euskaraespañol

“Ezinbesteko balioa da memoria, kultura demokratikoak gure gizartean oinarri irmoak izan ditzan”

‘1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa’ erakusketa ireki du gaur UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan Gipuzkoako diputatu nagusiak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/20

Irudia
Markel Olano eta Txelo Ruiz erakusketaren bisitan. Argazkia: UPV/EHU

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, “memoriaren balioa” azpimarratu du gaur eta euskal gizartean “kultura politiko demokratikoa” sendotzen jarraitzeko “ezinbestekoa” dela ohartarazi du, '1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa' erakusketaren irekieran. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 26ra bitartean, gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta Euskadiren  hurbileko historian izan zuen eragina azalduko du egitasmo honek, UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian.

Aurten 50 urte beteko ditu Burgoseko Prozesuak eta, urtemuga horretatik abiatuz, erakusketa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Euskal Herriaren hurbileko historiari eta lurraldean izandako giza eskubideen urraketei buruzko memoria bultzatzeko ahaleginaren testuinguruan. Diputatu nagusiarekin batera irekieran izan dira, besteak beste, Txelo Ruiz, UPV/EHUko Ikasle eta Enplegagarritasun arloko errektoreordea; Ion Gambra, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria; eta Javi Buces, Aranzadiko ikerlaria eta erakusketaren komisarioa.

Diputatu nagusiak gogoan izan ditu, irekieran, 1970. urte hartan Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan Gipuzkoan hil ziren hiru pertsonak –Roberto Pérez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza–, zeinak erregimenaren poliziaren eskuetan hil ziren. “Ez dira oso kasu ezagunak, baina gertaera tristeak dira, oso”, eta biktima horiek merezi duten “memoria” nabarmendu du.

Erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. Garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko emango ditu argitara.

Astelehenetik ostiralera zabalik egongo da, 9.00etatik 20.30era, UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, eta sarrera doakoa izango da.