Breadcrumb

Asset Publisher

Iritsi da Geolodia Espainia guztira

First publication date: 06/05/2019

Geolodiaren antolatzaile den SGE Sociedad Geológica de Españak beste urte batez jarri du abian geologiaren dibulgazio-festa. Maiatzaren 11ko eta 12ko asteburuan ospatuko da.

¿Zer da Geolodia?

Geologiaren dibulgaziorako kanpoko ekintzek osatzen dute Geolodia eta Espainiako probintzia guztietan ospatzen da, baita Andorran ere. Geologoek bisita gidatuak eta ibilbideak eskainiko dituzte Geolodian eta gure ingurua ulertzen lagunduko digute.

¿Nori dago zuzendua?

Edonori, ez dio axola adinak, edonork har dezake parte Geolodian. Ibilbideak izena ematen duten guztiek parte hartzeko modukoak dira. Gainera, probintzia guztietan ospatzen denez gero, beti dago bisitaren bat gertu.

¿Zer aurkituko duzu Geolodian?

Zapaltzen duzun lurra aztertu eta ulertuko duzu. Hauxe da lema: “Begiratu zapaltzen duzuna”. Izan ere, zapaltzen duzun eta normalean begiratzen ez diozun lurrak istorio ugari ezkutatzen ditu atzean. Informazio hori ez dagokie soilik geologoei aztertzea, herritarroi ere badagokigu. Geologiak aztertzen duen horrek zuzenean eragiten du geure bizitzetan: ekonomian, eskuratzen dugun urean, gure etxe eta hirien eraikuntzan, gure segurtasunean...

¿Non aurkitu informazioa eta nola eman izena?

Aurten egingo diren Geolodia egunei buruzko informazio guztia ondoko web-orrian aurkituko duzu:

https://geolodia.es/

Bertan aurkituko dituzu izena emateko jarraibideak eta Geolodia bakoitzari dagokion informazioa.

Kontuan hartu beharrekoa:

Berdin dio zein den zure adina, duzun adina duzula ere, ongietorria izango zara. Familia osoarentzako plan egokia da, bildu zure etxekoak eta etorri une dibertigarri, bizigarri eta aberasgarri hau igarotzera. Geolodia guztiz doakoa da.

Geolodia ez litzateke posible izango SGE Sociedad Geológica de Españari antolakuntzan laguntzen dioten hainbat entitate gabe. Horiek dira AEPECT (Asociación Española para la Enseñanza de las Ciencias de la Tierra), IGME (Instituto Geológico y Minero de España), IAS (Asociación Internacional de Sedimentología) eta AGGEP (Asociación de Geólogos y Geofísicos Españoles del Petróleo), eta baita horiekin batera OAPN (Organismo Autónomo Parques Nacionales) eta Ciudad Ciencia del CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) ere. Entitateez gain, 250 enpresa baino gehiagok eta herri mailako, maila autonomikoko eta estatu mailako hainbat instituziok ere hartzen dute parte.

Ez ditugu ahaztu behar geologia ikasten ari diren 500 ikasle baino gehiagok boluntarioki egiten dutela lan, Geolodia19 guztion gozagarrirako izan dadin.

Ideia bat izan dezazun, eman begiratu bat Geolodia19rako egin dugun bideoari:

https://geolodia.es/medios/

¿Eta Euskadin zer topatuko dugu?

Araban: Maiatzaren 11an izango da. Arabako Campuseko Liburutegitik (Elurretako eraikina; Vitoria-Gasteiz) hasiko da 8:30etan eta honako izenburua izango du: “Canteras prehistóricas y fuertes medievales de Álava meridional”. Irteeraren bidez ikusi ahal izango dugu nola geologiak baldintzatzen duen gure herrien garapena, paisaien formakuntza zein eskura ditugun baliabide naturalen ustiaketa, antzinarotik.

Bizkaian: Maiatzaren 12an, igandean, izango da Ondarroan. Saturrarango hondartzatik irtengo da 10:30etan eta honako izenburua izango du: “Eta beltz jaio zen  flyscha”. Jakin nahiko zenuke zer den flyscha, noiz eta nola sortu zen Ondarroakoa? Duela milioika urteko itsasoaren sakonera egingo dugu bidaia eta itsasondo izugarri hau sortu duten prozesu guztiak geologiaren begietatik interpretatzen irakatsiko dizugu.

Gipuzkoan: Mutrikuko Plazatik (Euskal Kostaldeko Geoparkea) aterako da 10.30etan eta honako izenburua izango du: “Mutrikuko amonite erraldoiak”. Hemen ere flyscha izango da protagonista. Hala ere, arroka sedimentarioetan ezkutatzen diren aparteko fosilez gozatzeko aukera ere izango dugu, duela milioika urteko itsaso tropikalaren berri ematen diguten amonite erraldoiez, hain zuzen ere.

Informazio gehiago edo elkarrizketa bat nahi izanez gero:

Blanca Martínez García

Sociedad Geológica de Españako (SGE) gobernuko kontseiluko batzordekidea, Geolodía Euskadiren koordinatzailea

blancamaria.martinez@ehu.eus

678034929