euskaraespañol

Imagen del día

Kepa Sarasola Gabiola eta Ana Zelaia Jauregi

Unibertsitatean ditugun “wiki-aukerak”

Informatika Fakultateko irakasleak

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 22/09/2022

Kepa Sarasola Gabiola eta Ana Zelaia Jauregi
Kepa Sarasola Gabiola eta Ana Zelaia Jauregi | Foto: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Wikipedia oinarrizko baliabide bihurtu zaigu eguneroko bizitzan. Maiz, zalantza bat sortzen zaigunean, Wikipediara jotzen dugu erantzun bila. Lagunarteko eztabaidak ere sarri horrela argitzen ditugu: “Zer dio Wikipediak?”. Alor akademikoan ere oinarrizko baliabide bihurtu da. Unibertsitatean ikasleek maiz jotzen dute Wikipediara ikasgelan landutako gaiei buruzko informazio edo erreferentzia bibliografiko bila. Bertan idatzita dagoena garrantzitsua dela sentitzen dugu, eta kontsultatzen dugu.

Egia esan, oso eskura daukagun entziklopedia da. Interneten pertsona, toki, erakunde edo kontzeptu bat bilatzen dugunean, kasu gehienetan lehen 3-5 emaitzen artean Wikipediako artikulua erakusten zaigu, definituta badago, noski. Gaur egun, 38 milioi artikulu ditu, 324 hizkuntzatan eta munduko 6. webgune bisitatuena da. Beraz, esan dezakegu Interneteko bilatzaile horiek eta publiko orokorrak Wikipediari sinesgarritasun handia ematen diotela. Jakina, alde nabarmena dago hizkuntza desberdinetako wikipedien artean.

Funtzio entziklopedikoa betetzeaz gain, hizkuntzek mundu mailan duten sendotasuna neurtzeko irizpide moduan “Wikipedian duten tamaina” erabiltzen da. Zenbatgarrena da euskara munduko hizkuntzen sailkapenean? Azken urteotan Euskarazko Wikipedia nabarmen hobetu da, artikuluen kantitatea eta kalitatea igo dira, eta hizkuntzen ranking horretan oso postu onean kokatuta dago, euskal hiztun kopurua kontuan izanik. Baina ranking-az haratago, erabiltzaileok ikusi dugu, Interneten informazioa euskaraz bilatzen dugunean, gero eta informazio gehiago eta txukunagoa aurkitzen dugula, eta horrek mundu digitalean ere euskaraz bizitzera animatzen gaitu, hizkuntzaren erabilera sustatuz. Euskara bezalako hizkuntza txiki eta gutxituentzat sekulako aukera da hori.

Bestalde, hizkuntzaren teknologiaren ikuspuntutik, Wikipediako edukiak (testuak, datuak, etab.) tresnak garatzeko erabil daitezke, esaterako, Interneteko bilatzaileak, itzulpen automatikorako tresnak edo elkarrizketetan galderak modu automatikoan erantzuteko sistemak. BERTeus eta IXAmBERT hizkuntza-eredu eleaniztun arrakastatsuak sortzeko, adibidez, Euskal Wikipediako testu osoa erabili da, Berria, Argia eta Tokikom aldizkarietako testuekin batera.

Gainera, berri samar den “Humanitate Digitalak” arloan Wikipediako edukiak abiapuntu oso lagungarriak izaten dira ikerketan. Wikidata-ko datuak eta Wikimedia Commons-eko argazkiak ere bai.

Wikipedia garatzeko unibertsitateen ardura

Internetera konektatuta dagoen edonork edita ditzake Wikipediako artikuluak. Wikilari direla esaten da, boluntarioak izan ohi dira eta modu kolaboratiboan egiten dute lan. Apurka-apurka, edukiak zabaltzen doaz. Duela 10 urte, maila oso orokorreko kontzeptuak bakarrik definitzen baziren ere, gero eta gehiago dira unibertsitate mailako artikuluak; ezagutzaren erakusleiho aparta da.

Unibertsitateen zeregin nagusietako bat ezagutza zabaltzea dela kontuan izanik, haien gain hartu beharko lukete Wikipedia sendo garatzearen ardura. Euskal Herriko Unibertsitateak Iparragirreren “Eman ta zabal zazu” esaldi sonatuarekin ezagutza zabaltzearen garrantzia agerian jartzen du eta bat dator Wikipedia entziklopedia askearen helburuarekin: “munduko ezagutza oro gizaki guztien eskura jartzea”. Unibertsitatearen eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko (EWKEko) kideen arteko elkarlana funtsezkoa izaten ari da Euskarazko Wikipedia handitzeko eta hobetzeko. Hala ere, artikulu bikainekin batera, oraindik badira nahiko kaskarrak direnak ere. Epe erdira, unibertsitateen inplikazioak handiagoa beharko luke izan, jakintza arlo guztiak Wikipedia erakusleihoan merezi duten kalitatez ager daitezen, fakultateetan eta sailetan egiten den lana gizarte mailan dibulgatuz.

Izan ere, Wikipedia oso tresna baliagarria da unibertsitateko ikasleekin lan egiteko. Artikuluak idatziz edukiak lantzen dituzte, hizkuntza lantzen dute eta lan kolaboratiboa egiten dute. Betidanik Wikipedia-kontsumitzaile izan diren ikasleak aktibo bihurtzen dira orain, sortzaile-paperean jarriz. Era berean graduko ikasketei proiekzio soziala ematen zaie, euskararen garapenean lagunduz.

UPV/EHUn eta Informatika Fakultatean egiten duguna

EHU-Wikipedia proiektuaren bidez gauzatzen da UPV/EHUren eta Euskal Wikilarien arteko elkarlana. 2016tik artikulu dezente landu dira. Informatika Fakultatean, adibidez, 300 ikasle inguruk hartu dute parte proiektuan eta 200 artikulu inguru landu dira, horietako asko berriak. Fakultateko 10 irakasle inguru aritu dira ikasleen lana tutorizatzen, horien ardura da ekarpenen kalitate minimoa bermatzea. Artikuluen edizioari buruzko ikastaroa emateko eta edozein arazo teknikorekin laguntzeko EWKEko 4 kide aritu dira lanean. Ikasleei 25 orduko lana eskatzen zaie. Trukean, egindako lana aitortzen duen ziurtagiria ematen zaie eta horrekin aukera askeko kreditu bat lor dezakete.

Artikuluak editatzeaz gain, Informatika Fakultatean bestelako lanak ere egiten ditugu ikasleekin. Izan ere, konputagailuen programazioa lantzeko aukera ederrak badira: artikuluen edizioa modu masiboan egitea programen bidez, aplikazio informatikoak sortzea, Wikidatatik jasotako datuekin grafikoak eta mapak sortzea, edo Wikidata bera elikatzea datu berriekin.

Zure fakultatea ere wikilari

Une honetan 15 fakultate gaude martxan hiru campusetan. Zurean ere hastera eta martxan dauden proiektuetan parte-hartzera animatzen zaitugu. Gurean egiteke ditugunak koordinatzeko Informatika Wikiproiektua sortu dugu.

Unibertsitateei eskatzen diegu Wikipediaren proiektua balioan jar dezaten. Tutorizazio-lanari merezi duen balioa aitortzea garrantzitsua da, irakasle gehiagoren inplikazioa lortzeko.

 

Erreferentziak:

(Artikulu hau CC-BY-SA lizentziarekin argitaratzen da. Berrerabili testua, egileak aipatuta eta CC-BY-SA lizentziarekin).