euskaraespañol

Inpaktua: gizartearekin eta gizartearentzat lan egiten

Enlight Aliantzak lehen Impact Conference egingo du Bizkaia Aretoan martxoaren 30 eta 31n

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/26

Irudia

ENLIGHT Impact Conference martxoaren 30ean eta 31n izango da, Bilbon, eta inpaktua neurtzeko diziplinan eta unibertsitate eremuan inpaktu-kultura bat sustatzen aditu ugari bilduko ditu. Ekitaldian ikerketako inpaktu-sariak emango dira; une honetan, hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago. Bestalde, UPV/EHUko unibertsitate-komunitateak izena eman dezake hitzaldira joateko.

UPV/EHUz gain, unibertsitate hauek dira ENLIGHTko kideak: Bordeleko unibertsitatea (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Comenius-Bratislava (Eslovakia), Tartu (Estonia), NUI Galway (Irlanda) eta Upsala (Suedia). Aliantzaren helburu nagusia hauxe da: unibertsitate-komunitateko kideak herritar global bihurtzea, hurrengo hamarkadetako erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko behar diren trebetasunak eta gaitasunak eskuratuz. Horretarako, garrantzitsua da jakitea abian jartzen diren ekimenek zein eragina duten gaitasuna trebetasun edo gaitasun horiek garatzeko; halaber, ekintza horiek pertsonen sinesmenak eta portaerak zein modutan aldatzen laguntzen duten neurtzen eta ebaluatzen da.

Inpaktua neurtzearen arloko oinarriei, metodologiei eta erronkei buruz hitz egiteko eta printzipio horrek bultzatutako prestakuntza-, ikerketa-, berrikuntza- eta gizarte-konpromisoko agenda komunak sustatzeko oztopoak eta aukerak aztertzeko, lehen ENLIGHT Impact Conference egingo da Bizkaia Aretoan. Aliantzaren bederatzi unibertsitateetako ehun aditu inguru bilduko ditu ekimenak, bai eta saretik kanpoko hainbat hizlari ere, goi-mailako hezkuntzaz bestelako esparruetan eragina neurtzearekin lotuta.

Konferentzian zehar, Ikerketan Inpaktuaren Saria lortu duten taldeak iragarriko dira. Ordutik aurrera eta datorren urtera arte, aliantzan eragina izango duten enbaxadoreen rola hartuko dute, ikerketa-lanean inpaktu-printzipioak txertatzearen garrantzia zabaltzeko.

Sari horietara aurkeztu nahi duten UPV/EHUko ikerketa-taldeek parte hartzeko interesa adierazi behar dute; ENLIGHT unibertsitate bakoitzak gehienez hiru proposamen izenda ditzake sarietarako hautagaitza ofizial gisa.