euskaraespañol

Iñigo Urrutia Libarona, UPV/EHUko Aldezlea

«Unibertsitatearen kalitatea pertsona ahulenak tratatzeko moduaren araberakoa ere bada»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/24

Irudia
Iñigo Urrutia Aldezlearen bulegoan. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Administrazio Zuzenbideko irakasle Iñigo Urrutia Libarona hautatua izan da berriro Aldezle, gaur goizean egin den Klaustroaren saioan. Bere hitzaldian azpimarratu duenez, “unibertsitatearen kalitatea neurtu ohi da rankingetan duen posizioaren, tesien eta ikerketa proiektuen kopuruaren bidez, bai eta irakasleen kalitate egiaztatuaz, ikertzaileen argitalpenen inpaktuaz eta beste. Baina unibertsitate kalitatea, eta are gehiago gurea bezalako unibertsitate publiko batean, ahulenak eta unibertsitate karrera konbentzionala jarraitzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak tratatzeko moduaren araberakoa ere bada”.

Zer balio ematen diozu Aldezlearen erakundeari egungo unibertsitatean?

Aldezlearena erakunde berria da. Aurten hamar urte bete berri ditu. Halere, harrera ona du unibertsitate kolektiboen artean. Erakunde modura, sinesgarritasuna irabazi ez ezik, gaur gaurkoz begirunea zor zaion instituzioa ere bada. Argi dago Aldezlearen lanak  lagungarri gertatu zaiola UPV/EHUri: bere jarduera eta praktika administratiboa hobetzeko, zerbitzu egokiagoa emateko, eta unibertsitateko kide garenon eskubideak bermatzeko. Unibertsitateko etengabeko hobetze prozesuari dagokionez Aldezlearen jarduerak toki propioa irabazi du.

Zer lotura ikusten duzu Aldezle gisa duzun erantzukizunaren eta legelari gisa duzun ikerketa-eremuaren artean?

Eskubideak eta, bereziki, giza eskubideak izan dira beti nire lan jardunaren ardura eta lehentasuna. Horretara bideratu ditut nire ahalegin akademikoak, ikerketa emaitzak eta baita nire ahalegin pertsonalak ere, eta bide bertsutik jarraitu nahiko nuke lanean hurrengo urteotan ere. Eskubideen babesa, garapena eta bermea ikerketa esparrutzat hartu nituen aspaldi, baita ere administrazioaren jardunbidea eta prozedurak, bereziki, diskrezionalitatea kontrolatzeko bideak eta administrazio- jardueraren legezkotasun baldintzak.

Zer balorazio egin duzu zure memorian iazko jarduerari buruz?

Iaz, 148 pertsona hurbildu dira Aldezlearen bulegora, eta 148 kasu planteatu dira guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza-eskaerak, besteak beste). Datu horiek aurreko urteetako ildoari eutsi diote, eta pixka bat igo dira bai pertsona-kopurua, bai kasu-kopurua. Aurten ere, ebaluazio-prozesuak, oro har, eta kalifikazioak berrikusteko prozedura izan dira, bereziki, ikasleen artean kontsulta gehien izan dituen gaia. Irakasle eta ikertzaileen kolektiboan, gai ohikoenak unibertsitateko sailetako bizikidetzarekin eta plazetarako sarbidearekin eta sustapenarekin lotzen dira. AZPekoei dagokienez, kezka gehien sortzen duten gaiak honako hauek dira: lanpostuetarako sarrera, ordezkapen-poltsen integrazioa eta deialdiak, eta lanpostuaren lan-baldintzak.

Zer lehentasun ezarriko dira agintaldi berri honi begira?

Aldezleak erronka berriei aurre egin behar die eta erantzuten saiatu behar du: lana, ikasketak eta familia bizitza bateragarri  egitea; baliabide elektronikoak erabiltzea eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea; desgaitasuna duten pertsonei, aniztasunari eta kolektibo ahulenei arreta eskaintzea.

Aldezlearen betebeharra da, halaber, eskubideen edozein erasoren aurrean erne egotea eta ahalik eta modu zabalenean interpretatzea. Unibertsitate Bizikidetzaren Lege berriak, adibidez, ikasleei eragiten dien diziplina-prozedura osoa aldaraziko du. Eta gatazkak konpontzeko bitarteko alternatiboak bultzatu behar ditugu, hurbiltasunari eta prestasunari eutsi behar diegu, erakundearen independentzia- eta kudeaketa-autonomiaren printzipioak defendatu behar ditugu, eta, nola ez, gardentasunez, objektibotasunez eta interes orokorren zerbitzura jardun behar dugu.

Azken batean, asko da aurretik dugun lana, baina beti printzipio berberek gidatuta: gatazken prebentzioari arreta ematea; unibertsitate-komunitate osoari bere eskubideei buruzko informazioa ematea; unibertsitateko administrazioarekin komunikazio leial eta arina izatea; pertsona eta kolektibo guztien eskaerei arreta jartzea; Arartekoarekin eta beste unibertsitate-defendatzaile batzuekin lankidetzan aritzea; zuzenbidearen arabera ez ezik, ekitatez ere jardutea; ofizioz jokatzea, eskubide horiek urratuz gero.