euskaraespañol

Haurdunaldian elikatzeko gida praktikoa

UPV/EHUren liburu honek tresna bat izan nahi du, etapa horretan elikadurak zenbateko garrantzia duen ulertzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/06

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Naroa Kajarabille Alfredo Fernández-Quintela, Asier Léniz, María Puy Portillo eta Iñaki Milton-Laskibar. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak ‘Guía prática de nutrición en el embarazo’ liburua argitaratu du. Liburuaren egileak María Puy Portillo, Alfredo Fernández-Quintela, Iñaki Milton-Laskibar, Naroa Kajarabille eta Asier Léniez izan dira, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak eta CIBEReko kideak, Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiaren arloan; CIBER Carlos III Osasun Institutuaren mendeko sareko Ikergune Biomediko bat da, Osakidetzako Arabako ESIrena ere badena.

Haurdunaldia etapa bereziki garrantzitsua da emakumeentzat eta haren ingurukoentzat. Etapa horretan ezin konta ahala aldaketa funtzional eta anatomiko ematen dira haurdun dagoen emakumearen gorputzean, umekia egoki garatzeko, erditzeko unea prestatzeko eta umekia umetokiz kanpoko bizitzara egoki moldatutako dela ziurtatzeko.

Haurdunaldian, nutrizio beharrak ere nabarmen areagotzen dira, haurdun ez dagoen emakume osasuntsu batekin alderatuz gero. Garrantzitsua da adieraztea elikagai batzuetan izandako gabezia txikiak nahiz gehiegikeriak lotuta egon daitezkeela umekiaren hainbat arazori, hasiera batean amarengan konplikaziorik sortzen ez badute ere. Beraz, haurdunaldiaren aurretik eta hark iraun bitartean sekulako garrantzia dauka elikadura zaintzeak, eragina izan dezakeelako umekiaren garapenean eta amaren osasunean.

Gida honek, beraz, tresna erabilgarri, praktiko eta erraz eskuratzeko moduko bat izan nahi du, haurdun dagoen emakumearen elikaduraren garrantzia ulertzeko, eta, horri begira, haurdunaldi osasuntsu baterako gomendioak biltzen ditu. Era berean, haurdunaldian nahiko arruntak diren zenbait konplikazio kudeatzeko eta prebenitzeko azalpenak eta gomendioak ematen dira. Hori bai, gida honek ez lituzke inondik ere ordezkatu beharko osasun langile batek haurdun dagoen emakume bati eman diezazkiokeen gomendio klinikoak.

 

Nutrizio gomendioak

Lehen aipatutakoaren harira, haurdunaldian areagotu egiten dira bai behar energetikoak, bai bitamina eta mineralen beharrak. Behar horiek asetzeko hainbat gomendio praktiko izan daitezke honako hauek:

Saihestu baraualdiak eta egin otordu guztiak.
Elikatu janari bariatuaz eta orekatuaz, eta mantendu ordutegi erregularrak.
Kontsumitu elikagai naturalak eta freskoak, prozesatuen eta/edo ontziratuen ordez.
Kontsumitu zuntz askoko elikagaiak, hala nola frutak, lekaleak, barazkiak eta zereal integralak.
Hartu 2-4 esneki errazio, egunean.
Hartu 3-4 haragi errazio, astean.
Hartu 3-4 arrain errazio, astean.
Hartu 2-4 arrautza, astean.
Hartu 2-4 fruitu lehor eskukada, astean, baina gehiegikeriarik egin gabe kaloria asko dituzte eta.
Erabili oliba olio birjin estra kozinatzeko eta platerak ontzeko. Azido oleikoa, E bitamina eta beste antioxidatzaile batzuk ere baditu. Egunean 3-6 koilarakada hartzea gomendatzen da.
Erabili gatz iodatua janaria prestatzeko.
Hidratatu ongi ura, infusioak, zopak edo saldak hartuta. Egunean bi litro ur inguru edatea gomendatzen da. Saihestu edari azukredunak, gasdunak eta zuku artifizialak.

 

Beste gomendio batzuk

Haurdunaldian ez da alkoholik, tabakorik eta kafeinarik kontsumitu behar, umekiaren garapenean gabeziak, prematuritatea, hazkundearen atzerapena eta kalte zerebralak eragin ditzaketelako; kasurik larrienetan, ume jaioberriak abstinentzia sintomak eduki ditzake.

Haurdunaldian jarduera fisikoa egiteari dagokionez, haurdun zeuden emakumeei ariketa fisikorik ez egitea gomendatu izan zaie denbora luzez, umearen osasunean konplikazioak izateko arriskua handitzeari lotzen zitzaiolako, modu okerrean lotu ere. Ostera, eta azken urteetan egindako azterlanen arabera, haurdun dauden emakume osasuntsuei ez die kalterik egiten ariketa suabe eta moderatua egiteak. Hortaz, haurdunaldian, ariketa fisikoa, onargarria izateaz gainera, haurdunaldi osasuntsu baterako faktore garrantzitsutzat identifikatu da.