euskaraespañol

Herman Uscategui: "Ekintzaileek espiritu globala izan behar dute, baina sustraiak ahaztu gabe"

Herman Uscategui, Starbucks Coffee Companyko Estrategia Orokorreko zuzendaria

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/11

Irudia

Bost urte besterik ez zituela, bere familiak Euskaditik emigratu behar izan zuen arrazoi politikoakatik. Oraindik oso gazte zela, Japoniara joatea erabaki zuen, eta han, Ingeniaritza ikasi zuen eta Ekonomia Master bat ere burutu zuen. Gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetan bizi da. 83 herrialde bisitatu ditu eta zazpi hizkuntzatan hitz egin dezake, baina horietako bat euskara ez izatea sentitzen du. Herman Uscategui (Amurrio, 1967) Starbucks Coffee Companyko Estrategia Orokorreko zuzendaria da eta, ostiralean, apirilak 11, "Globalización - Euskadi y el mundo" izenburupean hitzaldia emango du 2013an Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean tesia irakurri duten 359 doktore berrien izendapen ekitaldian.

Zein da Euskal Herriarekin daukazun lotura?

Oso laburra izan zen Euskal Herrian igaro nuen denbora. Amurrion jaio nintzen eta, bost urte nituela, alde egin behar izan genuen, jakin izan dudanez, arrazoi politikoakaitik. Nire aitak ez zuen gai horretaz asko hitz egiten, ez zen eroso sentitzen gai horrekin. Lehenik, Argentinara joan ginen, gero Brasilera eta, azkenik, Kolonbian finkatu ginen. Gero, Japoniara joan nintzen prestakuntza akademikoa jasotzera.

Lanean hasi eta gero, unibertsitatera itzuli zinen zure prestakuntza osatzeko.

Bai, garrantzitsua da. Enpresa japoniar batean lan egiten nuen eta, enpresa hori, beste negozio-alor batzuetara hedatu zen eta Ameriketako Estatu Batuetara joatea proposatu zidaten, ostalaritzarekin zerikusia zuen alor batean lan egiteko. Onartu egin nuen eskaintza, baina negozioetan inolako esperientziarik ez nuenez, Ekonomia Master bat egin. Eta, geroago, Ameriketako Estatu Batuetan nengoela, berriz unibertsitatera itzultzea erabaki nuen, baina ez titulu berri bat eskuratzeko helburuarekin, jendea ezagutzeko asmoarekin baino. Eta Washingtongo Unibertsitatean matrikulatu nintzen.

Zeintzuk dira Starbucks Coffee Companyko Estrategia Orokorreko zuzendari izateko eduki behar diren gaitasunak?

Jakin-mina, kultura desberdinen inguruko interesa eta, batez ere, entzuten jakitea. Ezinbestekoa da ulertzea guztiok ez garela berdinak. Desberdinak direnak errespetatu behar ditugu eta kontuan eduki behar dugu edonorengandik ikasi dezakegula zerbait, bere hezkuntza maila, ondasunak edo estatus soziala edozein izanda ere.

Euskal Herria bezalako gizarte batek zer egin dezake gero eta globalizatuago dagoen mundu honen aurrean?

Ez dut uste globalizazioaren aurka joan behar denik. Euskaldunak globalizazioaren aitzindariak gara. Euskal diaspora euskal kulturaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat izan da historian zehar, arrantzaleak bakailaoa bila Kanadako Labrador penintsulara joaten zirenetik. Euskaldunen espiritua beti izan da ekintzailearena, beti globala. Gure kulturaren eta ohituraren zati bat da, eta beste kultura batzuen aldean euskaldunok dugun abantaila ere bada. Globalizazioak desabantailak baino abantaila gehiago eskaintzen ditu.

Testuinguru honetan, ze aukera dauka Euskal Herriko ekintzaile batek bere enpresa proiektuek nazioarte mailan oihartzuna izan dezatela lortu ahal izateko? Zein da jarraitu beharreko bidea?

Espiritu globalarekin pentsatu behar da. Kanpora irten eta beste pertsona batzuekin konektatu behar da, baina sustraiak, kultura eta ohiturak ahaztu gabe. Gero eta interkonektatuago dagoen mundu baten bizi gara, mundu askotariko batean. Zenbat eta gehiago bidaiatu eta esperientzia gehiago bizi, hainbat eta hobeagoak izango gara pertsona bezala eta hobeto ulertu ahal izango dugu mundua.

Starbucks bezalako enpresa handi batean zein da ohiturari geratzen zaion lekua?

Starbucks enpresa Amerikarra da. Baina hedatzen joan garen neurrian, ohiturak hobeto ulertzen ikasi behar izan dugu. Tokikotu egin behar izan gara. Hasierako negozio eredua egokitu egin behar izan dugu herrialde, hiriburu eta auzo bakoitzera. Merkatu zehatz bateko produktua eta esperientzia ez dira beste merkatu batzuetan errepikatu behar, errespetuz moldatu behar dira haietara.

UPV/EHUko doktore berrien izendapen ekitaldiko ikasgaia emango duzu. Zenbateko garrantzia ematen diozu unibertsitateko titulu bat jaso ondoren pertsona hauek doktorego tesi bat egitea erabaki izanari?

Balio handia dauka erabaki horrek, alde bitatik. Batetik, ikuspuntu akademikotik, jarrera horrek erakusten du pertsona horiek jakin-mina eta interesa daukatela beraien lana aurrera doan heinean gero eta konplexuagoa izango den gai zehatz batean sakontzeko. Eta bigarrenik, alderdi pertsonalean, doktorego bat egitea erabaki izanak erakusten du pertsona horiek diziplina, espiritu ekintzailea eta lan-etika bezalako dohainak dituztela. Eta dohain horiek oso baliotsuak dira.

Euskaldun bezala aritzen zara zoazen toki guztietan?

Bai, noski. Eta oso harro nago euskalduna izateaz. Uste dut oso garrantzitsua dela hemendik kanpora ere Euskal Herriko errealitatea benetan den bezala ezagutzea. Orokorrean, nahiko ezezaguna da eta batez ere arlo politikoan oinarrituta dago, horrek dituen konnotazio negatiboekin. Baina jendea konturatzen hasten denean nolakoak garen euskalduna, gure irudia guztiz aldatzen da. Ezjakintasun handia dago, askok ez dakite euskaldunak nortzuk eta nolakoak garen.