euskaraespañol

Bisitarien kopurua % 20 igo da UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azoketan

UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Zerbitzua martxoaren 10etik 13ra arte ospatuko diren Jardunaldi Irekiak prestatzen hasi da jada

Lehenengo argitaratze data: 2014/02/06

Irudia

Larunbatean, Bizkaiko Campusean bukatu ziren Unibertsitate Orientaziorako Azokek 8.415 bisitari izan zituzten. Beraz, 2013an izandako publikoaren kopurua (7.056 bisitari) % 20 igo da. Ospatutako hiru azoketan bisitarien kopuru handitu da. Gipuzkoako Campusak urtarrilaren 18an ospatu zuen azoka, eta 3.211 bisitari erakarri zituen, aurreko urtean baino % 12 gehiago (2.861). Arabako Campusean, urtarrilaren 25ean egin zen azokara 1.685 pertsona hurbildu ziren; 2013an 1.408 bertaratu ziren, aurten baino % 20 gutxiago. Azkenik, Bizkaiko Campusean azoka otsailaren 1ean izan zen, eta 3.519 bisitari izan zituen, hau da, iaz baino (2.787) % 26 gehiago.

Unibertsitate Orientaziorako Azoken helburua da unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzea eta unibertsitateko ikasketak aukeratzen laguntzea. Azoketan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza ematen diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu guztiei buruz, baita unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasen, beken, unibertsitateko ostatu eta garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.

UPV/EHUk urterik urtera Sarbiderako Programaren barruan burutu ohi dituen jardueren barruan kokatu behar dira azoka hauek, unibertsitate aurreko ikasleek ikasketak aukeratu baino lehen ahalik eta informaziorik zabalena izan dezaten. Azoka hauek, hain zuzen, programaren bigarren fasean kokatzen dira, izan ere programa azaroren 19tik 21era arte Batxilergo eta Goi Mailako Hezkuntza Zikloetako orientatzaileei zuzenduriko topaketa batzuekin hasi zen. Halaber, jarduera praktikoak eskaini dira unibertsitateko ikastegietan 2014ko abendutik martxora. Programa martxoan egingo diren Jardunaldi Irekiekin bukatuko da. Egun horietan ikasleek aukeratzen dituzten ikastegiak bisitatu ahal izango dituzte.

"Laster unibertsitatera etorriko diren ikasleen bertaratze eta parte hartzea apartekoa izan da. Unibertsitateko ikastegiek, irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, hau da, unibertsitateak oro har ahalegin handia egiten du Orientazio Azoketan. Gure erakusleihorik hoberena da, eta formularik onena da unibertsitatea gure ikasleak izango direnengana hurbiltzeko. Soberan bete dira gure itxaropenak eta bisitarien poztasuna ere nabarmena izan da", adierazi du Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Etorkizunaren arloko errektoreorde Maite Zelaiak.