Makina Erremintako Gela

Deskribapena

Makina Erremintako Gela 2008an inauguratu zuten. Bertan, makina-erremintaren diseinuaren, kontrolaren eta erabileraren gaineko prestakuntza aurreratuko plan bat garatzen dute. 230 orduko mintegi bat eta sektoreko enpresetan lankidetza-praktikak ere eskaintzen dituzte. Gelan Makina-erremintan Aditua UPV/EHUko titulu propioa ematen da.


Gelak Makina Erreminten Fabrikatzaileen Elkartearen (AFM) babesa dauka. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatzen dute, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailarekin batera.


Gela lankidetzan aritzen da prestakuntzako nahiz ikerketako beste zentro batzuekin eta enpresekin. Beraz, tresna eraginkorra da, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak euskal ekonomiarako hain garrantzitsua den sektore honen berrikuntzan prestatzeko, baita eskolaren, bertako sailen eta makina-erremintako enpresen eta erabiltzaile nagusien (hau da, automozioa, aeronautika, energia, etab.) arteko lankidetza-ildoak irekitzeko ere.


Ikasleek enpresatan egiten dituzten proiektuak ezinbestekoak dira euren prestakuntza osorako. Proiektu horietan, helburua ikasleek mintegietan barneratutako ezagutzak praktikan jartzea da. Krisi-garaian egon arren, zenbait enpresa eta zentro teknologikok Gela honetako ikasleak hartu dituzte, eta aukera eman diete ikasleoi karrera amaierako proiektua egin eta bertan lanean jarraitzeko. Urte honeek igarota, Ikasle asko ari dira lanean inguruko manufaktura-enpresatan, prestakuntza ona baitute eta eskaera handia baitago Euskal Herrian hain garrantzitsua den arloan.