gehiago eskainita

Zientzia zabaltzeko UPV/EHUko ekitaldi handiena Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da, eta lehen aldiz Eibarren.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/07

Irudia
Zientzia Astea 2018k bere ateak irekiko ditu. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Zientzia Asteak eskaintza zabala prestatu du, doako 190 jarduera inguru. Hainbat ikustaldi antolatu dira ikastetxeentzat: zientzi txoko, lantegi, txango didaktiko, hitzaldi, dokumental, Zientzia Club edo Zientzia Ikuskizuna bezalako dibulgazio lehiaketa eta ikuskizunak. Helburu nagusia izan da euskal gizartea zientzi eta teknologi mundura ekartzea.

Zientzia Astearen hemezortzigarren edizioa, hau da, UPV/EHUko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea, azaroaren 7an hasiko da. Jarduera ludikoz eta pedagogikoz osatutako programa bat eskainiko du, adin guztietakoei zuzenduta, eta helburua da euskal gizartea zientzi eta teknologi mundura ekartzea, eta gizartea gonbidatzea zientzia entzun, dastatu, behatu, usaindu, ukitu eta sentitzera. Zientzia Astea bost hiritan egingo da lehen aldiz, aurten Eibar ere sartu baita, aurreko urteetako hiriez gainera: Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Barakaldo.

Edizio honetan, Zientzia Asteak eskaintza zabala prestatu du, doako ia 190 jarduera inguru.  Bisitariek zientzi txoko, lantegi, txango, erakusketa, bisita gidatu eta lehiaketetan parte hartu ahalko dute, eta, nola ez, zientzia, musika eta umore barra-barra konbinatzen dituzten Zientzia Clubeko bakarrizketez gozatu. Jarduera guztiak dira doakoak eta lantegi, txango eta bisita gidatuetarako bakarrik eman behar da izena. Nahiz eta plaza asko hartuta egon jada, oraindik bada plaza librerik. Izen ematea doakoa da, izen emateari eta programa osoari buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke: http://zientzia-astea.eus 

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak bisita gidatuak eskaintzen dizkie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei. Azaroaren 7tik aurrera Euskadiko milaka ikasle hurbilduko dira egoitzetara eta Zientzia Astean dauden txokoak ezagutuko dituzte, besteak beste: matematika, arkeologia, astronomia eta genetika txokoak. Txokoak jende guztiari irekita daude Zientziaren Asteak iraun bitartean.

Zientzia arlo guztiak denentzat 5 egoitzatan

Bilboko Bizkaia Aretoan 62 jarduera izango dira, azaroaren 7tik 11ra. Jakintza arlo ugariei lotutako 21 txoko egongo dira: matematika, bioteknologia, ekosistemen osasuna, superbakterioak eta telebista eta haren trikimailuak, besteak beste. Bestalde, 18 lantegi ere eskainiko dira, hala paleontologia nola arkeologia lantegiak, eta horietantxe analizatuko ditugu aztarna fosilak. Urtero bezala, Zientzia Astea Bizkaia Aretotik kanpo ere egongo da. Hamabost ibilbide didaktiko izango dira, Punta Begoñako sekretuak, adibidez, edo gizateriaren historia Bilboko itsasadarrean barrena paseo bat eginez aurkitzeko.

Eibar estreinatuko zaigu, aurten, Zientzia Asteko egoitza gisa. Jarduera gehienak Portalea Kultura Etxean egingo dira, azaroaren 7tik 11ra. Lantegiak izango dira, besteak beste, papiroflexia ikasteko, itsasoko hondakinen arazoari buruzko dokumentalak edo inguruetako iragan bolkanikoa ezagutzeko ibilbide didaktikoak. “Jakin eta Erein” zikloa azpimarratu behar dugu. Astronomia edo ernalezintasunari buruzko hitzaldiak izango dira, omenaldi ekitaldi bat egingo zaio Javier Gorosabel eibartar astrofisikoari, eta Astrofisikan ProAm Lankidetzari lehen Javier Gorosabel saria emango da, beste jarduera batzuk ere tartean. 

Zientzia Astea Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan ere egongo da, Bilboko eta Eibarko data berberetan. Azaroaren 10ean, larunbata, zientzi eta teknologi jarduera asko izango dira, jende mota guztiari zuzendutakoak, eta jarduera asko eskainiko dituen Zientzia Azoka ere badugu. Arima esploratzaileek Gorostiza urtegiko sekretuak edo Ramón Rubial Lorategi Botanikoa aurkitzeko aukera izango dute. Motostudent Bizkaia ekipoa Barakaldoko kaleetan barrena ibiliko da bere motozikleta prototipoarekin.

Zientzia Astea Donostian ere egongo da, Tabakaleran, azaroaren 8tik 10era. Bertan, 14 txoko eta 12 lantegi izango dira, eta arlo hauei buruzko jarduera, jolas eta erakustaldiak eskainiko dira: robotika, geometria, astronomia, nanozientzia eta birziklatzea. Lantegiak izango dira, esaterako, Tabakalera inguruneko kutsadura akustikoa neurtzeko. Txango geologikoak egingo dira Donostiako kaleetan barrena, eta Aquarium, Mater Museoa eta Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagut ditzakegu.

Gasteizen, Zientzia Astea Bibat Museoan egongo da, azaroaren 8tik 11ra. Bertan, 11 txoko eta 18 lantegi izango dira, dibulgazio bidez gai hauek hurbilduko dizkigutenak: nanoteknologia, elikadura eta kriminalistika, frogak prozesatuko ditugu detektibeak bagina bezala. Ebaluatzaile sentsorialek zuzendutako gazta, ardo eta gatz dastaketak izango ditugu. Jarduera eta txango batzuk egingo dira, besteak beste, bodega eta dolare bat eta Krispiñanako araztegia ezagutzeko.

Zientzia Astearen programa zientzi ikuskizun batez osatuko da, bost hirietan ikusi ahalko dena. Eta bost lehiaketa izango dira: X. Argazki Lehiaketa, Haiku Matematikoak, Ehuskarabanda, Zer egin dezakegu hondakinen arazoa konpontzeko? eta “Saria duten arazoak”. Aurreko urteotan sekulako arrakasta izan zuenez, berriro dator gai eta bakarlari berriekin Zientzia Club. Umore, musika eta, jakina, zientzia piloa, horiexek dira Zientzia Club formularen hiru osagaiak. Hortaz, osagai horiek gogoan izanda, UPV/EHUko espezialistek hitzaldi laburrak eskainiko dituzte zientzi gaiei buruz. Hauek izango dira Zientzia Cluben bost saioak: azaroaren 8an, osteguna, Barakaldon eta Eibarren; azaroaren 9an, ostirala, Gasteizen; eta azaroaren 10ean, larunbata, Bilbon eta Donostian.  Sarrera doakoa izango, tokiko edukiera bete arte. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da.

Hemen duzue informazio gehiago: www.zientzia-astea.eus 

UPV/EHUk antolatzen du Zientzia Astea, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Eibarko Udalaren, Bilboko Udalaren, Euskaltelen, BBKren, Iberdrolaren, Bibat Museoaren, Tabakaleraren, Euskotrenen, Metro Bilbaoren, Euro-Helpen, EVEren, eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.