euskaraespañol

UPV/EHUk abian jarri ditu ikasgelako irakaskuntzaren ordezko aukerak Arabako Campusean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/09

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du momentuz bertan behera uztea ikasgelako irakaskuntza Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arabako Campusean, martxoaren 10etik (hau da, bihartik) martxoaren 23ra bitartean. Erabaki honek 8000 bat ikasleri eragingo die, eta horren aurrean euskal unibertsitate publikoak abian jarri ditu irakaskuntza emateko beste bide batzuk, ikasleei beren prestakuntzarekin jarraitzeko aukera bermatze aldera.  

Bestalde, irakaskuntzaz kanpoko arloetan unibertsitateak normaltasunez jarraituko du jardunean campuseko eraikin guztietan. Gogorarazten zaie irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei Osasun Sailaren gomendio espezifikoak bete behar dituztela beren lanpostuetan.

UPV/EHUko errektorego taldea etengabe dago harremanetan Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailetako arduradunekin, egoerari aurre egiteko. Era berean, joan den ostegunean koordinazio talde bat eratu zen, zenbait errektoreordetzatako eta ikastegi guztietako arduradunek osatua. Orain, ikasgelako klaseak bertan behera utzi direnez campusean, taldeak bere ahaleginak bideratuko ditu irakaskuntza osoa ikasgelaz kanpoko modalitatean garatzera. 

Horretarako, ikastegi bakoitzak bere jokabide plana diseinatu du, titulazio desberdinen berariazko ezaugarriak aintzat hartuta. Unibertsitateak bere baliabide guztiak erabiliko ditu helburu horretarako, eta ikastegi bakoitzak jakitun jarriko ditu bere ikasleak irakaskuntza birtuala jasotzeko behar diren xehetasunez. 

Leioa, 2020ko martxoaren 9a 


Honen harira