euskaraespañol

Iñaki Zabaleta Urkiola

Botere-eliteak eta unibertsitate publiko eta pribatua Hego Euskal Herrian

Unibertsitate-katedraduna. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 09/12/2021

Imagen
Iñaki Zabaleta Urkiola. Foto: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Hego Euskal Herriko botere-elitearen azterketa egin du UPV/EHUko irakasle talde zabal batek, Jon Diaz Egurbideren zuzendaritzapean. Ikerketa horren emaitza liburu oso baliotsua da, Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek online argitaratu eta babestu dutena (horien webgunean eskuragarri).

Ikerketa honek goi-mailako lanpostuetan dauden eliteek non estudiatu duten ikertzen du: unibertsitate publiko edo pribatuan. “Elitekoak ospe, eragin eta lansari edo soldata garaiak dituzten populazio-taldeak dira. Pribilegioz, abantailaz hornituta dauden eta familia oparoetan jaio diren populazio-taldeak dira. Boterea eta eragina dutenak, beren erabakiekin gizarteko bizimodua baldintzatu eta etorkizunean eragina izan dezaketenak” diote autoreek.

Liburua bi zatitan banatuta dago: lehenean, xedeak, metodoa, emaitzak eta ondorioak daude; eta bigarrenean, alor bakoitzean adituak diren ikertzaileek analisi fokatuagoa egiten dute sektoreka. Lan honen erreferentzia eta eredua Britainia Handian elite-boterearen inguruan ‘The Sutton Trust’ eta ‘Social Mobility Commission’ erakundeek egindakoa izan da.

Metodoari dagokionez, 5.500 erregistro bildu dituzte baina, ikertzaileek diotenez, izugarrizko zailtasunak izan dituzte informazioa jasotzen, gardentasuna oraindik eskasa delako erakunde askotan. Ondorioz, 3.953 pertsonen prestakuntza akademikoa aztertu dute hurrengo hamar alor edo eremuen arabera: politika (EAE eta Nafarroako agintari, diputatu eta hautetsi), kargu publikoak, erakunde publikoak (Osakidetza eta Osasunbidea batetik eta justizia-auzitegi nagusiak bestetik), hezkuntza eta kultura (unibertsitate, ikerketa-zentro, museoak eta kultur erakundeak), komunikabideak (EITB eta beste hedabideak), enpresa publikoak, enpresa pribatuak (70 milioi euro edo gehiagoko fakturazioa duten enpresak eta 150 kooperatiba), eragin handiko 150 emakume, arte mundua eta kirola (Basque Team). Beraz, egileek dioten arabera, hamar esparruko zerrenda honetan nahiko ongi biltzen dira elite politikoa, ekonomikoa eta kultural/intelektuala. Hala ere, aitortzen dute “banka, finantza eta enpresa-lobbyak adibidez” ez daudela, horien inguruan informazioa jasotzea “ez delako batere erraza gertatzen”.

Datubasean generoaren bereizketa eginez, 1.410 erregistro (% 36) emakumezkoenak izan dira eta 2.543 (% 64) gizonezkoenak. Honek nabarmenki adierazten du botere-elitean dagoen genero arrakala.

Euskararen aldagaiari dagokionez, ezin izan da emaitzarik atera, hizkuntzaren ezagutza ia agertzen ez delako curriculumetan.

Hego Euskal Herrian, unibertsitate publikoa aukeratzen duen ikasleen portzentajea % 67 da eta unibertsitate pribatua % 33, hau da, gutxi gorabehera bi heren eta heren bat hurrenez hurren. Beraz, korrelazio baliokidea bilatuko balitz, beste aldagai kontestu-emailerik sartu gabe, pentsa liteke elitearen portzentajeetan ere antzeko balioak aurreikus litezkeela.

Unibertsitateka begiratuz, UPV-EHUn ikasleen % 56 dago matrikulatuta, Deustukoan % 14, Mondragonekoan % 7, Nafarroako Unibertsitate pribatuan % 13, eta Nafarroako U. publikoan % 11.

Ondorioen atalean, ikertzaileek esaldi labur eta gogoetagarri batean biltzen dute lana: “ikerketaren analisiak biztanleriaren talde txiki batek menderatutako herrialde baten argazkia margotu du; eta botere- egituretan unibertsitate pribatuetan, hau da, Universidad de Navarra eta Universidad de Deuston ikasi dutenen gain-errepresentazioa nabaritu da.” Alegia, Hego Euskal Herriko “erakunde-publikoetan, unibertsitate pribatuan ikasi duten pertsonen kopurua unibertsitate publikoan ikasi dutenena baino handiagoa dela” diote.

Portzentaje zehatzetara jotzen dutenean, elite politikoaren alorrean, datuek adierazten dute unibertsitate pribatuan ikasle izan direla EAEko parlamentarien % 38, Nafarroako parlamentarien % 60, Foru Aldundietako Batzar Nagusietako % 35, eta euskal hiriburuetako agintarien % 57. Politikako goi-kargudunen zenbakietan, Eusko Jaurlaritzako % 50, Nafarroako % 60 eta Foru Aldundietako % 44.

Justizia Auzitegi Nagusiko epaileen %67 dira unibertsitate pribatuko lizentziatuak izan dira. Osasungintzan, Nafarroako Osasunbideko portzentajea % 70 den bitartean, Osakidetzako goi-kargudunen % 31 da soilik unibertsitate pribatuko graduatua.

Elite ekonomikoan, enpresa publikoetan gerente eta zuzendarien % 52 inguru eta kooperatibetako % 63 izan dira unibertsitate pribatuetako ikasleak.

Elite kultural eta zientifikoan, kultur erakundeen zuzendaritzetan % 67 eta errektoretza taldeetan % 60 dira unibertsitate pribatukoak.

Artearen alorrean, artista plastikoen artean, ia ez dago unibertsitate pribatuko kiderik, izan ere, % 99 UPV/EHUko Arte Ederren fakultateko graduatuak baitira. Azkenik, kirolean (Basque Team) % 43 unibertsitate pribatukoak dira.

Laburbilduz, liburuko datu estatistikoak erabili ditugu batez bestekoak kalkulatzeko. Emaitza orokorra da, hamar sektoreak batera hartuz, elitearen % 50a unibertsitate pribatuan graduatu dela eta beste % 50a publikoan. Beraz, autoreek dioten modura, pribatuek gain-errepresentazio nabarmena dute.

Elite politikoan portzentaje horiek mantentzen diren bitartean, elite ekonomikoan, zientifikoan eta, batez ere, judizialean, diferentziak handiagoak dira unibertsitate pribatuen alde. Zorionez, komunikabideen sektorean, bai EITBn eta bai beste hedabideetan, unibertsitate pribatuan ikasitako goi-kargudunen portzentajea % 39 inguru da. Beraz, unibertsitate publikoa oso nagusi da botere-elitea osatzen eta definitzen duten sektore funtsezko honetan, eta portzentajeen aldea unibertsitate publiko eta pribatuko ratioaren antzekoa da.