euskaraespañol

Arreta akastun baten erantzukizun judiziala ez litzaioke osasun-profesionalari bakarrik egotzi beharko

Isabel Trespaderne UPV/EHUko ikerlariak legeria berri bat proposatu du ospitale-erakundearen betebeharrak arautzeko

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/03

Irudia

UPV/EHUko Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakasle eta ikerlari den Isabel Trespadernek egindako Argumentos para un nuevo enfoque en el enjuiciamiento de la responsabilidad por defectuosa asistencia en la organización sanitaria (Ospitale-erakundean arreta akastunaren erantzukizuna epaitzeko ikuspegi berri baterako argudioak) azterlanaren arabera, epaitegiek osasun-profesionalaren jarduna zigortu ohi dute, ia beti, osasun-arreta akastunaren erantzukizuna epaitzean. Egilearen ustez, ordea, erantzukizuna osasun-erakunde osoari egotzi beharko litzaioke.

"Zoritxarreko gertaera baten jatorrian, osasun-profesionalak prebenitzeko edo baieztatzeko oso zailak diren sistemaren akatsak egoten dira beti (protokolorik ez, informazioa igortzean akatsak eta abar)", azaldu du Isabel Trespadernek; eta hortik abiatuta ondorioztatu duenez, osasun-erakundeak, non askotariko gertaerak, bata bestearen atzetik eta elkarren mendekoak, izaten diren, "defentsa- eta segurtasun-neurriak jarri behar ditu, arreta kalitatezko eta seguru bat ziurtatzeko".

Horrez gain, erakundeak berak "hartu eta ezarri behar ditu" kalitatea eta arriskuak kudeatzeko sistemak: "kalitatezko azpiegitura bat sortu behar du; jardunbide onak eta zoritxarreko gertaerak erregistratu behar ditu; kalitatea eta segurtasuna kanpotik eta aldiro ebaluatu behar ditu, ebaluazio independenteak eginez; eta praktika klinikorako protokoloak eta gidak ezarri behar ditu, baita adierazleak ere…", dio ikerlariak.

Osasun Zuzenbideko I Saria
Ospitale-erakundean arreta akastunaren erantzukizuna epaitzeko ikuspegi berri baterako argudioak azterlana finalista izan da Osasun Zuzenbideko Espainiako Elkarteak deitutako Osasun Zuzenbideko I. Sari Nazionalean.

Trespadernek makina bat epai judizial aztertu ditu eta erantzukizuna osasun-profesionalari egozten zaiola ondorioztatu ahal izan du. "Lehenengo profesionalari egozten zaio erantzukizuna, osasun-arretaren mailarik baxuenetara jotzen da erantzuleen bila, eta ondoren aztertzen dira erakundearen prozesuak, besteak beste, praktika klinikorako protokolorik edo gidarik ez egotea, kalitatea eta arriskuak kudeatzeko sistemen ezarpena eta abar", adierazi du ikerlariak.

Osasun-zerbitzua hobetzeko, egileak proposamen hauek egiten ditu, beste batzuen artean: "osasun-profesionalari zein osasun-erakundeari etengabeko prestakuntza derrigorrez eskaintzeko beharra; lex artis-aren edukia (medikuak, bere ezaguera, trebetasun eta gaitasunei esker, pazientearekin erabili beharreko balorazio-irizpideen multzoa) berrikusteko beharra; eta lanaren bereizketa bertikal gisa medikua-erizaina eredua alde batera utzi eta osasun-erakundearen erantzukizuna arautuko duen delitu mota berri bat proposatzeko beharra".

Mª Isabel Trespaderne Beracierto UPV/EHUko Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakasle titularra, Zuzenbideko doktorea eta Osasun Mentaleko erizain espezializatua da. Bederatzi urtez Donostiako Erizaintzako UEko zuzendari izan zen. Kriminologiaren Euskal Institutuaren idazkari akademikoa eta Biktimologiaren Euskal Sozietatearen kidea ere bada.

Osasun Zuzenbidearen Espainiako Elkarteak, AMA Fundazioak eta Fundación De Lorenzo fundazioak deitutako Osasun Zuzenbidearen I. Sari Nazionala (2013) irabazi du, honako lan honekin: Ospitale-erakundean arreta akastunaren erantzukizuna epaitzeko ikuspegi berri baterako argudioak.