euskaraespañol

Kutsatzaileen ondorioz emetutako arrain ar gehiago aurkitu dituzte euskal kostan

Emetze-fenomenoa euskal kostaldean zabalduta dagoela berretsi dute UPV/EHUko ikertzaile batzuek

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/27

Gernikan, Arriluzen, Santurtzin, Plentzian, Ondarroan, Deban eta Pasaian, estuarioetako arrain arrek emetzearen zantzuak dituztela ikusi dute UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian taldeko kideek. Aurkikuntza Urdaibain egin zuten 2007/08 urteetan, eta orain berretsi dutebeste hainbat estuariotan ere gertatzen dela. Emetzearen eragileak estrogenoaren antzera jokatzen duten kutsatzaileak dira, eta, besteak beste, arrain arrek obozitoak -heldu gabeko obuluak- garatzea eragiten dute.

Lazunak izan dituzte aztergai UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian taldeko ikertzaileek, eta, guztira, sei gunetako arrainak aztertu dituzte: Arriluze eta Gernika 2007-2008an, eta Santurtzi, Plentzia, Ondarroa, Deba eta Pasaia, harrezkero. Neurri handiagoan edo txikiagoan, estuario guztietan ikusi dute arrain arren emetzea, bai arrainen gonaden ezaugarrietan, bai eta zenbait markatzaile molekularren bidez ere. Ikerketa-taldearen zuzendari Miren P. Cajaravilleren esanean, emaitzek agerian uzten dute "disrupzio endokrinoa hedatuta dagoela gure estuarioetan, eta horrek esan nahi du arazo bat dugula hor kutsatzaileekin, beste herrialde batzuetan detektatu duten bezala".

Hain zuzen ere, azaleratzen ari diren kutsatzaileen taldeko batzuk dira euskal kostaldeko arrain arren emetzearen eragileak. Disruptore endokrinoen taldea osatzen dute. Kimikoki oso desberdinak dira, baina antzeko eragina dute denek: hormonekin interakzioan jarduten dute, hormonen oreka apurtzen dute organismoan, eta gai dira organismoak emetzeko edo artzeko. Kutsatzaile azaleratu berriak izaki, ezer gutxi dakigu oraindik ingurunean eta ekosistemetan duten eraginari buruz. Hori dela eta, Cajaravillek nabarmendu duenez, "guk lortutako emaitzak garrantzitsuak dira, ikusteko zein mailatan dauden kutsatzaile horiek gure estuarioetan eta ibaietan, eta zer efektu dituzten, eta, horren arabera, neurriak hartu ahal izateko, bai uretara iristea saihesteko, bai konposatu horiek arautzeko araudiak sortzeko".

Izan ere, duten eraginaren ikuspegitik azaleratu berriak diren arren, erabilera arrunteko produktuak dira disruptore endokrinoen iturria: plastifikatzaileak, pestizidak, pilula antisorgailuak, fragantziak eta detergenteak, nagusiki.

Batzuk hirietako hondakin-uretako araztegien garbiketa-sistemei iskin eginda iristen dira uretara, beste batzuk industria- edo nekazaritza-jardueraren ondorioz. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, esaterako, "gure hipotesi nagusia da ur-araztegitik datozela, -dio Cajaravillek-; aztertu genuen lehenengo lekua da, eta kutsatzaile azaleratu berrien maila altuena duen lekua izaten segitzen du, alde handiarekin".

Edonola ere, aztertutako estuario guztietan aurkitu dituzte lazun arren emetzearen frogak UPV/EHUko ikertzaileek. Sei estuarioetatik hirutan (Gernikan, Pasaian eta Deban) arrain intersexualak aurkitu dituzte, hau da, testikuluetan heldu gabeko obuluak zituzten aleak,tokiaren arabera, jasotako lazunen % 12 eta % 64 artean. Horrez gain, estuario guztietan eman dute positibo emetzearen bi adierazle molekular nagusiek: ar gehienek (% 60 eta 91 artean) bitelogenina proteina zuten gibelean(berez emeek bakarrik adierazten duten proteina bat), eta, garunean, berriz, Cyp19a1baromatasakodetzen duen genearen adierazpen-maila handia zuten; estrogenoen sintesian parte hartzen du proteina horrek, eta emetzearen adierazle ona da arren garunean adieraztea.

Arrain-populazioetan emetzearen adierazle biologikoak neurtzearekin batera, lagindutako guneen analisi kimikoa egin dute ikertzaileek: "kimikari analitikoekin batera egin dugu lan denbora guztian, eta leku bakoitza ikuspegi kimikotik eta ikuspegi biologikotik karakterizatu dugu" azpimarratu du Cajaravillek. 2007/08ko kanpainan, CSICen Ingurumen Diagnostikoko eta Uraren Ikerketa  Institutuko kimikariekin, eta, ordutik aurrera, UPV/EHUko Kimika Analitikoaren Saileko lankideekin egin dute lan. "Hau oso garrantzitsua da -nabarmendu du-; izan ere, horri esker,frogatu dugu ez bakarrik arrainen emetzearen adierazle biologiko garbiak existitzen direla, baizik eta, aldi berean, neurtu dugu toki bakoitzean zein diren han dauden kutsatzaile azaleratu berriak eta zer kontzentraziotan dauden, eta egiaztatu ahal izan dugu korrelazioa dagoela haien presentziaren eta emetze-fenomenoaren artean". Arrainen behazun-laginetan neurtu dituzte kutsatzaileak, eta, Cajaravilleren esanean, aurkitutako korrelazioak erakusten du kutsatzaileak direla arrain arren emetzearen eragileak.

Ikerketaren emaitzak Science of the Total Environment eta Marine Environmental Research aldizkarietan argitaratu dituzte, artikulu banatan.

Informazio osagarria
Miren P. Cajaraville, UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko zuzendaria da, eta baita Saileko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian ikerketa-taldeko zuzendaria ere. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Plentziako Itsas Estazioan du egoitza ikerketa-taldeak. 25 urtetik gorako esperientzia du ikerketa-talde horrek ingurumenaren kutsadurak uretako bizidunengan duen eragina ikertzen, eta ekosistemen zein animalia-populazioen osasunaren diagnostikoa egiteko biomarkatzaile goiztiarrak garatzen. Disruptore endokrinoek arrainetan duten eraginari buruz egin dituzten ikerketak aitzindariak izan dira euskal kostaldean.

Erreferentziak
1. Intersex condition and molecular markers of endocrine disruption in relation with burdens of emerging pollutants in thicklip grey mullets (Chelonlabrosus) from Basque estuaries (South-EastBayofBiscay). C. Bizarro, O. Ros, A. Vallejo, A. Prieto, N. Etxebarria, M.P. Cajaraville, M. Ortiz-Zarragoitia. Marine Environmental Research 96 (2014) 19-28
http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S014111361300189X

2. Endocrine disruption in thicklip grey mullet (Chelonlabrosus) from the Urdaibai BiosphereReserve (BayofBiscay, Southwestern Europe). Eunate Puy-Azurmendi, Maren Ortiz-Zarragoitia, Marta Villagrasa, Marina Kuster, Pilar Aragón, Julia Atienza, Rosa Puchades, Angel Maquieira, Carmen Domínguez , Miren López de Alda,Denise Fernandes, CintaPorte, Josep M. Bayona, Damià Barceló, Miren P. Cajaraville. Science of the Total Environment 443 (2013) 233-244
http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0048969712013691