euskaraespañol

In memoriam: Juan José Goiriena de Gandarias

Gure unibertsitateak behar zuen errektorea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/01

Irudia
Juan José Goiriena de Gandarias. Argazkia: Eusko Ikaskuntza.

Askotan esaten dugu, eta pentsatzen, gure bizia hari batetik dilindan dagoela. Haria noiz hautsiko den zain. Hari hori mehetzen dela pentsatzen dugu, adinak aurrera egin ahala, edo aski lodia dela, oraindik urte batzuk ikusten baditugu urrunera. Baina hariak bat-batean, mehea nahiz lodia izan, krak egiten du, eta dena amaitzen da.

Juanjo Goiriena de Gandariasen biziari eusten zion haria ere mehea zen aspalditik, eta ez nagusiki adinagatik. Bazeraman denbora luzea eritasuna gainetik ezin kendu, eta azkenean eritasunak egin du bere lana. Eta horretan, nire gogoak hiru hamarkada egin du atzera orain. Une ilun eta kezkagarri hartan (1992-1996) gidari bat behar zuen EHUk, ez nolanahikoa, eta Juanjo izan zen gidari egoki hori. Gure unibertsitateak behar zuen errektorea. Inoiz ere atzenduko ez dudan ohorea izan nuen berarekin lan egiteko. Ez nuen ikusten orduan, orain dela hogeita zortzi urte, gaur bezalako egun argitsu baino triste batean mahai honetan lerro hauek idazten egongo nintzela. Urte hauetan guztietan, hutsik egin gabe, abenduaren 31n, gaueko 10ak aldera, urtero hartzen nuen Juanjoren telefono deia urte berria zorionduz. Beti euskaraz, kosta egiten bazitzaion ere, aski herdoildua baitzuen hizkuntza.

Ez dakit saga bateko kidea zela esatea asko esatea den, baina egia da Goiriena de Gandarias deitura ezaguna zela urte haietan gizartean eta gure unibertsitatean ere. Gernikan sortua (1948), gogo ahalmen handiko gizona zen: batxilergoa zientzietatik egin zuen goizez eta, diotenez, arratsaldean bere kontura ikasten omen zituen letretako gaiak. Beti kirolarekin lotua, fama zuen txikitan Frantziako itzuliko txirrindularien sailkapena buruz emateko gai omen baitzen: lehenbizikotik azkenekora, edo azkenekotik lehenbizikora, nahi zen moduan. Gainerakoekin erkaturik, denbora erdia aski zuen zerbait irakurri edo entzun, eta buruan gelditzeko.

Bere ibilbide akademiko guztia matrikulaz betea da. Medikuntza ikasketak Salamancan egin zituen. Gero Oviedon eta Murtzian irakasten egon zen, eta azkenean EHUra etorri zen. Fisiologiako katedratikoa zen, eta bereziki kirol medikuntza landu zuen. Abertzale irekia politikoki, gizon itxia pertsona gisa. Argia eta zorrotza, hori bai. Biziki argia eta zorrotza. Eta jakituna, jakitun handia. Jarri edozein gai mahai gainean: berehala erantzuten zuen. Ez zion adimenaren memoriak huts egiten: ekonomia eta historia zituen maite, medikuntzako gaiez gain. Denetatik irakurtzen zuen, denetatik, eta asko. Bulegoan sartzen zinelarik, mahaia egunkariz betea ikusiko zenuen, hainbeste egunetako egunkariak, berriak eta zaharrak, eta liburuak. Zerbait galdetu eta paperezko sasi hartan hasiko zen behatzen, zuk nahi zenuena, eta berak eman nahi zizuna, aurkitu artio. Eta beti aurkitzen zuen: daturik isilena, txostenik ahaztuena... hantxe zegoen. Ikaragarria zen horretan. Holako lana zuen maite, ez zitzaion gustatzen egunkarietako argazkietan ateratzea. Beti bigarren lerroan. Behar zenean bakarrik lehenbizikoan.

Garai ilunean zegoen EHU klaustroak Juanjo Goiriena de Gandarias errektore aukeratu zuenean. Arrazoi anitzengatik. Horietako bat, sakona, diru kontuekin zegoen lotua. Ez zen diru faltagatik (hori ere): urte haietan diruaren kudeaketak hartua zuen joera zen arazo nagusia. Gobernuaren interbentzio baten atarian ginen. Orduko errektoreak unibertsitatea utzi eta kanpora joanik, hauteskundeak egin ziren eta Juanjok irabazi zituen, joera eta ikusmolde desberdineko talde batek inguraturik. Errektore berriak dena konpondu ez bazuen ere kontuak bide egokian jarri zituen azkenean. Oso argi zuen zer zen garrantzizko eta zer ez. Zer berehalakoa eta zerk itxaron zezakeen. Eta horren arabera antolatzen zuen lana, eta horren arabera eskatzen zigun lan egiteko: ikasketa berriak diseinatu ziren, euskarak indarra hartu zuen, udako ikastaroak, hirugarren adineko gelak sortu ziren, campusak bultzatu, idazkaritza nagusia antolatu, ... Ez du merezi hemen garai hartako lorpenez hitz egitea, hori ongi dokumentatua eta kontatua da dagoeneko. Distantziatik behaturik, uste dut lan handia eta sakona egin zela urte haietan. Behin eta berriz azpimarratzen zigun kontu bera: "Gure eginkizun nagusia da segurtatzea ikasleek eskolak izango dituztela gauza guztien gainetik. Hori da gure betebehar nagusia. Ikasleek egunero eskolak izatea". Ez zen erraza izaten, batzuek eskolak egun batean bai eta ondokoan ere oztopatzea eginkizun ia bakartzat hartzen zuten garai hartan.

Juanjo oso atsegina zen tratuan. Lanean konfiantza ematen zien ingurukoei, eta norberaren lan egiteko modua errespetatzen zuen. Baina beretzat hartzen zituen puntuetan, berak zuzenean kudeatu nahi zituenetan, ez zen batere erraza kanpotik muturra sartzea. Apaindura gutxiko gizona, bazekien entzuten, eta diru publikoarekin ez zuen jolasten. Zorrotza zen horretan, argi baitzuen eskuetan kudeatzeko zituen diruak ez zirela bereak. Ongi erlazionatua, jende guztia ezagutzen zuen. Gogoan dut, eta hau adibide adierazgarri bat baizik ez da, nola bidali zion Jose Angel Sanchez Asiain BBAko presidente ohiak Espainiako gerraren finantzaziori buruz idatzi zuen lan mardularen eskuidazkia oharrak egiteko eskatuz. Denetatik baitzekien, esan bezala.

Gizon on bat galdu dugu. EHUri mesede eta ekarpen handiak egin dizkiona. Horregatik ere proposatu nuen unibertsitatearen Urrezko domina ematea urte batzuk geroago. Ongi merezia. Orain agur eta ohore esateko txanda da. Juanjo, ez zaitugu inoiz ere atzenduko.

 

Pello Salaburu

UPV/EHUko errektore ohia