euskaraespañol

Obesitate arriskua unibertsitate ikasleen artean

UPV/EHUren ikerketa batek osasunerako txarrak diren bizi estiloen eta gehiegizko pisua/obesitatea izateko arriskuaren arteko erlazioa ikertu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/27

Irudia
Nerea Telleria eta Marta Arroyo. Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen artean egindako ikerketaren emaitzek iradokitzen dute osasunerako txarrak diren zenbait ohitura aldi berean izaten direla, horiek elkarri eragiten diotela eta pertsona horiek gehiegizko pisua/obesitatea izateko arriskua areagotzen dutela. Gainera, sexuaren araberako desberdintasun espezifikoak daude bizi estiloen eta gehiegizko pisuaren/obesitatearen artean atzemandako erlazioetan, eta horiek kontuan hartu beharko lirateke ingurune horretan prebentziozko esku hartzeak planteatzeko orduan.

British Journal of Nutrition aldizkariak ‘Risk factors of overweight/obesity-related lifestyles in university students: Results from the EHU12/24 study’ artikulua argitaratu du, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizio eta Bromatologia arloko Nerea Telleria Aramburu eta Marta Arroyo Izaga ikertzaileek sinatuta. Lan horrek EHUko ikasleen lagin adierazgarri batean gehiegizko pisuarekin/obesitatearekin zerikusia duten bizi estiloen prebalentzia eta elkarreragina aztertzen du.

Ikerketa EHU12/24 proiektuko parte da. Proiektu hori behaketan oinarritutako zeharkako azterketa da, unibertsitateko ikasleen artean gehiegizko gorputz gantzaren (GG) prebalentzia eta gehiegizko pisuaren/obesitatearen arrisku faktoreak eta prebentzioa ebaluatzeko diseinatua. Ikerketa egiteko, 603 ikaslez osatutako talde batean, elikadurari, jarduera fisikoari, sedentarismoari, loari eta ohitura toxikoei buruzko informazioa bildu zen, baita neurri antropometrikoak ere.

Lortutako emaitzen artean, nabarmentzekoa da % 14,4ko gehiegizko pisuaren/obesitatearen prebalentzia dagoela, gorputz gantzaren ehunekoan oinarrituta. Gainera, otorduen patroia (mokadu kopurua barne), horien artean igarotako denbora eta iraupena, beste aldagai batzuen artean, dietaren kalitatearekin korrelazioan jarri ziren. Dieta ohitura osasungarriak beste bizi estilo osasungarri batzuekin erlazionatu ziren, batez ere, jarduera fisikoari, sendetarismoari, ohitura toxikoei eta loari loturikoekin.

Gosaltzeko ohitura zuten ikasleek gehiegizko pisua/obesitatea bakarrik izateko arrisku handiagoa zuten. Halaber, gizonen artean, jarduera fisiko baxua/ertaina, ez gosaltzea edo gosari arina egitea, eta otordu kopuru egokia ez egitea, gorputz gantz gehiegi izateko arrisku handiagoa izatearekin erlazionatu zen. Emakumeen artean, berriz, gehiegizko pisua/obesitatea izateko arrisku handiagoa izatearekin erlazionatutako aldagaiak alkohol kontsumo ertaina/altua eta loaren iraupen ezegokia izan ziren.

“Argitalpen honen berritasuna da unibertsitate ikasleen gehiegizko pisuarekin/obesitatearekin erlazionatutako bizi estiloen baterako analisia egiten dela. Orain arte, lan gehienak bizi estilo batean edo gutxi batzuetan zentratu dira, nahiz eta ebidentzia dagoen horiek aldi berean izan daitezkeela, elkarri eragin diezaioketela eta gaixotasun arriskua areagotu dezaketela”, azaldu du Marta Arroyok.

Horrela, azterketak berresten du osasunerako txarrak diren zenbait bizi ohitura aldi berean eduki daitezkeela, elkarri eragiten diotela eta gehiegizko pisua/obesitatea izateko arriskua areagotzen dutela unibertsitateko ikasleen artean. Bizi estiloen eta gehiegizko pisuaren/obesitatearen arteko erlazioetan atzemandako sexuen araberako diferentzia espezifikoek inplikazio garrantzitsuak dituzte ingurune horretan prebentziozko esku hartzeak planteatzeari begira. Baina ikerketa gehiago behar dira ikasleen gehiegizko pisuaren/obesitatearen azpian dauden faktoreen arteko konexio konplexuak berresteko.

Erreferentzia bibliografikoa