euskaraespañol

Maite Odriozola, Eneko Martín eta Alberto Hijano, XXVII. Kimikako Euskal Olinpiadaren irabazleak

Euskal Autonomia Erkidego osoko 19 ikastetxeko 76 batxilergo-ikaslek parte hartu dute

Lehenengo argitaratze data: 2014/03/28

Maite Odriozola Garmendia IES Oianguren BHIko ikaslea (Ordizia), Eneko Martín Martínez IES Kantauri BHIkoa (Santurtzi) eta Alberto Hijano Mendizabal IES Mutriku BHIkoa (Mutriku) izan dira joan zen ostiralean, martxoak 21, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean ospatu zen XXVII. Kimikako Euskal Olinpiadaren irabazleak.

Edizio honetan Euskal Autonomia Erkidegoko 19 ikastetxeko 76 batxilergo-ikaslek parte hartu dute (7 Arabakoak, 64 Bizkaikoak eta 5 Gipuzkoakoak). Bi proba burutu behar izan zituzten, lehenengoa teorikoa eta bigarrena praktikoa. Proba teorikoan, ikasleek batxilergo mailan ikasten den kimikako gai-zerrendarekin loturik dauden hogeita hamar galderari erantzuna eman zioten. Eta proba praktikoan, berriz, bi problema ebatzi zituzten.

Olinpiada autonomikoa irabazi duten hiru ikasleek apirilaren 25tetik 27ra bitartean Oviedon jokatuko den estatu mailako XXVII. Kimikako Olinpiadan parte hartuko dute. Estatu mailako lehia horretako irabazleak, berriz, uztailaren 20tik 29ra bitartean Hanoin (Vietnam) burutuko den XLVI Kimikako Nazioarteko Olinpiadan izango dira, edo zehazteke datak dituen XIX. Kimikako Iberoamerikar Olinpiadan (Montevideo, Uruguai).

Informazio gehiago: http://bit.ly/1gZlUIh