euskaraespañol

Ezgaitasunen bat duten ikasleei ikasten Laguntzeko Produktuak eskaintzen dizkie UPV/EHUk

Universia Fundazioarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/03

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bitartez, laguntza produktu ugari jarri ditu ezgaitasunen bat duten ikasleen esku, esaterako ordenagailu eramangarriak, ahots sintetizadoreak, pantaila handitzailea - zoom testa, sagu egokituak, atrilak, boligrafo digitalak, braille speakak eta FM ekipo indibidualak, besteak beste.

Programa honen xedea horrelako laguntza erraztea da, ezgaitasunen bat duten ikasleen autonomia hobetzeko eta unibertsitate ikasketak garatzean parte-hartze handiagoa izatea bermatzeko.

Universia Fundazioarekin sinatutako hitzarmenetik eratorritako ekimen hau doako maileguak ematean datza, ezgaitasunen bat duten pertsonei zenbait laguntza produktu aldi batez izateko aukera eskainiz.

Laguntza produktu horien xedea informaziora sarbide hobea eta komunikazio hobea erraztea da. Hartzaileak ikasturte honetan Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatu eta % 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna egiaztatuta duten ikasleak izango dira.

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak dagoeneko zenbait eskabide izapidetu ditu, ongi izapidetu ere, eta ezgaitasunen duten ikasleek programa honen berri duten neurrian eskabide gehiago izapidetzea aurrez ikusi du.  Eskuragarri dauden laguntza produktuen katalogoa helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.fundacionuniversia.net/programas/igualdad/banco/banco.do

"Programa honek ezgaitasunen bat duten pertsonen unibertsitate prestakuntza bultzatu nahi du, laneratzea sustatzeko eta gizarteratzea errazteko. Eta, horretarako, unibertsitate mailako prestakuntza giltzarri da. Laguntza Produktuen Bankuak mailegu gisa funtzionatzen du, eta, horren bitartez, ezgaitasunen bat duten pertsonei beharrezko Laguntza Produktuak aldi baterako eskuragarri jarri nahi zaizkie, inolako kosturik gabe, prestakuntza akademikoa gara dezaten" nabarmendu du Maite Zelaiak, UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak.