euskaraespañol

Beatriz Zabalondo

Esperientzia Geletako esperientzia

Profesora del Departamento de Comunicación Audiovisual y Publicidad y Relaciones Públicas

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 23/07/2020

Imagen
Beatriz Zabalondo. Foto: UPV/EHU.
Este artículo se publica en el idioma en el que originalmente se ha escrito.

Euskal Herriko Unibertsitateaz mintzatzen garenean, gutxitan datozkigu gogora adineko ikasleak. Alegia, erretiroa hartu ondoren unibertsitateko ikasketei heltzen dietenak. Esperientzia geletan irakasle aritu den edonork esango du, nik uste, graduko ikasleen profilaz oso bestelakoa dela “adineko” ikasleena. Ikasgelako giroa eta ikasteko motibazioa ere bai. Oro har esanda.

Eternitate bat igaro dela dirudi, baina oraindik sei hilabete inguru dira 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoari ekin geniola, Gipuzkoako Campuseko Esperientzia Geletan ekin ere. Hasi eta aste gutxira, denok etxera. Hauxe izan da etxealdiko nire esperientzia.

Etxerako deia

Martxoaren 12an eman genuen gure azken klase presentziala. Osteguna zen. Ordurako, COVID-19ak han-hemen eragiten ziharduen triskantzaren hotsak ozen eta zabal zebiltzan hedabideetan. Arabako Campusa itxia zen aste hasieran, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusak ere laster itxiko zituztela komentatu genuen geure artean. Halaxe gertatu zen: eskola amaitzerako pasatu zuten abisua. Unibertsitatea itxita, eta eskola guztiak bertan behera geratuko ote ziren zurrumurrua. Baina ez, berehala jakin genuen UPV/EHUk ez zituela eskolak bertan behera utziko.

Unibertsitateak eskainitako onlineko formazio saio batzuk “irentsi” nituen asteburuan; neure burua prestatu beharra nuen, eskolak ematen segituko banuen. Kikildu beharrean, erronka garrantzitsu baten aurrean geundela pentsatu nuen, eta ezin genuela amore eman.

Etxetik ikasteko tresnak prestatzen

Inork ez zekien zer etorriko zen, ez zenbat luzatuko zen egoera. Hasierako beldur-paralisi egoera hartan, bazirudien irakurgaiak eta bideoak eskura jartzea izango zela eskolekin jarraitzeko bide (ia) bakarra: eGelan materiala jarri eta posta elektronikoz komunikatu. Ez da gutxi, baina gehiago behar genuen Argazkigintzako gure klase praktikoekin jarraitzeko.

Hasieratik, komunikazio aktiboagoa landu genuen. Asteburua igarota, astelehenean bertan (gure klase eguna baino hiru egun lehenago), telefonoak partekatzeari ekin genion, eta gelako whatsapp taldea sortu. Harremanak arindu eta azkartzearren. eGelak artxiboak ikusi eta deskargatzeko baino funtzio gehiagotarako balio duela ikusi eta ikasi genuen. Horien artean, BBC (Blackboard Collaborate Ultra) bitartez konektatzen. A zer komeriak hura ulertu eta abian jartzeko! “Egin hau, probatu honela, sakatu han…”. Baina, lehen astean, gehienok konektatuta geunden: ordutegiko lehen klasea BBC bitartez eman genuen, asteazkenean bertan.

Fakultateko ordenagailuak lanerako ongi hornituak zeuden, baina gure etxeetan bestela ziren gauzak. Hainbat programa baliatu beharko genituen hurrengo asteetan, eta doakoak ziren lanabesak instalatzen ikasi genuen… Egiari zor, nola edo hala asmatu genuela esan behar. Gure etxeetan (ere) ez zen ez puntako ordenagailurik ez konexio super-azkarrik. Eta denak esatera: ni ez naiz aditua ordenagailuetan eta softwareak instalatzeko kontuetan. Muga handiak, baina burugogorra izan! Behintzat, lortu genuen programak instalatzea eta lanean aritzeko moduan jardutea.

Klaserik galdu gabe

Ezinekin eta gabeziekin, baina aurrera egiteko asmoz beti. Uste dut ez etsitzea izan zela gure lorpen handiena. Taldearen eta banakoen berezitasunak berezitasun, elkarri lagundu eta atzean inor ez uzteko ahaleginarekin osatu ditugu eskolak. Ordutegikoak baino eskola gehiago eman ditugu, programan aurreikusitakoak baino lan gehiago egin ditugu, astero gutxienez bi egunetan (asteazkenetan bi ordu, ostegunetan ordubete) bideokonferentziaz konektatu gara eskoletara. Aparteko ezinezkorik ez zaigu gertatu.

