euskaraespañol

Itsas hondakinen balioa

UPV/EHUko Biomat taldeak Gipuzkoako kostaldean batutako txibien, arrainen, algen eta abarren hondarrak erabiltzen ditu material berriak lortzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/29

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Biomat ikertaldeak Gipuzkoako kostaldeko itsas hondakinak (txibien, arrainen, algen eta abarren hondakinak) balioztatzen ditu material berriak lortzeko. Ikerlerro horrek ikuspegi berri bat ematen die plastikoei, ekonomia zirkularraren printzipioekin bat datorrena; hau da, oinarri du kapital naturala zaintzea eta hobetzea, izakin mugatuak kontrolatuz eta baliabide berriztagarrien fluxuak orekatuz. Alde horretatik, taldearen ikerketak garrantzi berezia ematen dio azpiproduktu edo hondakin industrialak eraldatzeari eta baliabide material zein energetikoen erabilera ahal bezainbeste murriztuko duten prozesuen bidez balioztatzeari, produktu lehiakorrak eta iraunkorrak lortzea helburu.

"Gero eta kezkatuago gaudenez ingurumeneko kutsadurarekin –azaldu du Pedro Guerrerok, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saileko ikertzaileak eta Biomateko kideak–, material berriztagarrietan oinarritutako produktu berriak garatu beharra dago, bizi zikloan ingurumenari kalte gutxiago egingo diotenak. PlasticsEurope (2015) elkartearen arabera, Europak 47,8 milioi tona plastiko eskatu zuen 2014an, eta tona horien % 90ek iturri berriztaezinetan zuten jatorria. Gainera, 25,8 milioi tona plastiko zaborretara bota ziren, eta horietatik % 30,8k zabortegietan bukatu zuten bizi zikloa, oraindik ere hori baita EBko herrialde askotan hondakinak kudeatzeko lehen aukera. Kudeaketa horren alternatiba ekonomia zirkularrean oinarritzen da: ekonomia zirkularrak, ekonomia lineal tradizionalak ez bezala, baliabideak produktu bilakatzen ditu, produktuak hondakin, eta hondakinak atzera baliabide. Horrela, industria ekosistemen zikloa itxi ahal izango da, eta erabilitako baliabideen, sortutako hondakinen eta ingurumeneko isurien kopurua txikitu. Alabaina, alor horretan ikertzea eta aurrera egitea ezinbestekoa da gobernu eta enpresei erakusteko planteamendu hori posible dela. Kontsumorako ondasunen eta ontzi plastikoen enpresek eta produktu plastikoen fabrikatzaileek izugarrizko garrantzia dute egitasmo horretan, haiek erabakitzen baitute zer material eta zer produktu sartu merkatuan".

UPV/EHUko Biomat ikertaldeak balioa ematen die industriako hondakinei eta azpiproduktuei. Izan ere, horiekin produktu biodegradagarriak edo konpostagarriak lortu nahi dituzte, zerbitzu ezaugarri bikainekin, eta gaur egun plastikoaren industriak erabiltzen dituen teknikekin prozesatzeko modukoak, egindako prozesu bakoitzari dagozkion ingurumen inpaktuak kuantifikatuz. Ekonomia zirkularraren etapei dagokienez, Biomatek produktuaren hondakinak erauzteko, ekoizteko eta tratatzeko prozesuak hobetzeko lan egiten du, prozesu horien errendimendua areagotu eta hala kostuak nola ingurumen inpaktuak murrizte aldera. Horrela, material iraunkorrak eta lehiakorrak garatu ahal izango dituzte. Gaur egun, Biomat taldea lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako proiektu batean; zehazki, Gipuzkoako kostaldeko hondakinak lehengai gisa erabiltzen dituzte proteinak eta polisakaridoak (zelulosa eta kitina) lortzeko. Material horiek, esate baterako, bilgarrietarako filmak eta medikuntzako aposituetarako hidrogelak egiteko erabil litezke.

Ontzi aktiboak

Ontzien esparruari dagokionez, Biomat buru-belarri dabil lanean elikagaien balio bizitza luzatuko duten eta zaborretara elikagai gutxiago bota daitezen lagunduko duten ontzi aktiboak lortzeko. "Ontziari balioa eman nahi diogu, ez dadin edukiontzi soila izan; elikagaiarekin elkarreragina izan dezan nahi dugu, haren kalitatea luzaroago kontserbatzeko. Horretarako, arrantza industriako hondakinak balioztatzen ari gara, proteina, zelulosa eta kitina lortzeko, prozesu errazen, ekonomikoen eta ingurumenerako iraunkorren bitartez, % 95 inguruko errendimenduekin. Material horiekin, elikagai bilgarrietarako film gardenak lortu ditugu, eta termikoki zigila daitezke. Gainera, gasei eta produktu koipetsuei sarbidea oztopatzeko ezaugarri bikainak dituzte. Film horiek biodegradazio prozesuetatik igaro dira, eta emaitza onak eman dituzte. Hortaz, arrantza industriako azpiproduktuak balioztatzeaz gain, materialaren bizi zikloa ixten da", azaldu du Guerrero ikertzaileak. Azterlanean, tartean diren prozesu bakoitzarekin lotutako ingurumen inpaktua zehatu da, eta emaitzak orain gutxi argitaratu dira ACS Sustainable Chemistry and Engineering aldizkarian.

Biomaterialak

Lortutako proteinak, elikagai bilgarrietarako ez ezik, material biobateragarriak egiteko ere erabil daitezke. Ezaugarri horrek aplikazio eremu zabal-zabala irekitzen du; kasurako, medikuntzan biomaterialak erabiltzea. "Esparru horretako erronketako bat da –jarraitu du Pedro Guerrero ikertzaileak– fabrikazio gehigarria edo 3D inprimaketa erabiliz prozesatu ahal izango diren materialak lortzea. 3Dko egiturak lortzeko, materiala geruza bakoitzaren gainean jartzen da etengabe. Horretarako, lehen geruzaren egiturak osorik egon behar du bigarren geruza jarri aurretik, eta horrela hurrenez hurren. Ondorioz, materialaren parametro erreologikoak kontrolatu behar dira: materialak biskosoa edo biskoelastikoa izan behar du hasieran, eta gel bihurtu beste geruzak ipini baino lehen. Horrenbestez, 3D egitura bat lortzeko, funtsezkoa da materialaren ezaugarriak aztertzea, alde batetik, eta materiala ordenagailuz lagundutako diseinu teknika industrialak erabilita fabrika daitekeen egiaztatzea, bestetik". Proteina haria lortzeko emaitzak European Polymer Journal aldizkarian argitaratu dira.

 

Erreferentzia bibliografikoak

Alaitz Etxabide, Itsaso Leceta, Sara Cabezudo, Pedro Guerrero, Koro de la Caba. Sustainable fish gelatin films: From food processing waste to compost. ACS Sustainable Chemistry and Engineering, 2016; 4, 4626-4634. DOI: 10.1021/acssuschemeng.6b00750

Alaitz Etxabide, Koro de la Caba, Pedro Guerrero. A novel approach to manufacture porous biocomposites using extrusion and injection moulding European Polymer Journal, 2016; 82, 324-333. DOI: 10.1016/j.eurpolymj.2016.04.001

 

Argazkiak: Biomat. UPV/EHU