euskaraespañol

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio jendetsuena hasi da UPV/EHUn

Batxilergoko eta LHko 12.782 aurkeztuko dira azterketetara, baita nota igotzeko matrikulatu diren aurreko kurtsoetako 626 ikasle ere

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/07

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 11.947 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 835ek hasiko dituzte, ekainak 8, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko (USE) probak. Guztizkoa, 12.782, iazkoa baino pixka bat handiagoa da: 2020an 12.594 ikasle matrikulatu ziren USEra. Aurten, beraz, % 1,49 igo da matrikula. Gainera, 12.782 pertsona horiei gehitu behar zaizkie nota igotzeko irakasgai batzuetara aurkezten diren aurreko kurtsoetako beste 626 ikasle. 

USE hiru egunetan zehar egingo da, ostegunera arte, hilak 10, ohikoa den baino egoitza kopuru handiagoan kokatutako 38 epaimahaitan. Hortaz, edizio honetan UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC, Bizkaian; FICOBA, Gipuzkoan, eta Iradier Arena, Araban.  

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (bihar 2021eko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke. 

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu. 

Onarpen fasea borondatezkoa da Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek. 

USE azterketak berregituratzea 

COVID-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak adostu dute 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko dela.  

Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira. 

Segurtasun neurriak 

Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa ere prestatu da, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu behar dituztenak.  

Hortaz, parte hartzaile bakoitzak azterketa egiteko materiala eraman beharko du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua…), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Maskara etengabe erabiltzea ere derrigorrezkoa izango da. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira. 

USEri buruzko informazio guztia: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/home/use-2021/ohiko-deialdia