euskaraespañol

Unibertsitate berdinzaleago baten bidean

UPV/EHUk bost emakume akademiko omenduko ditu beren jardunbide oparoagatik

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/04

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Guillén, Idiazabal, Fernández, Ortubay eta Rodríguez. Argazkiak: Nuria González eta Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Datorren astelehenean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionala egingo du Euskal Herriko Unibertsitateak. Aurten Arabako Campusean izango da, eta aurreko hiru edizioetan bezala, bost akademiko omenduko dituzte, jakintza-arlo bakoitzeko bat, campus horretan jardunbide oparoa egin dutenak eta Arabako ikastegietako Berdintasun batzordeek aukeratu dituztenak.

Hauek dira: Aurora Fernández Astorga, Osasun Zientzietan; María Dolores Guillén Lorén, Zientzietan; Itziar Idiazabal Gorrotxategi, Arte eta Giza Zientzietan; Esther Rodríguez Urbano, Ingeniaritza eta Arkitekturan; eta Miren Ortubay Fuentes, Gizarte eta Lege Zientzietan. Horiek guztiek ibilbide luzea izan dute, eta beren arloetan emakumearen parte hartzeak izan duen bilakaerari buruzko gogoetak hurbildu dizkigute.

María Dolores Guillén Lorén UPV/EHUko Elikagaien Teknologiako katedradun emeritua da. Beste unibertsitate batzuetan ere lan egin du, eta hainbat kargu administratibo izan ditu, maila gorenean ikertzeaz eta gradu, master eta doktoregoko klaseak emateaz gain. Kimika Zientziak ikasi zituen eta bere promozioko orlan 32 neska eta 42 mutil agertzen zirela du gogoan. “Unibertsitateko irakaskuntza, ikasketa-planak eta antolamendua oso ezberdinak ziren, gaur egungoen aldean. Orduan, ikasleen kopurua oraingoa baino askoz txikiagoa zen, eta uste dut gehienak nahiago zituzten jardueretan laneratu ahal izan zirela. Nik neuk doktorego-tesia egitea erabaki nuen, eta, ondoren, atzerriko erreferentzia-zentro batean doktoretza-ondoko egonaldia egitea. Izan ere, nire unibertsitate giroan, ezinbesteko baldintzatzat hartzen zen egonaldi hori karrera profesionala ikerketa-zentro edo unibertsitate batean jarraitzeko”.

Dolores Guillén: «Unibertsitatean lehenik eta behin eskatzen dena bokazioa da»

Gaur egungo kokalekutik, iritzi argia du emakumeak Unibertsitatean dituen aukerei buruz. “Eremu horretan lehenik eta behin eskatzen dena bokazioa da, eta, lan eta arduraz, emakumeek beren helburuak bete ditzakete”.

Aurora Fernández Astorga Farmazia Fakultateko Mikrobiologiako katedraduna da, eta berrogei urte baino gehiago daramatza Unibertsitatean irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan. "Denbora horretan, unibertsitatea, oro har gizartea bezalaxe, eboluzionatzen joan da, eta aldaketa nabarmenak gertatu dira, begi hutsez ikusten direnak, eta ez soilik denboraren joanak uzten digun arrasto gisa". Azpimarragarrienetako bat bertan lan egiten duten emakumeen estatusari dagokio. "Aktibo ikusezina izatetik ikerketa-taldeak, sailak, zentroak, campusa eta unibertsitatea bera zuzentzera igaro gara. Ahaleginez, "beste batzuei" uzteko joera hori gainditu dugu, zeren dagoeneko nire irakaskuntza eta ikerketa-lanarekin "nahikoa" dudan".

Aurora Fernández: «Aktibo ikusezina izatetik zuzentzera igaro gara»

Eta eremu horretan emakumearen presentziaren garrantzia azpimarratzen du. “Time lapse azkar bat eginez, proiektatzen dugun irudi kolektiboa ez da gehienetan gizonezkoena. Proiekzio horrek hezi egin gaitu, eta hezkuntza-erreferentzia gisa balio du beste gizarte eta lan esparru batzuetarako, non oztopo ikusezin horrek oraindik ere errealitatea baldintzatzen duen. Oraindik asko dago egiteko, baina, horri dagokionez, desiragarria litzateke erantzukizun-postu jakin bat betetzen duen "lehen emakumea" izatea meritu gisa erantsi behar ez izatea, meritu, eta oso meritu azpimarragarria izan arren”.

Itziar Idiazabal Gorrotxategi Euskal Filologiako katedraduna da, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren sortzailea eta, gaur egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko ohorezko kolaboratzailea. Euskara eta hizkuntzak nola funtzionatzen duten ulertzea, eta nola ikasi eta irakasten diren aztertzea izan da bere jakintza arloa. “Alor horretan, emakumeen presentzia ez da berria, baina atzerrian tesia egitea eta unibertsitatean katedra lortzea, beste jakintza arlo guztietan bezala, gure garaiko emakumeentzat beti ere gizonentzat baino zailagoa zen, eredurik ez edo gutxi genituelako, eta inor gutxik sinesten zuelako gure gaitasunetan. Halere, esan behar dut etxetik hasi, tesi zuzendari, edota ikertalde kide izan ditudan gizonengandik (eta emakumeengandik, jakina) laguntza beti jaso izan dudala; parekotasun handia nabaritu dut. Horretan zorte handia izan dudala uste dut”.

