euskaraespañol

Kirurgia Lehen Errenazimentuko mirarietako batentzat

UPV/EHUko ikertalde batek deskubritu du nitrato gatzen afekzioek kaltetzen dituztela Valentziako katedraleko Aingeru Musikarien freskoak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/07

Irudia
Nagore Prieto, Ilaria Costantini, Idoia Etxebarria, Jennifer Huidobro eta Javier Catalá. Argazkia: Nagore Prieto. UPV/EHU.

Lehen Errenazimentuko mirarietako baten narriadura ikertzen laguntzen ari da UPV/EHUko IBeA ikertaldea, hain zuzen ere, Valentziako katedraleko gangako Aingeru Musikariena, XV. mendean (1472) Napoliko Francesco Paganok eta Lombardiako Paolo de San Leocadiok sortutakoa. Munduko fresko errenazentista nabarmengarrienetakoak dira Kapera Sistinoaren aurretik sortutako margo garrantzitsu horiek.

Maisulan horietan agertu diren gatzei lehen azterketak eta laginketak egin dizkiete gero analisia egiteko, eta, Nagore Prieto Taboada UPV/EHUko IBeA taldeko ikertzaileak aurreratu duenez, Valentziako katedraleko Aingeru Musikarien freskoak nitrato gatzekin kaltetu izanaren arrazoiak bi dira: batetik, ur infiltrazioak eta, bestetik, gangaren betegarria (morteroa eta adreiluak) materia organikoz aberastu izana.

«Aukera egokia izan daiteke euskarria gatzgabetzea eta indartzea»

Prietoren ustez, arazoak konponbide zaila dauka, ez delako erraza uraren sarbidea aurkitzea, katedrala multzo arkitektoniko nahasia denez. Funtsezkoa izango litzateke, urak garraiatzen dituelako gatzak. “Ur gabe ez dago mugimendurik. Ezin dugu ahaztu gatzak betegarrian geratuko liratekeela eta, berriz ur pixka bat sartuz gero, berriro aktibatuko liratekeela. Gainera, gatzak hainbeste urtez zabaltzen eta materialarekin erreakzionatzen egon ondoren, betegarria nahiko barreiatuta dago. Zaharberritzaileek erabakiko dute zehazki nola jardun, baina euskarria gatzgabetzea eta indartzea aukera egokia izan daiteke”, esan du Nagore Prieto ikertzaileak.

Katedraleko freskoek gazitzeen eraginez jasandako narriadura maila kezkagarria da; batez ere, kontuan izanda 2004. urtean zaharberritzeko lanak egin zituztela. Hori dela eta, ikertzaileren arabera, “beharrezkoa da, kalteak konpondu ez ezik, kalteen sorburua aurkitzea ere, arazoa behin betiko konpondu ahal izateko”. Ildo horretan, paradigma aldaketa gertatzen ari da zaharberritze lanak egiteko moduan. Zientzia eta zaharberritzea konbinatzeari esker, datu zientifikoetan oinarritutako lanak gauzatzen hasi dira, eta “proba eta akats” metodologian oinarritutakoak baztertzen. “Arazo jakinetarako ekintza espezifikoak proposa daitezkeenez, lanak eraginkorragoak, ez hain agresiboak eta iraunkorragoak dira”, azaldu du Nagore Prieto ikertzaileak.

“Tresna espektroskopikoak baliatzen ditugu, hau da, materialetan erradiazioa sarrarazten dugu, hainbat modutan elkarreragin ondoren, gatzen osaketari buruzko informazio oso segurua izateko minutu gutxiren buruan. Gainera, ekipamenduak eramangarriak direnez, aztertu beharreko lekura eraman daitezke emaitzak in situ izateko. Bestalde, laginak bildu ditugu eta laborategian X izpi bidezko fluoreszentzia erabili dugu, oinarrizko informazioa ematen duen beste teknika espektroskopiko bat. Azkenik, kromatografia ionikoak esan digu zer motatako gatza den eta zenbat dagoen, materialen kalte maila estimatu ahal izateko”, adierazi du.

«Aurretiko ikerlanek 6 hilabete iraungo dute»

Aurretiko ikerlanek 6 hilabete iraungo dute. Horretarako, presbiterioaren barruan plataforma flotatzaile bat jarri dute, eta kanpoan, aldamioak eta estalki metaliko bat iragazketak aztertzeko.

UPV/EHUko IBeA ikertaldea Valentziako Unibertsitate Politeknikoko teknikariekin eta Catalá Restauradors zaharberritze enpresarekin batera ari da Valentziako katedraleko gangako Aingeru Musikarien fresko errenazentisten kalteak ikertzen.

IBeA taldea

IBeA ikertaldea (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko hainbat irakaslek osatzen dute. 1987az geroztik, enpresa eta erakunde askorekin aritu da ikertzen eta lankidetzan garapen eta berrikuntza analitikoaren hainbat arlotan. Besteak beste, Ponpeiako aztarnategi arkeologikoan, Goyaren margolanak zaharberritzen, Guggenheim museoan eta San Telmo museoan ari edo aritu dira.

Valentziako katedraleko kaliz santua

Valentziako katedrala turistek eta artezaleek bisitatu beharreko leku bat da, garrantzi historiko, arkitektoniko eta erlijioso handikoa baita. Gainera, kristautasunaren historiako objektu ospetsuenetako batzuk daude bertan, adibidez, Aragoiko tradizioak Grial Santutzat jotzen duen kaliza. Bai, hori da, Jesu Kristok Azken Afarian erabili zuen ontzia edo kopa katedral horretan dago. Kaliz horixe da Steven Spielbergen Indiana Jones eta Azken Gurutzada filmean ageri dena.