Talde txikia izateak ere ahalbidetu du hau guztia: dozena bat lagun izatea klasean edo 50-80tik gora, badago aldea. Ikasleen motibazioa ere funtsezkoa izan da. Dena erori behar zela zirudien garaian, lan bat, konpromiso bat, helburu bateratu bat izateak bildu gaitu, eta talde gisa egin dugu aurrera.

Irakasle izatearen alderik onena ezagutu dut: ikasleak motibatu, orduak eta laguntza eskaini, begiak irekiarazi, bidea erakutsi, eskatzen zuten ahalik eta gehienari erantzuten saiatu… Haien lanetan eta aurrerabidean dago emaitza. Hau ez da urtero gertatzen.

Teknologiaren laguntza

Teknologiaren beharraz eta balioaz ohartu gara denok itxialdiaren gogorrenean. Beharrezkoa izan dugu ez soilik eskolei jarraitzeko, baita senide eta lagun urrutikoen berri izateko ere, informatzeko eta desinformatzeko, beste lan batzuk egiteko, gauza berriak ikasteko, entretenitzeko eta aspertzeko, mundu arrotzak eta bizibide berriak deskubritzeko, erosketak egiteko, elkar zaintzeko eta abar.

Gure kasuan, teknologiak eskolekin segitzeko aukera eman digu. Bai. Teknologiak, eta zehazki BBC sistemak elkarren lanak ikustea ahalbidetu digu (“Niri ez zait ateratzen ariketa hori; nola lortu duzu efektu hori?…”), elkarri laguntzea (“Egizu hau; ez, hori beste botoi horretan daukazu…”), elkar zaintzea (“Halako ez dator gaur? Arraroa da… Zer gertatu ote zaio”). Bideokonferentzietan nola jardun ere ikasi behar izan dugu, zer erremedio: hizketa-txandak errespetatzen, elkar ez zapaltzen, beste batentzako ziren azalpenak adi entzuten…

Teknologiaz baliatu ez bagina beste era bateko eskolak izango ziren: ez hain dinamikoak, monotonoagoak, irakaslearengan zentratuagoak… Eta gure arteko diskusiorik gabe pasatuko ziren (“ezetz, hori ez; honela egiteko!”, nik askotan), baina harremanik ere ez genuen berdin lotuko, gozotasunik ere nekez transmitituko genion elkarri, klaserako gogoa ere itzaltzen joango zen agian…

Komunikazioa giltzarri

Teknologiaren aurrerabide eta baliabide guztiak, baina, komunikazioaren zerbitzurako tresna besterik ez dira. Kideekin egiten eta garatzen ditugun harremanek bizi gaituzte. Harremanei esker gara sozialak; sozial izaera horrek bultzatu eta “behartzen” gaitu komunitate(eta)ko bizitzaren parte izatera. Etxealdiko hilabete hauetan, bakardadea eta elkartasuna ere inoiz baino ozenago agertu zaizkigu azalera; ez bata ez bestea ez dira berez konpontzekoak teknologia edukitze hutsez. Komunikazioa da harremanetan giltzarri; teknologiarekin edo barik.

Bigarren lauhileko honetan ikasleekin izan dugun harremanak markatu du eskolen martxa. Geuretik eman ezean zaila dugu irakasleok ikasle motibatuak aukitzea; batzuetan, nahi eta ezinean ere ibiltzen gara, egia da. Beti ez dugu asmatzen gure estrategia didaktikoetan.

Esperientzia honetan izugarri mesedegarria izan zaigu BBC tresna; denbora errealean eta elkar ikusiz hitz egiteak ez du parekorik komunikazioan. Nahiago genukeen aurrez aurreko komunikazioa izatea, mediatizatua izan ordez. Hala ere, zuzeneko eta bat-bateko eskolak izateak eman dio taldeari bizitasuna. Eta bizipoza.

Ikasteko adinik ez dago. Esperientzia geletara doazen ikasleek ez dute adinik, ikasteko grina baizik. Haiekin gaudenean, ikasteko aukera paregabea zabaltzen zaigu. Pandemia izugarri honek adinekoengan jo du gogorren, eta asko eraman ditu. Baina ez ditzagun gure irudimenetik ere kendu; ez ditzagun ikasgeletatik kendu. Eurentzat eskubidea da, eta guretzat, ikasbidea.

Hamabiko taldea osatu dugu aurten: Eugeni, Horten, Ines, Izaskun, Josean, Juanan, Laura, Mila, Martin A., Martin G., Pedro eta ni neu. Fernando ere taldean genuen, baina lehenago utzi gintuen hark: minbizi malapartatu batek eraman zuen, ustekabean.

Ez daukat nahikoa hitz azaltzeko euren jarrerarekin erakutsi didaten guztia. Gaitz larri honek jarri gaituen atakan, bizitzari aurre egin behar zaiola eta lanean segitzeko animoari heldu behar diogula ikustea eta ikastea: hori bai ikaskuntza!