Maider Azanza Sesé eta Laura Vozmediano Sanz

Zure mugikorrak hiri seguruagoak eraikitzen lagun dezake

Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 11/02/2021

Laura Vozmediano Sanz y Maider Azanza Sesé
Laura Vozmediano Sanz y Maider Azanza Sesé. Foto: UPV/EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Toki batetik bestera oinez mugitzera goazen bakoitzean hainbat erabaki hartzen ditugu, konturatzen ez bagara ere. Lanera bagoaz litekeena da bide laburrena aukeratzea, sarritan berandu goaz eta. Baina, aldiz, etxera bueltan bagatoz, baliteke bi kale urrunago dagoen fruta dendatik pasa nahi izatea adibidez, garai honetan sagar ederrak izan ohi dituzte eta.

Erabaki hauek bakoitzaren egoerarekin zerikusia izan dezakete aurreko adibideetan bezala, baina askotan ingurunearekin ere erlazionatuta daude. Lanean egun txar bat izan ondoren parketik buelta bat ematea erabaki dezakegu etxera bueltatu baino lehen edo, lagun batekin eztabaida bat izan eta gero, itsasora inguratzea burua argitu eta lasaitzeko.

Beraz, inguruneak gure sentimendu eta erabakietan eragina du. Zehatzago, eragina duena ingurune hori bakoitzak nola antzematen dugun da, denok ez baitugu ingurune bera berdin atzematen. Bakoitzaren pertzepzio horien artean indartsuetako bat gure segurtasunarena da. Egunez hain erakargarria iruditu zaigun parke hori, litekeena da gauez ekiditea seguru sentitzen ez garelako. Era berean, sarritan bide luzeago batetik joatea erabakitzen dugu, bide laburrenetik joaz seguru sentitzen ez garelako. Edo, baliteke oinez egin behar genuen ibilbidea bertan behera uztea. Zenbatek, gauez lagunekin poteoan ibili ondoren ez ote dugu taxi bat hartu, etxera oinez bueltatzeko seguru sentitzen ez ginelako? Kasurik okerrenetan seguru ez sentitze honek pertsona etxetik ateratzera ez ausartzea eragin dezake, horrek bere ongizatean izan ditzakeen ondorioekin.

Orain arte norberaren sentimendu eta erabakietan zentratu gara, baina segurtasun pertzepzioa norberaren esparrutik ateratzen den zerbait da, gizarte mailara zabalduz. Biztanleriak zonalde bat ekiditen badu horrek eragina izan dezake bertako etxebizitzen prezioan, enpresen erabakietan eta baita bertako merkataritzan ere. Sorgin-gurpil bat sortzen da gainera, biztanleriak zonaldea ez segurutzat jotzen badu, geroz eta jende gutxiago pasako da bertatik, horrela segurtasun falta sentimendua areagotuz. Honetaz gain, biztanleria ez bada hiritik oinez ibiltzeko seguru sentitzen garraio pribatuak gehiago erabiliko ditu, kutsadura gehiago sortuz eta osasunerako onuragarria den portaera bat alde batera utziz. Honek presioa handitzen du osasun sisteman.

Hau horrela, segurtasun pertzepzioa azken hamarkadetan asko aztertu den gai bat da, batez ere, gizarte zientzietan. Arazoa da ez dela era zehatz batean eta bere testuinguruarekin lotuta neurtzen erraza. Pertsona talde bat toki batera daramagu bere pertzepzioa jasotzeko?  Toki hori desberdina izango gauez eta egunez eta pertsonak ez daude bere bizitza errealeko egoera batean, bere pertzepzioek ez dute zerikusirik izango. Horrelako ikerketak garestiak dira gainera. Ohikoena pertsona talde bati espazio publikoan izan dituzten segurtasun edo beldur esperientzien inguruko galdetegi bat egitea da, ahal den heinean taldea populazioaren lagin adierazgarri bat delarik. Baina aukera honek ere bere arazoak ditu, galdetegien fidagarritasuna eta gure oroitzapenen zehaztasun eza adibidez. Honela, azken finean gure segurtasun esperientzien balorazio global bat egingo dugu eta horrek ez du beldurra non eta noiz sentitu genuen eta horren arabera zer egin genuen ondo ulertzea baimentzen.

Nola lortu segurtasuna (edo segurtasun eza) sentitzen dugun momentu eta ingurunean neurtzea? Hau da Psikologia Fakultate eta Informatika Fakultatetik gure buruari egin genion galdera, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mikel Villamañe irakaslearekin batera. Erantzuna gure sakelan dago. Gaur egun ia denok baitaramagu telefono adimendun bat gainean. Telefonorako aplikazio bat sortuz, edonork eman dezake bere segurtasun sentimenduaren berri, gertatzen den momentu eta ingurunean, era erraz batean.

Behar dugun sistemak bi zati izango ditu. Alde batetik mugikorrerako aplikazioa izango dugu, non biztanleriak bere pertzepzioaren berri eman dezakeen galdetegi labur bati erantzunez. Erantzunak beti izango dira anonimoak, pertsonari adina, generoa eta udalerria bakarrik eskatuko zaizkiolarik. Beste alde batetik web aplikazio bat egongo da, non Psikologia Fakultateko ikertzaileek galdetegi desberdinak definitu ditzaketen eta erabiltzaileek emandako erantzunak aztertu ditzaketen. Galdetegiak aztertu nahi denaren arabera aldatu daitezke, galderak eguneko orduaren arabera edo pertsonaren generoaren arabera aldatu daitezkeelarik, gau eta egunez edo generoaren arabera eragina izan ditzaketen faktoreak aztertu ahal izateko.

Eskema honi jarraituz azken urteetan bi aplikazio sortu ditugu gai honen inguruan. Aplikazio hauek Bilboko Ingeniaritza Eskolan garatutako bi gradu amaierako lan izan dira. Lan hauen emaitza bezala, segurtasun pertzepzioaren neurketari buruz goian aipatutako arazoei aurre egiten dizkieten bi sistema sortu zituzten Dei Royo eta David Puertok, hurrenez hurren.

‘City4All’ aplikazioak pertsona batek une konkretu batean bere segurtasun pertzepzioaren berri ematea baimentzen du, galdetegi labur bati erantzunez. Gainera, nahi izanez gero, sentimendu hori sortu dion inguruneko argazki bat igo dezake. Baina gerta daiteke seguru sentitzen ez garen toki batean mugikorra atera nahi ez izatea. Horretarako aplikazioak aurretik gertatutako egoera baten informazioa sartzea baimentzen du, baldin eta 24 ordu baino gehiago pasa ez badira oroitzapenak aldaketarik jasan ez dezan.

‘Walking Capturer’ aplikazioaren helburua, aldiz, pertsonak oinez egindako ibilbideak eta bide horren aukeraketan eragina izan duten faktoreak aztertzea da. Aplikazioak pertsonak egunean zehar oinez egindako ibilbideak gordeko ditu eta aurrez ezarritako orduan bide horietako bati buruz galdetegi labur bat betetzea eskatuko dio pertsonari.

Horrelako aplikazioek biztanleriaren segurtasun pertzepzio eta erabaki hartzearen inguruko informazio baliotsua eman dezakete, horrela guztiok seguru sentitzen ditugun hiriak sortzen lagunduz.