euskaraespañol

Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako doktoregaia

Lander Galera: «Microsoften bekak anbizio handiagoa izateko aukera emango digu»

Sari bat jaso du itsas plataforma flotagarrietan kokatutako haize sorgailuen errendimendua hobetuko duen proiektu batengatik

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/10

Irudia
Lander Galera Bilboko Ingeniaritzako Eskolako laborategi batean. Argazkia: Tere Ormazabal

Lander Galera itsasoan flotatzen duten haize sorgailuen potentzia galerak nola aurreikusi aztertzen ari da tesian, sekulako buruhaustea delako turbina eoliko horiek instalatzen dituzten enpresentzat, ez baitakite ziur zer errendimendu energetiko lortuko duten. Itsas energia berriztagarrietan espezializatuta dago, eta, tesiko zuzendariekin batera, ideia Microsoften AI for Earth beken deialdira aurkeztu zuen. Microsoftek proposamena onartu zuen, eta horrek behin betiko bultzada emango dio MarIA proiektuari.

Lander, zer proposatu diozue Microsofti, bere beketako batekin laguntzea lortzeko?

Laburbilduz, gure proposamena da turbina eoliko batek itsasoko plataforma flotagarri batean jarri aurretik energia sorkuntzan izango dituen galerak fidagarritasun handiagoz kalkulatuko dituen software bat sortzea. Oso zaila da gaur egun dauden programekin zehatz-mehatz aurreikustea, eta eragin izugarria du enpresa baten kostu eta onuren azterketan, kokapena aukeratzeko garaian. Proposamen hori da, azken finean, idazten ari naizen doktorego tesiaren oinarria.

Ezin al da aurreikusi lehorreko edota itsasoko haize sorgailu finko batekin bezala?

Ez. Haize sorgailu finkoetan ez bezala, beste faktore batzuek ere eragiten dute flotagarrietan, eta horiek energia lortzeko eraginkortasuna aldatzea eragiten dute; esaterako, une bakoitzean olatuek duten altuera, haizearen eta olatuen orientazioa, itsasaldiak, haize sorgailuaren inklinazioa, kokapen espezifiko horretan egon daitezkeen korronteak eta abar. Horren guztiaren ondorioz, plataforma mugitu egiten da, eta ez du optimizatzen energia sortzeko izan dezakeen errendimendua. Pentsa, adibidez, hamabi metro arteko olatuak daudela Euskadin; oso garrantzitsua da aurreikustea zenbatekoa izan daitekeen galera energia sorkuntzan.

Orduan, zergatik erabili plataforma flotagarriak?

Mende honetara arte, energia eolikoa lehorrean egin da; orain, eredu hori itsasora eramaten hasi dira Ingalaterran, Belgikan, Alemanian eta beste herrialde batzuetan. Plataforma kontinental handia duten herrialdeak dira; 20-50 metroko sakonera dago, eta, beraz, itsas hondoan finka daitezke turbina eolikoak.

Arazoa beste leku askotan gertatzen da, Euskadin, adibidez; hemen, Bizkaiko kostaldetik hiruzpalau kilometrora, sakonera 100 metro ingurukoa da, eta, beraz, ezin dugu haize sorgailu finkorik jarri itsas oinarrian. Hor sartzen dira plataforma eoliko flotagarriak.

Nola lortu zenuten Microsoftek proiektuan interesa izatea?

Microsoftek lantegiak antolatzen ditu mundu osoan, ingurumenaren kalitatea hobetuko duten proiektu teknologikoak aurkitzeko eta AI for Earth ekimenaren bidez laguntzeko. Martxoan lantegi bat egin zen BECen, eta Jesús María Blancok, nire tesiaren zuzendarikide eta Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Departamentuko irakasleak, ideia aurkeztu zuen energia berriztagarriei buruzko workshopean. Apirilean beken deialdira aurkezteko iradoki ziguten, eta horrela sortu zen “MarIA proiektua”.

