“Zer gertatzen ari da Bitcoinarekin? Desagertzear al dago?” Sara Urionabarrenetxea, UPV/EHUko Etengabeko Prestakuntzaren Zuzendaria eta nazioarteko finantza merkatuetan aditua, Euskadi Irratiko Faktoria programan (2018/11/28)

First publication date: 28/11/2018

Imagen de Gestión Patrimonial y Banca Privada

Gaur goizean Sara Urionabarrenetxea, UPV/EHUko Etengabeko Prestakuntzaren Zuzendaria eta nazioarteko finantza merkatuetan aditua,  Euskadi Irratiko Faktoria programan aritu da Bitcoinaren egungo egoera eta etorkizuneko perspektibak aztertzen.

Hainbat kriptotxanpon dago merkatuan, 1.500 baino gehiago, baina Bitcoina da ezagunena, izan ere, merkatuaren kapitalizazio osoaren % 40 berari dagokio. Kriptotxanponetan, eta zehazki Bitcoinetan , inbertitzea erabaki aurretik garrantzitsua da haren ezaugarriak ezagutzea:

  1. Guztiz askea den merkatua da, atzean ez dago instituzio erregulatzailerik eta entitate finantzarioek ez dute bitartekaritzarik egiten. Dibisa tradizionalena, aldiz, merkatu instituzionalizatua da, gure kasuan euroa, Europako Banku Zentralak emititzen du eta eragiketa guztiak entitate finantzarioetatik pasatzen dira.
  2. Bitcoinaren balio aldaketak zerk eragiten dituen jakitea beti ez da erraza, izan ere, salerosketen ia-ia % 100 espekulazioari dagokio. Dibisa tradizionalen balioa herrialdearen ekonomiari modu garrantzitsuan lotuta dago (interes-tasak, inflazioa, enplegu maila, esportazioak/inportazioak, erabaki politikoak eta abar), ez hala, Bitcoina, espektatibei lotuago.
  3. Bolatilitate handia dauka. Dibisa tradizionaletan urte betean aldatzen den balioa, Bitcoinean egun bakar batean alda daiteke. Are gehiago, 2018 urtean zehar bere balioaren % 80 galdu du Bitcoinak.

Beraz, Bitcoinaren oinarri nagusia inbertitzaileen konfiantza da (ez hainbeste aldagai ekonomikoen eboluzioa), batez ere erabiltzen den teknologian (Blockchain) eta merkatu “askea” izatean. Baina 2018an konfiantza horren galera bizi izan dugu. Zergatik?

Faktore asko metatu dira:

  1. Jendearen euforiaren hazkundea Blockchaina dela eta azkarragoa izan da, benetan teknologia hori azpiegituretan, zerbitzuetan, aplikazioetan sartzeko erritmoa baino. Potentzial handiko teknologia da baina bere denbora behar du proiektu asko errealitate bihurtzeko; inbertitzaileen entusiasmoa , aldiz, izugarria izan da.
  2. Erregulazio beharraren ahotsak zenbat eta altuagoak dira. Adibidez, Txinak eta Hego Koreak (munduan Bitcoinen elkartrukerako plataforma gehien dituen herrialdea) argi adierazi dute behar hori ikusten dutela.
  3. Hackeo eta lapurreta kasu ugari ezagutu dira. Azken 6 urteetan Bitcoinetan zegoen diruaren % 15 lapurtu dela kalkulatzen da. 
  4. Bitcoinen kotizazio plataforma batzuetan manipulazio sospetxak sortu dira (kotizazio bolumenak nahita handitu).

Behin aldagai guzti horiek metatuta, eragile bat falta zen bakarrik: Bitcoinaren merkatuan 1.000 inbertitzaile inguruk merkatu osoaren % 40 osatzen dute. Horietako lauzpabost erretiratzen hastea (2017 urteko igoera guztia harrapatu eta gero) nahikoa eragile da beste inbertitzaile guztiak ere mugitzen hasteko. Eta behin beheranzko joera hartuta, zaila da hori gelditzea.

Kriptotxanponak seguruenik etorkizunaren parte garrantzitsua izango dira baina litekeena da egungo baldintzak nolabait aldatzea: posible da inolako instituzio erregulatzailerik gabe inbertsio seguru gisa garatzea? Zenbat denbora beharko da kriptotxanponak ekonomia errealari lotzen?