euskaraespañol

Guillermo Quindós Andrés

Supermikrobioen mehatxua: minbizia baina hilgarriagoak izan daitezke

Mikrobiologia Medikoko katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/13

Irudia
Guillermo Quindós Andrés. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Espainiak harrotasunez esan dezake pertsonek bizitza luzeena duten herrialdeetako bat dela. Gero eta laurogei urtetik gorako pertsona gehiago daude, bizitza kalitatearen maila bikain batekin. Hala ere, ez da beti hala izan. Duela mende bat, batez besteko bizi itxaropena ez zen 50 urtetara iristen Europan. Pertsona asko gazte hiltzen ziren gaur egun txertoen bidez prebeni eta antibiotikoen bidez trata daitezkeen infekzioen ondorioz.

Hala ere, bere amaierara iristen egon daiteke «mirari terapeutiko» hori. Izan ere, antibiotikoekiko erresistentzia elementu arriskutsua da gure ongizatearen estuarentzat. «Supermikrobio» erresistente horiek eraginkortasunik gabe uzten dituzte hainbat antibiotiko. Farmako horien laguntza gabe, transplanteak eta beste kirurgia konplexu asko, minbiziaren aurkako kimioterapia eta beste hainbat proba diagnostiko ezingo lirateke egin, sor litezkeen infekzioen ondoriozko konplikazioak direla eta.

 

«Mirari terapeutiko» baten amaiera?

2050. urtean, hamar milioi pertsona egon daitezke hiltzeko arriskuan antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek eragindako infekzioen ondorioz. Aurreikuspen bat egite aldera, hilkortasuna minbiziak eragindakoa (zortzi milioi heriotza urtean) baino handiagoa izango litzateke. Horrez gain, tratamenduaren kostua izugarri handituko litzateke, eta mundu mailako BPGd-a % 1,2 eta % 4 bitartean eroriko litzatekeela aurreikusten da.

Egoera horren aurrean, erraz ulertzen da zer dela eta bilakatu den lehentasun erresistentzia mikrobianoaren aurkako borroka. Osasunaren Mundu Erakundeak proposatu du behin betiko uztea bertan behera antibiotikoen erabilera premiagabekoa. Izan ere, egiten den estimazioaren arabera, lehen mailako arretan, antibiotikoen bidezko bost tratamendutik bakarra da beharrezkoa.

 

Mikrobio matxinatuak

Erresistentziak zergatik sortzen diren ulertzeko, lehenik eta behin jakin behar da mikrobio erresistente batek abantaila ebolutibo bat eskuratzen duela haren lehiatzaileekin alderatuta.

Zenbaitetan, ausazko mutazio genetikoen ondorioz gertatzen da (ez da batere ohikoa), eta ondorengoei transmiti dakieke.

Beste kasu batzuetan, berriz, erresistentzia horren oinarrian dauden geneak eskuratzen dira ingurumenean (eraldaketa bakterianoa), antzeko bakterioen bidez (konjugazioa) edo birus bakteriofagoen bidez (transdukzioa). Plasmidoetan (kromosomatik kanpoko DNA eraztunak) erresistentzia geneak egoteak ere haiek hedatzea errazten du.

Oro har, antibiotiko bidezko tratamendu zuzen batek mikrobio erresistenteen hautapena murrizten du. Arazoa sortzen da erabilera txarra egiten denean; adibidez, justifikaziorik eta preskripzio medikorik gabe kontsumitzen denean (automedikazioa). Edo, bestela, tratamendu bat behar baino lehenago eteten denean.

Bestalde, bakterio erresistenteen maiztasuna areagotzen du antibiotikoen erabilera okerrak (animaliak loditzeko; hondakin urak eta hondakin organikoak modu okerrean arazteko), bai eta elikagaiak bermerik gabe manipulatzeak eta higiene txarrak ere.

Arazo horri gehitu behar zaio iraungitako antibiotikoak, faltsifikatutakoak edo dosi nahikoa ez dutenak kontsumitzea. Iruzurreko antibiotikoak dira, sarri, munduko leku askotako merkatuetan arrazoizko prezio batean eros daitezkeen bakarrak. Gainera, Internetek erraztu egiten du iruzurrezko produktu horiek saltzea.

