euskaraespañol

UPV/EHUk Memoria Historikoari lotutako crowdfunding ekimen batean parte hartu du

Gerra Zibileko biktima eta La Pedrajako hobian ehortzitako pertsonak identifikatzeko dirua biltzean datza ekimena

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/08

Irudia

La Pedrajako Mendietan eraildako pertsonen Senideen Taldeak La Pedrajako hobiko (izen bereko eremu menditsu batean kokatutakoa) gorpuzkinak 2010. urtean aurkitu eta atera zituen hobitik. Aurrekari historikoen arabera, toki horretara errepide estu eta bihurgunetsu baten bitartez iristen zen, eta bertan herri desberdinetako makina bat pertsona klandestinoki hobiratu zituzten, Gerra Zibileko hasierako hilabeteetan (1936) erail eta gero.

Oraindik ez da biktima kopuru osoa ezarri, baina, aho bidezko iturriek diotenez, baliteke 300 edo 400 biktimara iristea; iturri berberek diote La Pedrajako mendietan behin eta berriro egin zirela ehorzketak.

Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldea arduratu da gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak egiteaz. Une honetan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMIC ikerketa taldea ari da biktimak identifikatzen, DNAren bitartez.

Biktimak identifikatzeko prozesua oso konplexua da, baita garestia ere. Gorpuzkinak hondatuta daude, eta horrek DNA ateratzea eta aztertzea are gehiago zailtzen du. Horrez gain, lortutako profil genetikoak senideekin erkatzeko zailtasuna ere gehitu behar zaio, eta askotan senideak urrun izaten dira. Horretarako analisi ugari egin behar dira, identifikazio positiboa lortu arte. Eta horretarako, halaber, inbertsio ekonomiko handia behar da.

Horregatik, crowdfunding kanpaina bat martxan jarri da, Gerra Zibileko biktima eta La Pedrajako hobian lurperatutako pertsonak identifikatzeko dirua biltzen saiatzeko, orain arte aurkitutako horrelako hobien artean handienetako bat baita.

Proiektu honek ez du irabazi asmorik; aitzitik, elkartasun xedeak ditu. Aurrekontua oraindik bukatzeke dauden analisi genetikoen gastuak ordaintzera bideratuko da, ez beste ezertara. Informazio gehiago jaso eta parte hartzeko, helbide honetara jo dezakezu: http://www.lanzanos.com/proyectos/fosa-la-pedraja-identificacion-desaparecidos/