euskaraespañol

UPV/EHUren eta TECNALIAren Ikasgela Teknologikoak 20 urte bete ditu, eta 300 ikasle baino gehiago izan ditu

Ikerketei esker, hainbat esparrutako ezagutza zabaldu da: fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, adimen artifiziala, 4.0 industria eta efizientzia energetikoa, besteak beste

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/08

Irudia
Ikasleak eta omenduak, Eva Ferreira errektorearekin, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusiarekin eta Mikel Sánchez Smart Systemseko zuzendari eta ikasgelako ikasle ohiarekin batera.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Bilboko Ingeniaritza Eskolan duten Ikasgela Teknologikoak 20. urteurrena ospatu du 2020-2021 promozioko 14 ikasleei diplomak emateko ekitaldian. Ekitaldia Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin da, gaur goizean, eta han izan dira Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusia.

Saio horretan, ekimenaren 20 urteak berrikusi dira gainetik, eta lortutako emaitzen balantzea egin da. Horretaz gain, Ikasgelaren garapenari ekarpen berezia egin dioten pertsona batzuk omendu dira: José Antonio López-Egaña (ROBOTIKERreko zuzendari nagusi ohia; zentro hori Ikasgelaren sustatzailea da), Joseba Jauregizar eta Iñaki San Sebastián (TECNALIAko zuzendari nagusi ohiak), Javier Muniozguren eta Enrique Amezua (Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendari ohiak) eta Alfonso Hernández-Frías (EUSKOIKERreko zuzendaria eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasgelaren arduradun ohia).

Bilboko Ingeniaritza Eskolako UPV/EHU-TECNALIA Ikasgela Teknologikoa 2001ean sortu zen, ROBOTIKER Ikasgela gisa, unibertsitatearen eta Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroaren artean proiektu bateratuak garatuz lankidetza zientifiko-teknologikoa sustatzeko. TECNALIAren eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arteko lankidetza-hitzarmen horren esparruan, askotariko jarduerak egiten dira: gradu- eta master-amaierako proiektuak, doktore-tesiak, hitzaldiak, ikertzaile-trukeak eta hezkuntza-lankidetzako egonaldiak.

UPV/EHUk eta TECNALIAk beste hiru ikasgela jarri dituzte martxan: Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasgela Teknologikoa martxan jarri zenetik, 300 ikasle pasatu dira, zeinek ikasketa-amaierako lanak egin baitituzte bi erakundeetako 120 ikertzaileren tutoretzapean. Ikerketa horiei esker, bi erakundeen intereseko hainbat esparrutako ezagutza zabaldu da: fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, adimen artifiziala, 4.0 industria eta efizientzia energetikoa, besteak beste Ikasgela Teknologikoaren esparruan, gaur egun, 57 doktoretza-tesi ari dira egiten lankidetzan zuzenduta, eta, horrez gain, bi ikerketa-laborategi bateratu daude, non 65 ikertzaile ari baitira lanean adimen artifizialaren eta itsas zabaleko energia berriztagarrien eremuetan.

Ingeniaritza Eskolan, lehen Gela Teknologiko horretaz gain, antzeko beste hiru ekimen daude UPV/EHUren eta TECNALIAren arteko lankidetzaren esparruan: Ekonomiaren eta Berrikuntzaren Kudeaketaren Ikasgela, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean; Ikasgela Teknologikoa, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean; eta, berriena, Ikasgela Teknologikoa, Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

UPV/EHUren eta TECNALIAren arteko lankidetza estrategikorako tresna eraginkorra dira Ikasgela Teknologikoak. Aurreikuspenen arabera, ekintzailetza eta ikertzaile-doktoreen trebakuntza sustatzeko lankidetzak ere egingo dira, gaur egun egiten diren jarduerez gain, non elkarrekin ikertzea eta lan egitea baita ardatza.

UPV/EHUri buruz

Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako hezkuntza-erakunde nagusia eta estatuko garrantzitsuenetakoa da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko bakarra), irakaskuntza, ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoaren emaitza-bolumenari dagokionez. Shangaiko sailkapenaren arabera, munduko 400 unibertsitate onenen artean dago. Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasuneko Campus sailkapena eman dio; Bordeleko Unibertsitatearekin batera, mugaz gaindiko campus bat sustatu du, Europan bakarra; eta Europako ENLIGHT Unibertsitatearen parte da.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen gara, beren lehiakortasuna hobetzeko, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta era jasangarrian hazteko. Teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen dugu hori. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasun pertsonalizatua.