B-CaMir-R. CaMir tresnaren bertsio laburraren euskarazko egokitzapena.
- Year:
- 2023
- Description:
-
Tresna honen bertsio originala gaztelerazkoa da (CaMir-R. Balluerka et al., 2011), eta atxikimenduaren eta familia egituraren irudikapenak neurtzen ditu zazpi dimentsiotan biltzen diren 32 itemen bidez. Erantzun eskala Likert motakoa da eta bost puntu ditu (1 = Erabat desados, 5 = Erabat ados). Tresna honek ezaugarri psikometriko egokiak ditu eta esparru klinikoan zein ikerketa esparruan erabili daiteke, nerabe nahiz pertsona helduei aplika daitekeelarik. Berau betetzeko 15-20 minutu behar dira, eta modu indibidualean nahiz kolektiboan aplikatu daiteke. Euskarazko bertsioak ezaugarri berdinak mantentzen ditu.
Esan bezala galdesorta honek 7 dimentsio ditu, hauetatik 5ek atxikimenduaren irudikapenei egiten diete erreferentzia (Ziurtasuna: atxikimendu irudien eskuragarritasuna eta laguntza; Familiarekiko ardura; Gurasoen interferentzia; Gurasoekiko ezinikusia eta autosufizientzia; eta Haur-traumatismoa) eta beste 2ek familiaren egiturari buruzko irudikapenei (Gurasoen autoritatearen balioa eta gurasoen permisibitatea).
Galdesorta eskuragarri dago testuaren amaierako estekan. Jarraian dimentsio bakoitza modu sakonago batean azaltzen da eta zein itemek osatzen duten adierazten da.
Ziurtasuna: atxikimendu irudien eskuragarritasuna eta laguntza
Dimentsio honek atxikimendu irudiengandik maitatua izatearen hautemateari egiten dio erreferentzia, eurenganako konfiantzari eta behar izanez gero eskuragarri egongo direlako usteari. Norbanakoak bere senide maiteenganako konfiantza agertzen du, eurengan konfiantza izan dezakeela baieztatzen du eta behar dituenen hor daudela dio. Bere atxikimendu irudiekiko duen irudikapen mentalak haurtzaroan naiz orainaldian bere atxikimendu beharrak asetu direnaren, eta babesa edo kontsolamendua behar izan duenean afektuz erantzun dutela uste duenaren hautematea barneratzen dute. Galdesortako 3, 6, 7, 11, 13, 21 eta 30 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Familiarekiko ardura
Dimentsio honek senide maiteengandik banatzean sortzen den gehiegizko antsietate sentsazioari eta atxikimendu irudi diren pertsonenganako gehiegizko ardura sentsazioari egiten dio erreferentzia. Norbanakoak senide maiteengandik banatzean ezinegon larria sentitzen du; hauek fisikoki presente ez daudenean arduratu egiten da eta gauza oso txarrak gertatuko zaizkiela uste du. Galdesortako 12, 14, 18, 26, 31 eta 32 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Gurasoen interferentzia
Haurtzaroan babes gehiegi jaso izanaren oroimena, haur beldurtia izatearena eta abandonatua izatearekin arduratua egon izanaren oroimena dira dimentsio honen ardatza. Norbanakoak guraso kontrolatzaileak izatearen irudikapena dauka. Bere buruaz nahiz bere atxikimendu irudiez dituen irudikapenak negatiboak eta anbibalenteak dira, eta atxikimendu irudiak bere autonomia pertsonal baxuaren arduraduntzat jotzen ditu. Bigarren eta hirugarren dimentsioek (Familiarekiko ardura eta Gurasoen interferentzia) atxikimendu arduratuaren aspektu desberdinak ebaluatzen dituzte. Galdesortako 4, 20, 25 eta 27 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Gurasoekiko ezinikusia eta autosufizientzia
Dimentsio honek mendekotasun eta elkarrekikotasun sentimenduen ukatzea eta senide maiteekiko ezinikusia deskribatzen ditu. Norbanakoak atxikimendu sistema kentzeko saiakerak egiten ditu alde batetik atxikimendu eta mendekotasun sentimenduak ukatuz eta bestetik autosufizientzia konpultsibo bat agertuz, hala atxikimendu irudiak urrun mantenduz. Galdesortako 8, 9, 16 eta 24 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Haur-traumatismoa
Haurtzaroan biolentzia, mehatxuak eta atxikimendu irudien eskuragarritasunik ez izatearen oroimenari egiten dio erreferentzia dimentsio honek. Galdesortako 1, 10, 17, 23 eta 28 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Gurasoen autoritatearen balioa
Norbanakoak familian autoritatearekiko eta hierarkiarekiko dauden baloreen aldeko ebaluazioari egiten di erreferentzia. Atxikimendu ziurra daukaten pertsonen ezaugarri bat da gurasoen autoritatearen onarpena eta hauekiko errespetuaren adierazpena. Galdesortako 5, 19 eta 29 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Gurasoen permisibitatea
Muga falta eta gurasoen gidaritzarik ez izatearen oroimenari egiten dio erreferentzia. Atxikimendu ziurra duen pertsona batek gurasoen aldetik nolabaiteko gidaritza bat izanaren oroimena du, zailtasunen aurrean nola jokatu esan izan diotenarena eta izandako inpultso edo desioen aurrean mugak jarri izan dizkiotenarena. Mugarik ezaren edo muga argirik izan ezaren sentsazioa atxikimendu ez ziurra edo ez antolatua daukaten norbanakoen ezaugarrietako bat da. Galdesortako 2, 15 eta 21 itemek osatzen dute dimentsio hau.
Galdesorta honako ikerketa honetan balidatu zen: Aliri, J. Balluerka, N. Gorostiaga, A. eta Soroa, G. (2023). Assessment of Attachment Representations in Basque Adolescents and their Relationship with Internalizing and Externalizing Problems. Psychological Reports, 126(2): 1018-1041. doi: 10.1177/00332941211057147
Bibliografia
Balluerka, N., Lacasa, F., Gorostiaga, A., Muela, A. eta Pierrehumbert, B. (2011). Versión reducida del cuestionario CaMir (CaMir-R) para la evaluación del apego. Psicothema, 23, 486–494.
Lacasa, F., eta Muela, A. (2014). Guía para la aplicación e interpretación del cuestionario de apego CaMir-R. Revista de Psicopatología y salud mental del niño y del adolescente, 24, 83-93.
- Link with additional information:
- https://osf.io/7xjpy