euskaraespañol

UPV/EHUko Arkitekturako irakasle eta ikasleek erakusketa bat antolatu dute Kursaal oruberako aurkeztutako proiektu guztiekin

Rafael Moneok sortutako eraikina inauguratu zenetik 20 urte betetzen dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/23

Irudia
Solar K erakusketaren aurkezpena. Argazkia: Mugak-Bienala

Donostiako Kursaalak ateak ireki zituela 20 urte betetzen ditu aurten. Rafael Moneoren proiektua Gipuzkoako hiriburuaren ikonoetako bat da gaur egun, baina eztabaidaz eta istiluz jositako bide luze bezain malkartsua egin behar izan zuen denek onar zezaten. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle eta ikasle talde batek 25 urte iraun zuen prozesu haren errepasoa egin nahi izan dute, urteen joanean antolatutako hiru lehiaketetara aurkeztu ziren 135 proiektuak gogora ekarriz.

MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak prestatutako programazioaren barruan ikusi ahal izango da erakusketa, eta urriaren 23tik abenduaren 8ra bitartean egongo da zabalik, Kursaal jauregiko hallean. Erakusketa 11.00etatik 14.00etara egongo da zabalik, ostiraletik igandera bitartean, bai eta denbora-tarte horretan ekitaldiren bat antolatzen duten guztietan ere.

Antolatzaileen esanetan, "erakusketa ez da kontakizun historiografiko bat (…), gertaturikoari buruzko datuz eta azalpenez josia”; aitzitik, “toki horretan zer eraiki erabakitzeko zenbait arkitekto-taldek denboraren joanean aurkezturiko proposamen onenen ibilbide bisual eta neutroa egitea da asmoa”. Ikerketa-lana Mario Sangalli doktore, arkitekto, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Peña Ganchegui Artxiboko kideak zuzendu du. Ikerketa-taldea, berriz, honako ikertzaile hauek osatu dute: Felipe Aurtenetxe, Ana Azpiri, Diego Rodríguez eta Iñigo Viar ikertzaileek, eta Paúl Campo, Ander Guerra, Adrián López eta Laila Medina ikasleek.

Erakusketan, jakina, Rafael Moneok sortu eta orain 20 urte inauguratutako Kursaal jauregiaren proiektua ikusi ahal izango da, bai eta 20 maketa ere, 1/500 eskalan, ordena kronologikoan jarriak, lekuz kanpo, inolako testuingururik eta zirkunstantziarik gabe. Garbi, zuri, abstraktu. Arazo berberari emandako soluzio formalen sekuentzia modura aurkezten dira maketak. Sekuentzia itxiz, orubea bete zuen aurreneko eraikina erakusten da.

Erakusketan, ospe handiko arkitektoen proiektuak ikus daitezke: 1996an Pritzker saria jaso zuen Moneoren proposamenaz gain, hortxe daude, gure gozamenerako, Mario Botta, Norman Foster, Arata Isozaki, Juan Navarro Baldeweg eta Luis Peña Ganchegui, José Antonio eta Mateor Corralesek osatutako taldeak hirugarren lehiaketan (egin zen azkenekoan, alegia) aurkeztu zituzten proiektuak.

Aurreneko lehiaketa, sasoi hartan EuroKursaal deitzen ziotena nori esleitu erabakitzeko antolatua, 1964. eta 1965. urteetan egin zen, eta orduko proiektuak ere ikusgai daude erakusketan: luxuzko hotelak, etxebizitzak, zinema-aretoak, estalitako igerilekuak, bainu-etxeak, bulegoak, jatetxeak, patinaje-pistak, galeria komertzialak… Jan Lubicz-Nycz britainiarrak, Carlo Pelliccia italiarrak eta William Zuk iparramerikarrak osatutako taldeak irabazi zuen aurreneko lehiaketa hura. Oro har, “sasoi hartako potentzia espresionista itzela” igartzen zaie proposamen guztiei.

Bigarren lehiaketa, Kursaal Handia egiteko lanak nori esleitu erabakitzeko antolatua, 1972tik 1975era bitartean egin zen, eta garai hartan aurkeztutako proiektuen artean ere, tartean ziren luxuzko hotelak, etxebizitzak, garajeak, kongresu-aretoak, igerilekuak, gimnasioak, bulegoak eta jatetxeak. José Antonio Corrales eta Ramón Vázquez Molezún arkitektoek irabazi zuten lehiaketa, Francisco Javier Sáenz de Oiza handiari gailenduta. Bigarren lehiaketa hartan, proposamenak "hiritarragoak" izan ziren, ete denek ere "hiri-zabalgune bateko lursail bat nola bete erabakitzeko zenbait eredu" proposatzen zituzten.

Azkeneko lehiaketa 1989koa dugu, eta erakusketaren antolatzaileen arabera, orduko hartan Moneorena izan zen "lekuaren azterketa egokiena" proposatzen zuen proiektua. Haien esanetan, Moneoren proposamenean, batetik, eraikina “itsasoa aurrez aurre duen ikono autonomoa da”, baina horrekin batera, bestetik, “bertute handi bat ere badu: hiria zerbitzatzea, hiriari behar zituen hornikuntzak eskaintzea”.

Rafael Moneo eta Iñaki Gabilondo aurrez aurre

Hurrengo azaroaren 28an, arratsaldeko 18.00etan, Rafael Moneo arkitektoa eta Iñaki Gabilondo kazetaria elkarrekin solasean jarriko ditugu Kursaaleko Ganbera Aretoan, eta besteak beste, Kursaalak hiriko ekonomiari nola eragin dion eta ingurua nola eta zenbateraino aldatu duen hartuko dute hizpide, eta horrez gainera, eraikinaren bilakabideaz eta premia eta teknologia berrietara egokitu den moduaz ere arituko dira solasean.

Solasaldira joateko izena eman nahi duenak, urriaren 24tik aurrera izango du horretarako aukera Kursaalaren web-orrian. Ganbera Aretoko besaulki-patioa betetzen baldin bada, gonbidapena dutenek aldamenean dagoen aretoan bertan ikusi ahal izango dute topaketa streaming bidez.