euskaraespañol

José Luis Granados Mateo

Nola izan “teknopertsona” maitagarri bat

Zientziaren Historia eta Filosofiako doktoregaia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/26

Irudia
José Luis Granados Mateo. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Garai batean, natura ingurune babesgabea zen, eta mehatxuz eta arriskuz betea zegoen. Halako zerbait gertatzen zaigu gaur egun parez pare dugun mundu gero eta hiperteknologikoagoarekin.

Gizakiek natura etxekotzeko egin dituzten ahaleginek izugarri areagotu dute teknologien konplexutasuna, eta horiek, paradoxikoki, gero eta urrutiago daude guregandik.

Informazio eta komunikazio teknologiei (IKT) esker, gero eta telefono mugikor indartsuagoak, merkeagoak eta erabiltzeko errazagoak ditugu. Baina baita gero eta eskuraezinagoak ere.

Aplikazio informatikoak oso konplexuak dira eta, maiz, erabiltzaileak ez daki benetan nola funtzionatzen duten eta zer gertatzen den haien barnean. Eta zenbat eta opakuagoak izan erabiltzailearentzat, orduan eta errazagoa izango da erabiltzea.

Teknologia digitalak hor daude: gure parean, artikulu hau irakurtzen dugun bitartean. Eta ez gizarteak eraldatzen bakarrik, baizik eta pertsona izateko modua gero eta gehiago baldintzatuz.

 

Izan ere, teknopertsonak gara

Pertsona fisikoak hirian bizi dira, bizitzak egunez egun garatzen dituzte eta, gehienak, gainera, pertsona juridikoak dira. Nolanahi ere, Javier Echeverría matematikari eta teknologiaren filosofoaren arabera, IKTak hedatzearekin batera gizakien beste modalitate bat agertu da: “teknopertsona” (ez da aurrekoarekin nahastu behar).

Teknopertsonak ez dira hezur-haragizkoak, eta ez dute nortasun agiririk edo bestelako objektu juridikorik. Informazio digitalez osatuta daude.

Nork bere burua ezagutzea erronka itzela zen. Bada, orain, nork bere teknopertsona ezagutzearen konplexutasuna gehitu behar diogu. Memoria organikoa ez bezala, memoria digitalaren informazio kopuru handia datu zentro ugaritan banatzen da planetaren luze-zabalean.

Pertsona bat herritar librea izan daiteke, baina teknopertsona den aldetik, bere eskubideak baldintzapean gera daitezke “atsegin dut” klikatzen duen aldiro, horren kudeaketaz arduratzen direnak Airearen jabeak badira: Google, Amazon, Apple, Facebook eta enparauak, mundua feudalismo berri halako batean murgilduta dutenak.

 

Nola gertatzen da alienazio teknologikoa?

Inork ez zuen eskatu IKTak agertzea eta modu honetara edo bestera eboluzionatzea. Hala ere, ematen du ezin dugula haiek gabe bizi.

Ematen du, gainera, teknologiok modu autonomoan eboluzionatzen dutela, botere bilaketa etengabean, mailukadaka.

Determinismo teknologiko” deritzon ideia horren aurrean, pentsa daiteke, baikor pentsatu ere, teknologiak gizakien bizitza halabeharrez hobetuko duela. Are transhumanismoan edo utopismo teknologikoaren beste edozein modalitatetan sinetsi ere.

Nolanahi ere, garapen teknologikoa ez da inoiz erraza izan. Datuak erauzteko eta ustiatzeko dinamikek, esate baterako, gure intimitatea inbaditzen dute, eta ia ez gara ohartu ere egiten. Garapen teknologikoaren gaineko kontrola gauzatzeko ezintasuna zabaldu egiten da, gure ohitura eta sinesmenak, bizitza ikusteko modua, konfiguratuz. Egungo sistema tekniko gehienetan nagusi den izaera alienatzailea da. José Ortega y Gasset filosofo espainiarrak Meditación de la técnica liburuan jada ohartarazi zuen hortaz.

