euskaraespañol

Auzoa hobetu, pertsona gisa hazi

UPV/EHUko 500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Gazte Solidarioentzako Bilboko Udal Etxebizitzak programan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/02

Irudia
Mar Puig, Otxarkoagako gizarte etxeko klase batean ASMUGE elkarteko Julia Lewisekin | Argazkia: Fernando Gomez. UPV/EHU

Mar Puig Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen eta Nazioarteko Lankidetza Masterreko ikaslea da. Astean bi egunetan, 10:00 aldera, Euskadiko Emakume Ijitoak Ahalduntzeko Kulturarteko Elkartetik pasatzen da, materiala biltzen du eta Otxarkoagako Gizarte Etxera joaten da. Bertan, ikasleekin biltzen da, eta irakasle gisa laguntzen du. Ramón Ascanio UPV/EHUko Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterreko ikaslea da. Bi egunetik behin Otxarkoagako ikastetxe publikora joaten da. Bertan jantokian laguntzen du, eta mahaiak antolatzeaz, janaria zerbitzatzeaz eta ikasleak zaintzeaz arduratzen da. Marrek eta Ramonek pisu bat baino zerbait gehiago partekatzen dute Otxarkoagan; aurten Gazte Solidarioak programan parte hartuko duten 46 ikasleetako bi ere badira, horietako 44 UPV/EHUkoak. 

Hamarkada bat baino gehiago igaro da Gazte Solidarioentzako Etxebizitza Programa abiatu zenetik. UPV/EHUko Bizkaiko Campusak eta Bilboko Udalak antolatzen duten programa honek 35 urtetik beherako graduondoko ikasleei alokairua lortzeko aukera ematen die, 55 euroko prezio sinbolikoan, Bilbo Zaharra eta Otxarkoaga auzoei komunitate-zerbitzuak eskaintzearen truke. 

"Inoiz ez nuen ijito-komunitatearekin harremanetan egoteko aukerarik izan", adierazten du Mar Puigek.  Nazioarteko Lankidetza eta Garapena Masterreko ikaslea pozik dagoela dio. "Neskekin lotura paregabea sortzen da, matematika irakasten badiet ere, benetan ni naiz ikasten duena", gehitu du ikasleak. 

“Duela hiru urte iritsi nintzen Euskadira, eta Gazte Solidarioekin bat egiteko aukerak hemen gerarazi ninduen “, dio Ramón Ascaniok. UPV/EHUko Marketin eta Merkataritza Zuzendaritzako ikasleak izena emateko epea amaitu ondoren deskubritu zuen programa, baina urte oso bat itxarotea erabaki zuen, proiektuan parte hartzeko azkenean onartu zuten arte. “Oso garrantzitsua iruditzen zait horrelako aukerak egotea, zoritxarrez batere ohikoak ez direnak”, argitu du. 

Ezjakintasuna eta aurreiritziak 

“Nire herrialdean, Otxarkoaga bezalako auzo bat klase ertainekoa izango litzateke ia-ia. Hemen auzo marjinala da eta, egia esan, asko harritzen nau”, dio Ascaniok, ahalmen ekonomiko txikiagoa duten auzoei buruz ditugun ikuspegi ezberdinak azpimarratuz.  

“Harritu egin ninduen Bilbon  bizitza osoa eman duen jendea ere Otxarkoagan inoiz egon ez izanak”. Mar Puigek bere harridura gogoratzen du bere pisua Txotena kalean egongo zela esaten zuenean. “Denek esaten zidaten, ahal banuen, San Frnatziskors joateko”,  gehitzen du. Ramón Ascaniok dio biak oso eroso sentitzen direla auzoan, gustura pisuan, eta irudi txarra ezjakintasunak duela iturri. “San Frantziskori buruz gutxi hitz egiten bada, Otxarkoagaz are gutxiago”, argitu du ikasle venezuelarrak. “Beti pertsona berberekin egiten duzu topo, batez ere bizitza osoa hemen daramaten adinekoekin”, argitu du Puigek. “Ez gara arriskuan sentitzen auzoan”, baieztatzen du Ascaniok. “Elkarri agurtzen diogu auzokideok, haiekin hitz egiten dugu erosketak merkatuan egiten ditugunean, beste edozein lekutan bezala”, gehitu du Puigek. 

Harrera atsegina 

Egiten duten lanari dagokionez, Ascaniok nabarmendu du “hasiera-hasieratik harrera oso atsegina” izan dela. Lan egiten duten pertsonek oso harreman ona dute, eta ikaskide batzuekin lotura bat sortu duela ere esaten du. Mar Puigen esperientzia haratago doa. “Elkartearekin harremanetan jarri nauten pertsonek oso babestuta sentitzen naiz.  Eskola ematen diedan neskek eskerrak ere ematen dizkidate beraiekin egoteagatik", dio Puigek, baina batez ere ikaskuntzaren “bi norabideak” nabarmentzen ditu. 

Bi pisukideek esperientzia bukatzeko 4 hilabete dituzte aurrean, baina biak ados daude bizipen paregabea dela esatean. Bai Puigek eta bai Ascaniok gomendatzen dute, zalantzarik gabe, “hobeto baloratzen duzu zein garrantzitsua den etxebizitza duin bat izatea, eta aukera ematen dizu agian inoiz ezagutuko ez zenituzkeen kolektiboekin konektatzeko”, gehitzen du Mar Puigek. 

Santurtzin eta Ermuan ere 

UPV/EHUko 500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Gazte Solidarioentzako Bilboko Udal Etxebizitzen programan. Aurten, lehen aldiz, Bizkaiko beste bi herritara zabaldu da: Santurtzira (sei plaza eskaini ditu) eta Ermura (bi plaza). “Programa honek erakundeen arteko lankidetzarako gure bokazio argia erakusten du. Proiektua finkatzea da gure helburua, eta, ahal den neurrian, beste udalerri batzuetara zabaltzea”, azaldu du Gorka Morenok, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak. Gainera nabarmendu du ekimena bat datorrela UPV/EHUren helburuekin eta haren plan estrategikoarekin. “Are gehiago, gure leloaren adibide garbia da: Eman ta zabal zazu”, gehitu du. Izan ere, “horren bitartez, gure ikasleek baldintza ekonomiko eta erakargarrietan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, komunitateari ekarpena egiten diote eta, boluntariotzaren bidez, esparru akademikoan lortutako ezagutzen zati bat ematen diote gizarteari”.