Cabecera

Menu Toggle site navigation

Asset Publisher

BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO STUDENT FORMULAKO AUTO BERRIA ARRATSALDEAN AURKEZTUKO DA SAN MAMES ALDAMENEKO ERAKUSTALDI BATEAN

First publication date: 05/06/2018

* Ingeniaritza Eskola hamargarren aldiz lehiatuko da Silverstone nazioarteko lehiaketan munduko beste zenbait unibertsitaterekin, berrikuntza eta talentua sustatzen dituen ekimen baten barruan

* FSB2018 taldeak aurkezpen ekitaldi bat prestatu du, "Talentua sustatu" lelopean. Bertan ikasleek taldearen eta autoaren aurtengo berrikuntzak azalduko dizkigute eta, lehenengo aldiz, San Mames zelaian ikusi ahal izango dugu.

AURKEZPENA FSB2018 Ekainak, 5 asteartea - 17:00
Aula Magna Edificio II-M, Rafael Moreno “Pitxitxi” 2 kalea


BIDEOA: UNVEIL FSB2018 (disponible el 5/6/18-18:00)
https://youtu.be/UpqAdGC0pCk 


BIDEOA: DRIVING BILBAO FSB2017:
https://youtu.be/c2NXYaJnqQk

Bilbon, 2018ko ekainaren 5ean.- Bilboko Ingeniaritza Eskolak egin duen Bizkaia Student Formula jarlekubakarreko auto berria arratsaldean aurkeztuko da eta, lehenengo aldiz, herritarrek San Mames aldamenean martxan ikusi ahal izango dute. Ekitaldiaren aurretik, Ingeniaritza Eskolako Areto Nagusian Enrique Amezua zuzendariak 45 ikaslez eta 4 irakaslez osatutako taldea aurkeztuko du. Bertan izango dira Jose Maria Bilbao eta Araceli Garin, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapeneko zuzendariordea eta UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea hurrenez hurren. "Talentua sustatu" lelopean FSB2018 taldeak prestatu duen ekitaldi horretan, ikasleek taldearen eta autoaren aurtengo berrikuntzak azalduko dizkigute. Autoa uztailean Ingalaterrako Silverstonen eta abuztuan Kataluniako Montmelon lehiatuko da munduko hainbat unibertsitatek egindako beste auto askorekin.

Bizkaia Student Formularen 2018ko autoa elektrikoa da, karbono zuntzezko kroskobakarreko txasisa du eta 3 metroko luzera, 1,5 metroko zabalera, 1,2ko altuera eta 230 kiloko pisua dauka. Bere binakako motorrak 80 kilowatteko potentzia du, hau da, 110 zaldiren baliokidea, eta puntako abiaduran 110 kilometro ordura heltzen da, azelerazioa 0tik 100era hiru segundotan lortzen duelarik. Bere bateriek 22 kilometrotako autonomia eskaintzen dute potentzia gorenean.

Berrikuntzak: txasisa, aerodinamika eta trakzioa
Ikasleek hilabete asko behar izan dituzte jarlekubakarreko ibilgailu hau diseinatu eta egiteko, herrialde askotako etorkizuneko ingeniariek garatutako beste autoekin lehiatzeko gai izango dena. Prototipo berria egiteko autoaren oinarrizko hiru aldeen berdiseinu osoa egin dute: txasisa eta aerodinamika aldatu dira eta lehenengo aldiz batera diseinatu dira. Horri esker, aire fluxua errazagoa da, hozte sistema hobetu egingo da, eta bihurguneetan autoaren oratze maila handitzea lortuko da. Bestalde, trakzio sistemaren diseinua erabat berritu da bolumena gutxitzeko eta, horri esker, pisua arintzeaz gain, pilotuarentzat espazio gehiago eta ergonomia hobea lortu dira.

Helburua: Silverstoneren "20ko top"ean egotea
Oraingo nazioarteko lehiaketari begira, helburua da, batetik, lehenengo 20en artean sailkatzea eta, bestetik, Bussiness Case proban lortu zen lehenengo postuari eustea. Bigarren hori garrantzitsua da, ikasleek garatu duten eta proiekzio komertzial handiena duen prototipoa izan zelako, munduan hedapen handiena duen UK Silverstoneren nazioarteko lehiaketan. Montmelon, helburua estatu mailako talderik onena lortzea da, sailkapen orokorrean lehenengo laurdenean ere geratzeaz gain. 2014, 2015 eta 2016an estatu mailako lehenengo taldearen saria jaso zuten, eta ibilgailurik efizienteenarena Montmeloko lehiaketan.

FSB2018 taldea: Talentu handiko kidez osaturiko taldea
Bilboko Ingeniaritza Eskolak hamar urte baino gehiago darama diziplina anitzeko hezkuntza proiektu honekin. Bere helburua ikasleen berrikuntzarako eta asmakizunetarako gaitasunak lantzea da, eta, aldi berean, euren prestakuntza hobetzea zein etorkizunean lana lortzeko aukerak handitzea. Hori guztia proiektuetan oinarritutako metodologia berritzailearen bidez. Orain arte, 500 ikasle inguruk izan dute ekipo honetan parte hartzeko aukera: urtero auto bat diseinatzeko, eraikitzeko eta balioztatzeko erronkari eusten dio, eta munduko unibertsitateen arteko txapelketa garrantzitsuetan lehiatzen da.

Aurten Bizkaia Student Formula taldean 45 ikasle daude, erdia Industri Teknologiako gradukoa, %15 Ingeniaritza Mekanikokoa, %8 Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikokoa, %5 Ingeniaritza Elektrikokoa, %5 Antolakuntza Industrialekoa eta %2 Telekomunikazioko Ingeniaritzakoa. Horiez gain, honako masterretako ikasleek ere hartu dute parte: Industriala, Telekomunikazioa, Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotikoa eta Ingeniaritza Mekanikoa. Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Diez irakasleen gainbegiraletza izan dute eta taldeburua (Team Leader) Asier Beaskoetxea izan da. Silverstonen uztailaren 11tik 15era eta Montmelon, berriz, abuztuaren 23tik 26ra lehiatuko du.

Autoa diseinatu eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dute eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, AIC-Automotive Intelligence Center, Bilboko Udala, Sener, Batz, Aludium, Alunid, Ingemat, Inarak, Irizar, Danobat eta Ingeniaritza Eskola bera izan dira babesle nagusiak, baita 50 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola ere.

Informazio gehiago:
L&V COMUNICACIÓN –Itziar Villamandos
BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAREN PRENTSA KABINETEA

Tel. 94 416 08 00 - Faxa: 94 479 38 97 - Mugikorra: 657796583
villamandos@lvcomunicacion.com