euskaraespañol

UPV/EHUk 2013an tesia irakurri duten 359 doktore berriak omendu ditu

Herman Uscategui Starbucks Coffee Company-ko Estrategia Orokorreko zuzendariak Euskadi eta globalizazioari buruz hitz egin du

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/11

Irudia

Ostiralean, apirilak 11, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2013an tesia irakurri duten 359 doktore berrien izendapen ekitaldia ospatu du Areto Nagusian. Gainera, UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolak antolatu duen omenaldi honetan, 2010/11 ikasturteko doktoregoko sari bereziak ere eman dira.

Ekitaldia Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak presiditu du eta hitzaldi nagusia Herman Uscategui Starbucks Coffee Company-ko Estrategia Orokorreko zuzendariak eman du "Globalización - Euskadi y el mundo" izenburupean.

Goirizelaiak azpimarratu duenez, "ekitaldi honen helburu nagusia da doktore berrien lanari aitorpena egitea. Baina baita ere, gizartearen aurrean beraietaz harro gaudela adieraztea eta gizarteak gaurtik aurrera bere onurarako erabili behar lukeen ondasun handia duela aditzera ematea".

Guztira iaz 175 emakumek eta 184 gizonek irakurri zuten tesia UPV/EHUn. 2013an burututako 359 tesietatik, 118 Zientzia Esperimentalen ezagutza-arlokoak izan dira, 83 Gizarte eta Zuzenbide Zientzietakoak; 68 Ingeniaritza eta Arkitekturakoak; 51 Osasun Zientzietakoak eta 39 Arte eta Humanitatekoak. Horietatik guztietatik, 108 nazioartekoak izan dira eta 33 euskaraz aurkeztutakoak. Nabarmendu behar da, 2011/12 ikasturtearekin alderatuta, nazioarteko aipamenak %42 igo direla. Aipamen hori ematen zaio nazioarteko beste ikerketa zentro batekin elkarlanean egin eta epaimahaian ikertzaile atzerritarren bat duten tesiei.

Halaber, 2008/09ko doktoregoko 35 sari bereziak ere eman dira ekitaldi honetan. Sari hauek ematen zaie nazioarte mailan izan duten garrantziagatik, zientziari egin dioten ekarpenagatik eta era adierazgarrian jakintza berriaren sorreran lagundu izanagatik nabarmendu diren tesiei.

Ikerketa prestakuntzan buru

UPV/EHU bere Doktorego Programak bai Estatu mailako arauetara zein nazioarteko beharrizanetara egokitzeko prozesuan murgilduta dago. Helburu hori lortzeko, prestakuntza egitasmo anbizioso bat diseinatu da, gizarteak etorkizunean behar izango dituen ikertzaileak prestatzeko ikasleek behar dituzten gaitasunak eta baliabideak eskainiz. Prestakuntza egitasmo honen baitan, beste jarduera batzuen artean, bibliografia baliabideen erabilera, komunikazio trebetasunen garapena, edo Mugaz Haraindiko Doktorialen sustapena nabarmendu daitezke. Pau et de Pays de l'Adour Unibertsitatearekin batera antolatutako Doktorialak eredu arrakastatsua izan da, non doktoregaiek, astebetez, beraien tesiak egiterakoan sortu duten ezagutzaren aplikazio eta tranferentzia trebezien inguruan lan egiten duten beraien esparru eta kultura batzuetako kideekin batera.

Bide honetan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea ez da hutsetik abiatzen. Bere 66 Doktorego Programetatik 32k Ministerioak emandako Bikaintasuneranzko Aipamenak dituzte, estatuko unibertsitateen buru kokatuz. Gainera, nazioarte mailako presentzia sendotu egin du Erasmus Mundus programen, Horizonte 2020rako Joint Doctorate proposamenen, eta gero eta sendoagoa den Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarearen bitartez.