Ildo horretatik, Miguel Ángel Quintanillak, Martín Parselisek eta beste filosofo batzuek teknologien maitagarrien garapena sustatzen dute, eta ez teknologia alienatzaileena; azken horiek, besteak beste, ez diete erabiltzaileei aukera ematen beren teknopertsonen “bihotzera” iristeko.

Teknologia maitagarriak gure eguneroko bizitzan hartu eta ulertu ez ezik, gure egin ditzakegu, kontrola ditzakegu –haiek gu kontrolatu ordez– eta haiek diseinatzen ere parte har dezakegu.

Gure nortasun digitala babestu eta kudeatu nahi badugu, erabiltzen ditugun plataformen garapenak egile horiek proposatu dituzten hamar printzipioak bete behar dituzte.

 

Teknologia maitagarrien dekalogoa

- Irekiak: ez dute erabili, kopiatu, aldatu eta banatzeko sarbide murriztapenik, teknologiaz bestelako irizpideek ezarritakorik.
- Balioaniztunak: gai dira hainbat helburu sistema tekniko bakar batean integratzeko edo beren eragileek edo erabiltzaileek bestelako erabilerak egitea ahalbidetzeko.
- Lantzen errazak: giza eragile baten mende daude sistemaren funtzionamendua, kontrola eta gelditzea.
- Mugatuak: teknologiek aurreikus daitezkeen ondorioak izan behar dituzte. Bestela, zuhurtasun-printzipioa aplikatu behar da.
- Itzulgarriak: aukera egon behar da sistema tekniko bat ezartzen den ingurune naturala edo soziala lehengoratzeko eta beste eragiketa alternatibo batzuk hasieratik birdiseinatzeko, behar bada. Ezin dugu mundua atzera bueltarik gabe aldatuko duen eta suntsi dezakeen proiektu teknologikorik egin.
- Berreskuragarriak: teknologiek hondakinak aktiboki mantentzeko eta berreskuratzeko aukera eman behar dute. Debekatu egin behar da zaharkitze programatua, eta hondakinak berreskuratu, mantendu, konpondu, kudeatu eta birziklatzeko eragiketak sartu behar dira sistema teknikoen diseinuan eta merkaturatzean.
- Ulergarriak: ezjakintasuna sortzen duten “kutxa beltzak” saihestu behar dira. Sistema teknikoa eta bere eragiketen eskuliburua diseinatzean, horren funtzionamendua ulergarria izatea eta horren osagarriak identifikatzeko modukoak izatea aintzat hartu behar da.
- Parte-hartzaileak: gizakien arteko elkarlana erraztu behar dute eta, alderdi sozialean, inklusiboak izan behar dute. Horretarako, konponbide instituzional egokiak antolatu behar dira, herritarrek aurrez definitutako eskaintza teknologiko bat onartzeko edo ukatzeko prozesuan parte har dezaten, bai eta eskura dauden teknologia aukeren inguruko eztabaidan parte har dezaten ere.
- Jasangarriak: aurreztea eta energia eta baliabideak birziklatzea ahalbidetu behar dute. Teknologiaren gaur egungo garapen mailak ez ditu mugatu behar etorkizunean garatzeko aukerak.
- Sozialki arduratsuak: teknologia berria ezartzeak ez dute okerragotu behar gizarte egoera ahuleneko kolektiboen egoera. Sortzen dituen baliabideak berdintasunez banatzea erraztu behar dute eta, edonola ere, beren ondorioek ez dute okerragotu behar gizarte egoera ahuleneko kolektiboen egoera.

Hamar irizpide horiek teknologiak sozialki ebaluatzeko balio dute. Erreferentziako adibide bat kode irekiko programak dira. Erabilgarriak, efizienteak eta errentagarriak izateaz gain, horien garapenak erabiltzaileen elkarlanean eta parte-hartzean oinarritzen dira.

Beraz, bi aukera ditugu: edo teknopertsona alienatuak sortzen dituen garapen teknologikoarekin konformatu edo, bestela, azken batean “teknopertsona maitagarriak” izatea sustatzen duten teknologiak garatzeko erantzukizunari heldu.

The Conversation