euskaraespañol

Kepa Altonaga

Letra-juntatzaile baten nekeak

Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 15/07/2021

Kepa Altonaga
Kepa Altonaga. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Biziki maite dut Stephen Jay Gould zenaren zientzia-dibulgazioa ulertu eta idazteko manera. Haren hitzetan, «saiakera zientifikoa literatur generoa da, ttipia, baina zahar eta ohoragarria». Bere laburrean garrantzi handikotzat daukat aurreko esaldi hori, gogorarazten baitigu literarioa izan daitekeela prosa zientifikoa, edo bai behintzat saiakera zientifikoa. Hau da, prosa zientifikotik abiatuta benetako literatura egitera irits gaitezkeela diosku Gouldek, eta izan ere, beraren kasuan horrelaxe gertatu dela onartu ohi da, eta, izatez, hainbat errekonozimendu eta sari irabazi zituen bere liburuekin.

‘Natural History’ aldizkariaren hileroko ‘This View of Life’ bere sailerako, Gouldek eboluzioari buruzko ia-ia edozein gai jorratzen zizun, baina bere azalpenetarako ez zuen jotzen eraso zuzenera. Haren ustez ez da hori izaten biderik egokiena. Orokortasunak eta kontzeptu abstraktuak ondo azaltzeko ilustraziorik hoberena, Goulden iritziz, adibide sinpleenetan datza, hori bai, baldin-eta adibideak ondo aukeratuta badaude eta ganoraz dokumentatuta, halatan non, mamia ulertzeko egon daitezkeen oztopoak inguru-minguruka gaindituko baitira irakurketan zehar, konturatu barik ia. Halandaze, Gould batzuetan pasadizo arrunt eta xumeren batetik hasten zen, bestetzuetan bere bizitzaren gorabeheraren batetik, edota, sarri askotan, alde humanistikotik jotzen zuen bere saioak hariltzeko.

Nik neuk idazgaia aukeratzeko, baldintza bi-edo egoten dira. Batetik, idatzita aurkitzea gustatuko litzaizkidakeen kontuak izatea, hau da, gogoz baino gogozago irakurriko nituzkeenak. Ez dago esan beharrik, atsegin osoz ekingo nioke Goulden ‘Bai bizi zoragarria!’ edo David Quammen-en ‘The Song of the Dodo’ idazteari. Baina dagoenekoz, eta zorionez, argitaratuta egoteaz gainera, norberaren gaitasuna kamutsegia da horrelako maisu-lanei ekiteko. Zeren ez baita bakarrik zer gurako genukeen, badago-eta bigarren baldintza bat: noraino irits naitekeen, hau da, norberaren mugak eta limitazioak. Eta horrek bai ixten duela nire aukera-esparrua: soilik hartzen ditut ezagun ditudan gaiak. Ezpabere ez nabil eroso. Izatez, idazketa bera bada nahikoa nekosoa, gainera hanka sartzen ari zarela gogotik ezin kenduz ibiltzeko, laprastada non egingo duzunaren beldurra aldetik uxatu ezinik aritzeko. Etorria agortzen dit intseguritateak.

Baldintza bi horiek daude abiapuntuan. Eta behin eta gai posiblea erabaki ostean, orduan dokumentazioarena dator. Ideiak eta gaiak onak eta erakargarriak izan daitezke buruan bueltaka, baina paperera ekartzeko substantziatu behar dira, ganoraz elikatu. Horrek idazketa aurreko lana dakar, nire iritzirako prozesu osoan gogokoena dena, izan ere, hasierako ideia itxuratuz joango da bibliografiarekin kontrastatzean, eta, areago, aldez aurretik pentsatubako bestelako meandroak agertuko dira isurian, gehienetan aberasgarri suertatzen zaizkizunak. Iturri bibliografikoen bilaketa oso atsegina izaten da gehienetan, nahiz eta ez izan, jakina, Nilo ibaiaren iturrien bilaketa bezain zirraragarria.

Baina nork irakurriko du gure idazlana, nor dugu buruan idazketa-fasean gaudela? Irakurle-motaren bat edukitzen dugu gogoan. Nik neuk unibertsitate-mailakoa daukat begien aurrean, natur zientziak eta historia eta literatura gustukoak dituena, eta denetarik leitzen duena. Hau da, nire testuetan atseginez eta eroso ibiliko den irakurzalea bilatzen dut. Badakit oso lagun gutxirentzat aritu naizena, baina hain zuzen horixe jakiteak askatasuna damait nahi beste libertate eta lizentzia hartzeko, dela gaien trataeran, dela erabilitako euskaran. Nolanahi ere –eta Jean Saint-Pierre, Anxuberro plagiatuz– xedea dateke gaiaren hazkurria eta mamia apaldu gabe, ahamentzea, mokadutan txikertzea; ttipitu gabe, xehatu eta zehaztea; ahuldu gabe, esnetu eta beratzea.

Premisa horietan funtsatu da nire ‘Iridioaren mintzoa. Meteoritoa eta dinosauroen akabantza’, zeinean, tituluak iradokitzen digunaz gainera, metodo zientifikoaren izaeraz baitihardut, eta harira dakartzat makina bat kontzeptu –hala nola, kontrobertsia, kontingentzia, kontsilientzia, emergentzia, faltsabilitatea eta beste hainbat– modurik  mamurtuenean, irakurleak aparteko traba barik ulertu eta irents ditzan.

Irakurlea gogoa dilindan iraunarazi eta abduzitzeko, esan gabe doa, oso munta handikoa izaten da bilbatuko duzun estrategia narratiboa. Nikolas Alzola ‘Bitaño’ idazleaz baliatu naiz horretarako.

Bitaño idazle izurtzarrak esandakoaren kontra, ez zegoen euskaldunik Hiroshimako bonba atomikoa jaurti zuten B-29en eskifaietan. Euskaldunik ez, baina bai egon zen bonbaren gibelondoak aztertu zituen zientzialari ospetsu bat, gerora 1968an Fisikako Nobel saria irabaziko zuena eta 1980an plazaratuko zuena meteorito-inpaktuaren hipotesia, zeinak piztu baitzuen gaur arte dirauen kontrobertsia zientifikoa: meteorito batek suntsitu omen zituen dinosauroak orain dela 65 milioi urte.

Iridio elementu kimikoaren kontzentrazio anomalo batean oinarrituta dagoen arren, hipotesia oso sinplea da ulertzeko. Puntu bi ditu. Lehenaren arabera, meteorito gigaerraldoi batek jo zuen Lurra. Bigarrenak dioenez, inpaktu osteko ingurune-baldintza gaiztoek eragin zuten suntsipen masiboa, supituki. Paleontologoen iritziz ostera, dinosauroak ordurako suntsituta zeuden, milioika urteko gainbehera gradual baten ondotik.

Ardatz horren inguruan txirikordatu dut ‘Iridioaren mintzoa. Meteoritoa eta dinosauroen akabantza’, baina gure koordenatuetara, gure parametroetara ekarri ditut kontakizuna eta gogoeta. Aixerrotako amilburuetatik abiatuta, ahalegindu naiz irakurlea era kilikor batean eramaten hara eta hona denboran eta espazioan: aukera du txonbo egiteko liburuaren orrialdeetan, Domingo Agirrek Algorriko ur meteoritikoetan bezala!