Bere borroka, euskararen eta oro har hizkuntzen irakaskuntza, alegia didaktika, jakintza arlo zientifiko/zientzia bezala hartua izan dadin ahalegintzea izan da. Eta hori ikustaraztea ez da erraza izan. “Nik eta nirekin irakasle eta ikerlari bezala aritu diren eta jarraitzen duten lankideek ingeniaritza didaktikoa aldarrikatzen dugu, gaur egun euskaran oinarritzen den irakaskuntza eleaniztunaren erronkei erantzuteko. Hau ez da militantzia eta borondate oneko emakume eta gizon batzuen zeregina. Hori ere behar da baina zientzia eta teknologiarik aurreraturenak behar ditugu, gizarte ekimena ahaztu gabe, euskarak eta bere irakaskuntzak dituen erronkei aurre egiteko”.

Itziar Idiazabal: «Euskaldunok, gizon eta emakumeok, munduari ekarpen esanguratsua egin diezaiokegu hizkuntza zientzien»

“Euskaldunok, gizon eta emakumeok, munduari ekarpen esanguratsua egin diezaiokegu hizkuntza zientzien azpi-alor honetan, euskara bezalako hizkuntza gutxiratu asko egon arren, gurean egiten eta lortzen duguna munduko hizkuntza aniztasun hori mantendu eta garatzeko eredugarri izan daitekeelako”, adierazten du.

Esther Rodríguez Urbano Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko irakaslea izan zen Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Azken hamarkadetan zehar, "poztasunez" ikusi du Ingeniaritza Eskolen esparru akademikoan (tradizionalki maskulinoa izan dena) emakumeen parte-hartzeak izan duen bilakaera, ikasleen eta AZPkoen artean, baina beste kolektiboetan ere. "Ingeniaritza Eskoletako irakasleen kopurua argi eta garbi 'in crescendo' joan da. 80ko hamarkadan oso urria bazen ere, gaur egun Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan jada % 35 ingurukoa da, eta gero eta emakume gehiago dira katedradunak eskola horietan”.

Eta bilakaera hori ikerketa jardueran ere islatu da; izan ere, ingeniaritza-proiektuetako ikertzaile nagusiak diren emakumeen kopurua nabarmen handitu da, "nahiz eta jakintza arlo honetan oraindik ez den nahiko genukeen bezain ohikoa emakumeek ikerketa-taldeak zuzentzea ", azpimarratu du.

Irakasleak ikusi du, kudeaketa akademikoaren esparruan ere, "emakumearen parte-hartzea are esanguratsuagoa dela: paritarioa da batzordeetan eta zuzendaritza-talde batzuetan gehiengoa osatzen dute". Adibidez, bere eskolako egungo zuzendaritza-taldean.

Esther Rodríguez: «UPV/EHUk islatzen du emakumeen rolak gure gizartean izan duen bilakaera»

Emakumeak unibertsitatean duen presentziaren beste adibide bat da ikasleen artean edo AZPkoen artean gero eta gehiago izatea. "UPV/EHUk argi eta garbi islatzen du emakumeen rolak gure gizartean izan duen bilakaera, errektoretza-taldeek azken bi hamarkadetan berdintasunari eta parekotasunari eman dioten bultzada handiaren ondorioz. Sentsibilitate hori –ziur nago– egungo errektoretza-taldearen lehentasuna ere da".

Miren Ortubay Fuentesek, Zigor Zuzenbideko irakasle titularrak, unibertsitatean emakumeak duen egoerari buruzko gogoeta hau baliatu nahi izan du Concepción Arenalen jaiotzaren berrehungarren urteurrena gogoratzeko. Iaz bete zen, eta, bizi dugun osasun-egoeragatik, ezin izan zen merezi bezala ospatu. "Aukera hau aprobetxatu nahi nuke aitzindari horri omenaldi txiki bat egiteko; emakume horrek lidergo etiko eta sozialaren eredu bat gorpuztu zuen, eta harro egon behar dugu".

Irakasleak dioenez, "nire interesek eta nire bokazioak berearen orientazio paraleloa izan dute, nahiz eta, jakina, nik ez dudan bere indarra behar izan oztopoak gainditzeko: ilea moztu behar izan zuen eta gizonez jantzi behar izan zuen Zuzenbideko klaseetara entzule gisa (eta ikaskideengandik bananduta) joan ahal izateko; nik, berriz, emakume irakasle bikainak izan ditut, eta horietako batzuk erreferenteak izan dira, unibertsitatean, epailetzan, eta abarretan emakumeentzako eremuak eskuratzen".

Miren Ortubay: «Bide bakarra etika feminista sustatzea da»

"Baina gaur, batez ere, bere alderdi feminista aldarrikatu nahi dut –nabarmendu du Miren Ortubayk–, ez baitzen hausnarketa teoriko batean islatu, baizik eta bizi-praktikan, betiere emakumeen autonomia sustatuz esparru guztietan. Eta mezu horrek indarrean jarraitzen du 2021ean. Gauzak aldatu egin dira, eta izugarri aurreratu dugu berdintasunerantz, baina oraindik ere badaude arrakalak (soldatan, enpleguan, botere ekonomikoan duen eraginean, etab.) eta, batez ere, ekitate falta handia zaintza-lanen banaketan, pandemiak agerian utzi duen bezala. Erantzukidetasunik ezak emakumeen karrera profesionalak oztopatzen ditu, eta hori unibertsitatean ere hautematen da (adibidez, doktoretza edo akreditazioak lortzeko emakumeek eta gizonek ematen duten denboran). Hautematen eta borrokatzen zailak diren desberdintasun horiek gainditzeko, bide bakarra etika feminista sustatzea da, hau da, pertsona guztiek bizitza zaintzearekiko berdintasunezko konpromisoa hartzea ".