 

Pertsona gehiago hiltzen dira superbakterioen ondorioz, trafiko istripuetan baino

Arazo globala da antibiotikoekiko erresistentzia. Badira bakterio erresistenteak bai herrialde oso industrializatuetan (AEB edo Japonia), bai ia inor bizi ez den uharteetan (Svalbard uhartedia, Ozeano Artikoa), bai eta Amazoniako oihanetako tribu isolatuetan ere. Supermikrobio horien barreiatze eta iraunkortasunean hainbat faktorek esku hartzen dute, hala nola klima aldaketak, populazioen migrazioak, salgaien garraioak eta ingurumeneko kutsadurak.

Antibiotikoen kontsumorik handiena gorabidean dagoen ekonomia duten herrialdeetan egiten da (India, Txina, Indonesia, Nigeria, Hegoafrika). Europan, berriz, Mediterraneoko eta Ekialdeko herrialdeetan egiten da kontsumorik handiena. Beraz, ez dirudi kasualitate hutsa herrialde horietako infekzioen ia erdia mikrobio erresistenteek eragindakoak izatea.

Espainiako Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Elkartearen estimazio baten arabera, 2018an bakarrik, antibiotikoekiko erresistenteak diren superbakterioek infekzioak eragin zizkioten 180.600 pertsonari, 82 osasun zentrotan, eta hil egin ziren haietatik 35.400. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuen 2019an 1.098 pertsona hil zirela trafiko istripuen ondorioz; horrenbestez, superbakterioak 32 aldiz hilgarriagoak izan ziren!

Azkenaldian, supermikrobio klasikoei (metilizinarekiko erresistenteak, Escherichia coli, Klebsiella pneumoniae, eta beste enterobakterio multierresistente batzuk, hala nola Acinetobacter baumannii eta Pseudomonas aeruginosa, Staphylococcus aureus) hainbat berri gehitu zaizkie. Horien artean daude, adibidez, tuberkulosiaren baziloa, Plasmodium falciparium bizkarroia eta Candida auris eta Candida glabrata onddoak.

Auzi horren alderdi kezkagarriena da infekzio horiek tratamendu luzeagoak eta eraginkortasun gutxiagokoak behar dituztela, toxikotasun maila bat duten farmakoen bidez. Halaber, ospitaleko egonaldia luzatzen da, eta, hain zuzen, ospitaleak jarraitzen du izaten haien gordailu nagusia, han baitaude askotariko farmakoen bidez tratatutako paziente larriak.

Duela gutxi, alarma piztu zen; izan ere, erresistentziak agertzen ari dira azken aukerako antibiotikoekin (aztreonama, karbapenemak, linezolida edo bankomizina, besteak beste). Hain zuzen, antibiotiko horiek erabiltzen ditugu beste batzuek funtzionatzen ez dutenean.

 

«Osasun bakarra»

Gizakion osasuna, animaliena eta ingurumenarena estu lotuta daude. Supermikrobio asko pertsonen eta animalien hesteetan bizi dira, eta hondakin uren bidez hedatzen dira edota lurzorua kutsatzen dute. Osasun globala babesteko, ahalegin itzela egin behar da.

Diagnostiko azkarreko teknika hobeak behar ditugu, antibiotiko bidezko tratamendu egokiagoak eta goiztiarragoak egin ahal izateko. Zientzialariek jomuga terapeutiko berriak eta alternatiboak bilatzeari ekin diote, mutante mikrobiano erresistenteak hautatzea saihesteko. Horrez gain, antibiotiko klasikoak aldatzeak hobetu egin dezake espektro antibakterianoa, eta gutxitu egin dezake, berriz, beste antibiotiko berriago batzuk erabiltzea.

Baina borroka horretan ez daude zientzialariak soilik. Guztiok egin dezakegu gure ekarpena supermikrobioen aurkako borrokan. Nola? Zentzuz jokatuz:

- Ez automedikatu.
- Hotzeriaren eta birus bidezko infekzioen kasuan, ez hartu antibiotikoak.
- Gure medikuak gomendatutako tratamendua amaieraraino hartu.
- Ez erabili iraungitako antibiotikoak, beste pertsona batzuenak eta zalantzazko jatorrikoak (Internet).
- Gure txerto egutegia eguneratu.
- Elikagaiak higiene neurriak betez prestatu.
- Eta oso garrantzitsua: eskuak maiz garbitu.