Eta zertan laguntzen du AI for Earth bekak (adimen artifiziala Lurrarentzat)?

Bekak 15.000 dolar teoriko ematen ditu adimen artifizialean, hodeian duen zerbitzu konputazionalera sartu ahal izateko: Azure Cloud plataforma. Horri esker, ikerkuntzaren denbora urtebete edo bi urte murriztu ahal izango dugu, beraien sareek aukera ematen baitute simulazioak eta esperimentu konputazionalak orain arte gure sistemekin lortu duguna baino bost aldiz azkarrago egiteko. Eta horrek lortu nahi ditugun emaitzekin anbizio handiagoa izatera bultzatzen gaitu.

Eta aholkularitza teknikoa?

Bai, eta aurrekoa bezain interesgarria da; izan ere, gure esku jartzen duten aditu informatikoen know howa funtsezkoa izango da proiektuaren lehen fase honetarako. Halaber, Azure plataformaren erabilera optimizatzeko aukera emango digu, kasu errealetan offshore haize sorgailuetan (itsasokoetan) gerta litezkeen egoeren estrapolazio gehiago eta hobeak lortzeko. Bi laguntza horiek konbinatuta, baldintzak edozein izanda ere errendimendu ona izango duen turbina baten diseinua proposatzeko behar den softwarea eskurago izan ahalko dugu.

Zenbat denbora duzu horretarako?

Bekak aukera ematen digu sistema horiek urtebetez erabiltzeko (apiriletik apirilera), baina nire tesiko zuzendariek, Jesús María Blancok eta Gregorio Iglesiasek, fase hori abendurako amaituta izatea nahi dute.

Zergatik dute presa?

Urte amaierarako behar diren datu guztiak lortzen baditugu eta emaitza ona bada, bigarren fasera pasa gintezke, eta Microsoften finantzaketa klasikoagoa eskuratu ahal izango genuke (ez litzateke beka bat izango). Horrek finantzaketa handiagoa ekarriko luke, prototipo propioekin lan egiteko aukera...

Itxura ona dauka...

Beno... ni oso positiboa naiz, halabeharrez, doktoregai naizen heinean; gero Jesús Maríak eta Gregoriok jarriko dizkidate oinak lurrean, beraiek gidatzen bainaute proiektu honetan.

Bi zuzendari eta bakoitza maparen mutur batean... nola ezagutu zenituen?

Nik Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan egin nuen Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua. Han, itsas energia berriztagarrietan lan egiten zuen aditu bati entzuteko zortea izan nuen, eta, entzun nionean, neure buruari esan nion: ni horretan arituko naiz. Gradua amaitu nuenean, Plymoutheko Unibertsitatera joan nintzen, eta bertan egin nuen MSc Marine Renewable Energy masterra. Gregorio Irlandako University College Corkeko Itsas Energia Eolikoko irakaslea da, eta berak zuzendu zuen nire tesia.

Ondoren, Master in Offshore Renewable Energy masterra hasi nuen hemen, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Jesús María ezagutu nuen. Beraz, doktoregoa hasi nuenean, tesia zuzentzeko eskatu nien biei.

Eta, hau amaitzean, nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Ez dakit oso ondo... bai industrian bai ikerketan ikusten dut neure burua. Asko gustatzen zaizkit biak. Baina baikorra naiz, energia eoliko flotagarriak goranzko joera handia izango duelako krisian ere, gobernuak energia berdetan inbertitu, eta erregai fosilak alde batera utzi beharko dituelako, bai eta lehiakorra izan daitekeela erakusten ari den teknologia sortzen ari delako ere.

Gainera, itsasoan, haizeak indartsuagoak eta konstanteagoak dira, eta, beraz, turbina handiagoak jar daitezke, kostu handixeagoarekin, energia gehiago sortzeko. Kontuan izan, baita ere, itsasoak planetaren % 70 hartzen duela, alegia, ustiatzeko eremua handiagoa da.