Hizkuntza Indigenak Ama Lurra Zaintzen

Erakusketa ibiltaria

Image

Erakusketa honek euskal herritarrei bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun. Halaber, bioaniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremana ere badu gogoeta-gai.

Erakusketara hurbiltzen den bisitariak hainbat kontakizun aurkituko du bertan, bakoitza hizkuntza indigena batean eta mundu batera hurbiltzen gaituen irudi batez lagunduta, indigenen hitzak eta indigenen begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta.

Munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen kontakizunok. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean kokatuta daudenak, baina hiztunen lan eta gogoari esker biziberritzeko ahaleginetan ari direnak.

Irudi eta kontakizunez gain, fitxa tekniko labur baten bidez, ikusgai dagoen hizkuntza bakoitzaren egoerari buruzko informazioa eskaintzen da panel bakoitzean, eta gainera, QR kode baten bitartez, kontakizun horiek jatorrizko hizkuntzan entzuteko aukera eskaintzen da.

Halaber, pantaila batean Beltzean Mintzo dokumentalaren zati bat eta hizkuntza-lankidetzarekin lotutako irudi sorta bat ikusteko aukera eskaintzen da.

Erakusketa hau Garabide Elkartearen (Hizkuntza-lankidetzan ari den Gobernuz Kanpoko Erakundea) eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren arteko lankidetzaren emaitza da.

Liburuxka

Egutegia

Image

News and Events

"17+1 helburu mundua eraldatzeko" erakusketa Villa Suso Jauregian

First publication date: 17/06/2022

UPV/EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarearen Unesco Katedrak "Hiri-paisaia historikoaren 2030 erronkak" kongresua antolatu du, ekainaren 21 eta 22 bitartean Gasteizko Villasuso Jauregian egongo dena.

Kongresuak dirauen bitartean, gure katedraren "17+1 helburu mundua eraldatzeko" erakusketa ibiltaria egongo da ikusgai Villasuson bertan.

Erakusketa horretan 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) dira gogoeta gai. Nolanahi ere, Nazio Batuen 17 helburu horiei, 2030 agendak kontuan hartzen ez duen helburu bat erantsi diegu, bere baitan edo modu transbertsalean landu daitekeena; alegia, Hizkuntza eta Kultura aniztasunaren bermea garapen faktore bezala agerian jartzea. Izan ere, Agendak alde batera uzten du hizkuntzen alorra eta oso gutxi hartu du kontuan kultura garapen iraunkorrerako funtsezko elementu gisa. Doktrinak eta esperientziak behin eta berriro erakutsi dute hizkuntzak ekonomiaren motore direla, giza kohesioaren eta bakearen bultzatzaile eta azken batean giza eskubide kontu bat.

With the support of

Eusko Jaularitza, Kultura Saila - Gobierno Vasco, Departamento de Cultura - Basque Government, Culture Department   Elorrioko Udala