euskaraespañol

Arte Ederretako ikasleek artelan bat sortu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museorako

Urrira arte Museoko kaian ikusgai egongo den "All Iron" artelana, bi edukiontzi handiz osatuta dago

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/06

Irudia

Asteartean, maiatzak 6, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arteko Graduko laugarren mailako ikasleak diren Mar de Diosek eta Miguel Puertasek sortutako "All Iron" eskultura aurkeztu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kaian. Aurtenetxea y Zabala Arquitectos enpresaren ekimenez eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren eta Bilboko Udalaren parte hartzearekin, bigarren urtez jarraian deialdi irekia burutu da Arte Ederren Fakultateko gradu, master eta doktoregoko ikasleen artean Museoaren kanpoalderako bereziki pentsatutako interbentzio proiektu artistikoak aurkeztu ditzaten. Proiektu horiek, edozein motatakoak izan zitezkeen (piktorikoak, eskultorikoak, ikus-entzunezkoak, performanceak, etab.) eta edukiontzi bat edo gehiago izan behar ziren lanaren oinarri.

Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Jon Ruigomez Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko zuzendariak, Natxo Rodríguez UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordeak, Julen Aurtenetxea Aurtenetxea Taldeko Kontseilari Delegatuak, Eva Salcedo Bilbao Ekintzako Enpresak Sustatzeko zuzendariak, eta deialdian parte hartu duten UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko hainbat ikaslek.

Aurkeztutako hogei proiektuen artean, Mar de Diosen eta Miguel Puertasen "All Iron" formatu handiko artelana izan da aukeratua, eta urrira bitartean izango da ikusgai Museoko kaietan Bilboko portuaren historiaren iraganarekin eta orainarekin elkarrizketan. Gainera, irabazleaz gain, accesit bi ere eman zaie Sandra Villarren eta Rubén Pinoren proposamenei.

Beste alde batetik, deialdira aurkeztutako hogei proiektuen aukeraketa batekin erakusketa bat egingo da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan bertan. Erakusketa hau ekainaren 15era bitartean izango da ikusgai.

Mar de Diosek eta Miguel Puertasek adierazi dutenez, "'All Iron' hiri honek industrializazio garaian izan zituen ongialdi urteei omenaldia da, hau da, zimenduak altxatu eta gaur egun Bilbo Handia bezala ezagutzen dugun eremuaren hedapena ahalbidetu zuen sasoiari. Ordu luzez eta sarritan baldintza prekarioan eta soldata oso txikien truke lan egiten zuten langileen artean bi hitz horiek pizten zituzten ospakizun eta euforia sentimenduari keinu bat da". "Gaur egun -jarraitzen dute ikasleek-, beste toki asko bezala gure hiria eta bere hiritarrak ere azken urteetan astintzen ari den ekonomiaren atzeraldiak, motibazio eta baikortasun injekzio bat ere behar du".

Eskultura hau urrira arte egongo da ikusgai Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kanpoaldean. Hiriko eta portuko paisai berriztuaren kontrapuntua izango da eta Museoaren bildumako piezekin batera kokatuko da.