euskaraespañol

Hipertentsio arteriala maneiatzeko gida publikatu da

UPV/EHUko Farmazia Fakultatearen eta Sevillako Infanta Luisa Ospitalearen arteko lankidetzaren emaitza da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/05

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ‘Guía práctica para el manejo de la hipertensión arterial' argitaratu du. Sevillako Infanta Luisa Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko Jose Contreras doktorearen eta UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzietako Saileko Nutrizio eta Obesitatea Ikerketa taldeko Alfredo Fernandez-Quintela, Leixuri Aguirre, Maria Teresa Macarulla eta Maria Puy Portillo doktoreen eta Carlos III.a Osasun Institutuari atxikitako Ikerketa Biomedikoko Sareko Ikerketa Zentroa den Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizio arloko CIBEReko kideen arteko lankidetzaren emaitza da lana.

Hipertentsio arteriala (HTA) munduko osasun publikoko arazorik handienetako bat da egun eta gizarte orokorraren baitan eraginik eta prebalentziarik handienetako bat duen gaixotasun baskular bat da. Eta halaber, istripu zerebrobaskularra edo giltzurruneko akatsa pairatzeko eta hiltzeko ere arrisku handiagoa dakarren gaixotasun kroniko bat da.

Espainian, 2013. urtean, 18 urtetik gorako espainiarren % 19ak hipertentsioa pairatzen du. Gizonen artean (% 27) hedatuago dago, emakumeen artean baino (% 22). Tasa horiek baxuenen artean daude Europako herrialdeei dagokienean, Frantziaren (% 26) eta Portugalen atzetik (% 27), baina Erresuma Batuaren aurretik (% 16).

Nolanahi ere, esan beharra dago aldeak nabari direla iturri ezberdinetatik lorturiko datuen artean. Honela, Espainiako Hipertentsio Elkartea-Hipertentsio Arterialaren aurka Borrokatzeko Liga Espainiarraren (SEH-LELHA jatorrizkoan) arabera, 2014n helduen % 40 inguruk gaixotasun hau pairatzen zuen eta portzentaje hori % 85ekoa zen 65 urtetik gorakoen artean.

HTAren aurkako xedea bikoitza da. Alde batetik, presio arterialaren igoerari loturiko morbilitate eta heriotza tasa kardiobaskularrak murriztea eta, bestetik, kalte organiko subklinikoaren aurreratzea saihestea eta erregresioa lortzea. Xede hori lortzeko, presio arterialaren zenbakiak tratatzeaz gain, gaixotasunari loturiko faktore guzti-guztiak tratatu beharra dago ere.

Gida honek ebidentzia zientifikoan eta, noski, Hipertentsio arteriala Espainian ebaluatzeko eta tratatzeko kontsensu dokumentuan oinarritutako zenbait gomendio eskaintzen ditu, patologia hau prebenitu eta tratatu ahal izateko. Xedea, baina, ez da irizpide klinikoa ordezkatzea, patologiaren zaintzaren eta tratamenduaren inguruko erabakiek pazientearen ezaugarri klinikoak eta egoera pertsonalak aintzat hartu behar baitituzte.