euskaraespañol

Datu genetikoak zuzen partekatzeko eta biodibertsitatea sustatzeko deia

Nazioarteko irtenbide politiko zuhur bat aldarrikatzen du komunitate zientifikoak, NBEan negoziatzen ari den sekuentziei buruzko informazio digitalaren arau-esparrurako

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/24

Irudia
Ibon Cancio, Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzailea. Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Oro har adostasun zabala dago gure planetan gaur egun gertatzen ari den biodibertsitate-galera geldiarazteko nazioartean premiaz ekin beharrari buruz. Dibertsitate biologikoa kontserbatzeko, haren osagaiak era jasangarri batean erabiltzeko eta baliabide genetikoak erabiltzeak eragin ditzakeen onuren partaidetza justua eta bidezkoa izateko nazioartean baliatzen den tresna da Dibertsitate Biologikoari buruzko Nazio Batuen Hitzarmena (CDB, https://www.cbd.int/). Hitzarmen hori berretsi duten 196 herrialdeak, orain, Biobidertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globala ari dira negoziatzen. Datozen hamarkadetan planeta babesteko aukera emango duten ekintzak gidatuko ditu esparru horrek. Nolanahi ere, erronka handia izaten ari da hitzarmena sinatu duten herrialdeek konpromisoak adostea desberdintasun sozioekonomikoak albo batera utzita.

Tirabira-puntuetako bat da nola tratatu baliabide genetikoetatik eratorritako datuak, hots, “sekuentziei buruzko informazio digitala” edo DSIa (ingelesez, digital sequence information). “Organismo baten gene bati edo genomari dagokion informazio nukleotidikoa da DSIa. Gene edo genoma digitalki definitzen da A, T, G eta Cz osatutako sekuentzia baten bidez”, azaldu du Ibon Canciok, zeina Biologia Zelularreko irakasle, Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile (PiE-UPV/EHU) eta ‘DGI Scientific Network’-eko kide baita.

Zientzialariek ibilbide luze eta arrakastatsua egin dute DSIa webean modu irekian partekatuz. Partekatzearen kultura hori biodibertsitatearen ikerketaren ardatza da, eta aurrerapen teknologikoak ekarri ditu askotariko arlotan. Onlineko datu-base genikoek ehunka mila organismoren DSIa daukate, eta egunez egun aberastuz doaz sekuentzia berriak gehituz. Baliabide horiek asko erabiltzen dira, eta erreproduzigarritasun, gardentasun eta aurrerapen zientifikoak ahalbidetzen dituzte; funtsezkoak dira gizakien, animalien eta landareen osasunari, elikadura-segurtasunari eta ingurumenari buruzko funtsezko gaietan jarduteko. DSI-trukea, esate baterako, erabakigarria izan da SARS-CoV-2rako lehen diagnostiko-testak eta txertoak azkar garatzeko.

Informazio digital gehiago sortu eta partekatu

Hori dela eta, orain, Biodibertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globalaren inguruko negoziazioen aurrean (uda honetan izango da Biodibertsitate Biologikoaren Hitzarmenaren alderdien konferentzian —COP 15—), 5 kontinenteetako komunitate zientifikoko 41 kide, 17 herrialdetakoak, elkartu dira premiaz aldarrikatzeko DSIa eskuratzeko eta erabiltzeko araudiaren esparruan irtenbide politiko zuhur bat. Zientzialari horiek artikulu bat argitaratu dute, berariaz, Nature Communications aldizkarian. Zientzialariek (horietako bat Ibon Cancio da) proposatzen dute hartzen diren erabakiek bideratuta egon beharko dutela biodibertsitatea kontserbatzeko eta DSIa erabiltzeak eragin ditzakeen onurak modu justu eta bidezko batean banatzeko aukera emango duen mekanismo bat lortzera, informazioa libreki eskuratzeko aukera oztopatu gabe.

Zehazki, herrialdeak beren biodibertsitatearen sekuentziei buruzko informazio digital gehiago sortzera eta partekatzera bultzatuko dituen eta, aldi berean, informazioaren erabilerak eragiten dituen onurak bidezko modu batean banatzen direla bermatuko duten mekanismo politikoen alde egiteko iradokitzen dute artikuluaren egileek. Arrakasta izateko, mekanismo politiko horrek “multilaterala” beharko luke izan, eta horrek esan nahi du nazio guztiek jardun behar dutela lankidetzan, datu-baseetako informazio osoa elkarrekin baliatuz. Azkenik, artikulua sinatu duten zientzialariek dei egiten diete arduradun politikoei ikertzaile-komunitatearekiko konpromisoa har dezaten, onartutako konponbideek biodibertsitatearen inguruko ikerketa funtsezkorik oztopa ez dezaten.

“Gaur egungo aurrerapenak eta zientzia posible dira aurretiko erraldoien bizkar gainera... eta datuetara igotako ikertzaile-komunitate bati esker! DSIrako sarbide irekiaren iraultzak —datuen mugaz gaindiko fluxu librea bermatzen duenak— jarduera zientifikoaren demokratizazioa ekarri du, eta sekuentzia genetikoaren inguruko informazioa libreki eskuratzeko aukera ematen du, ikerketa biomedikorako eta biodibertsitatea zaindu eta babesteko”, nabarmendu du Ibon Cancio irakasleak.

Erreferentzia bibliografikoa