euskaraespañol

UPV/EHUk ia bost milioi euro bideratuko ditu prestakuntza bidean dauden ikertzaileen kontratuetara

Iñigo Urrutia, Administrazio Zuzenbideko irakaslea, Aldezle izateko hautagai bakarra

Fecha de primera publicación: 11/05/2017

Imagen

Gaurko Gobernu Kontseiluan hiru deialdi berri onartu ondoren, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak ia bost milioiko ekarpena egin du prestakuntza bidean dauden ikertzaileen kontratuetarako.

Euskal Herriko Unibertsitateak, EAEko ikerketa zentro nagusia den aldetik, unibertsitateko tituludunak ikerketan prestatzeko erantzukizuna du. Hori dela eta, doktorego tesiak egitea sustatzen du, eta, horretarako, urtero ikertzaileak prestatzeko deialdi bat argitaratzen du.

Helburu horrekin, hiru laguntza modalitate jarri dira abian: 1) prestakuntza bidean dauden doktorego aurreko ikertzaileen kontratazio orokorra; 2) prestakuntza bidean dauden doktorego aurreko ikertzaileen kontratazioa, doktorego tesia euskaraz egin dezaten; eta 3) ikertzaileak UPV/EHUn eta IDEX Bordeaux (Initiative d'excellence de l'Université de Bordeaux) osatzen duten unibertsitateetan tutorekidetzan prestatzeko kontratazioa.
Lehenengo eta hirugarren modalitateetarako, 4,4 milioi euro jarriko ditu Ikerketaren arloko Errektoreordetzak, Eusko Jaurlaritzarekin egindako programa kontratuan esleitutako finantziaziotik. Bigarren modalitaterako, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak 566.000 euro jarriko ditu, horiek ere, programa kontratutik.

José Luis Martín Ikerketaren arloko errektoreordearen iritziz, egungo gizartean doktoreak ezinbestekoak dira ekoizpen eta gizarte sarean, eta, horregatik, unibertsitateak doktoreak prestatu behar ditu eta ahaleginak egin behar ditu prestakuntza hori jakintzan eta berrikuntzan aurrera doan gizarteari egokitzeko. Errektoreordearen ustez, gainera, doktoregoko ikasketek, karrera akademikorako prestatzeaz gain, enpresetan, gizarte erakundeetan eta administrazio publikoetan langile gaituak sartzeko aukera ematen dute.

Deialdi berri honekin, dagoeneko 8,5 milioitik gora jarri ditu UPV/EHUk ikerketako deialdietarako urte hasieratik hona, helburu hauek lortzeko: defendatutako doktorego tesien kalitatea hobetzea; irakasle-ikertzaile gazteei laguntza ematea, belaunaldi aldaketa bermatzeko; eta ikerketa sustatzea jakintza arlo guztietan.

Aldezle izateko hautagaitza

Bestalde, Iñigo Urrutiak Aldezle izateko aurkeztutako hautagaitza onartu du Gobernu Kontseiluak aldeko 35 botorekin, bost abstentziorekin eta kontrako botorik gabe.  Aldezlea, unibertsitateko arartekoa, erakunde burujabe eta inpartziala da eta bide alternatiboak bultzatuko ditu, aurkakoak izango ez direnak, unibertsitateko jarduera guztiekin zerikusia duten arazoak eta gatazkak ebazteko. Gobernu Kontseiluari dagokio, gehiengo osoz, aldezle izateko hautagaia proposatzea, Klaustroak aukera dezan. Agintaldia bost urtekoa izango da, eta berriro aukeratu ahal izango da. Aukeratua izateko, beharrezkoa izango da Klaustroko bileran dauden kideen bi herenek aldeko botoa ematea. Iñigo Urrutia Aldezle aukeratzeko Klaustroaren ezohiko bilera maiatzaren 23an egingo da.

Iñigo Urrutia Libarona (Maruri-Jatabe, 1966) Zuzenbideko doktorea da, eta Administrazio Zuzenbideko irakasle agregatua UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Bere ibilbidean sakon aztertu ditu pertsonen eskubideak, baita eskubideon babesa, bermea eta garapena ere, eta oso ondo ezagutzen ditu administrazioaren jardunbidea eta prozedurak, bereziki, diskrezionalitatea kontrolatzeko bideak eta administrazioaren jardunaren legezkotasuna. Gestio karguak izan ditu unibertsitatean, eta, besteak beste, Bizkaiko Campuseko idazkaria izan da (2011-2017). Hain bat artikulu zientifiko idatzi ditu administrazio zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen inguruan, arreta berezia jarrita hezkuntzarako oinarrizko eskubideari, hizkuntza eskubideei eta gutxiengoen eskubideei, baita ekonomiako esku hartze publikoaren eta bioteknologia eta ingurumen zuzenbidearen inguruan ere. Hogeita bat libururen eta 56 kapituluren egile, egilekide edo editorea izan da.

2017/2018 ikasturterako berezko tituluen eskaintza
Azkenik, Gobernu Kontseiluak 2017/2018 ikasturterako graduondoko berezko tituluen eskaintza onartu du. Eskainiko diren 40 tituluen artean, bederatzi titulu berri daude, besteak beste, honako hauek: ingelesez emango den "Offshore Renewable Energy" berezko masterra (itsas energia berriztagarrien ingurukoa), 60 ECTS kreditukoa; "Dronen Pilotatzea eta Airetiko Ikus-entzunezko Grabazioa" berezko masterra (64 ECTS); "Ilustrazio Zientifikoa" unibertsitateko espezialista titulua (40 ECTS); "Bideojokoen Programazioa" unibertsitateko espezialista titulua (53 ECTS); eta "Komunitate, Hiri eta Politika Eraldaketa Haurren Autonomia eta Parte-Hartzearen Bitartez. Francesco Tonucciren "la citta del bambini" Nazioarteko Proposamena" unibertsitateko espezialista titulua.
Berezko tituluak unibertsitateak berak antolatutako ikasketak dira, gizartearen eskakizunei erantzun arina eta malgua emateko sortuak. Hortaz, espezializazio handiko titulazioak dira, lanbide orientazio argia dutenak. UPV/EHUko berezko tituluetan izena emateko epea maiatzaren 29an hasiko da.