euskaraespañol

Una explosión estelar en los confines del Universo da pistas sobre la formación de los agujeros negrosUnibertsoaren mugan egondako izarren leherketa batek zulo beltzen osaerari buruzko aztarnak eman ditu

UPV/EHUren, Ikerbasqueren eta CSICren arteko lankidetza batek zulo beltz sortu berri batetik datorren argi zirkularra antzemateko lanean parte hartu du lehenengo aldiz

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/07

Irudia

Lana Nature aldizkari ospetsuan argitaratu da

2012ko urriaren 24an mundu osoko behatokiei GRB121024A izeneko izarraren leherketa erraldoiaren berri eman zitzaien; leherketa hori NASAren Swift sateliteak aurkitu zuen ordu batzuk aurrerago Eridanoren konstelazioan. Hala eta guztiz ere, Europako Behatoki Australak baino ezin izan zituen fenomenoaren neurri polarimetriko zehatzak hartu, Atacamako basamortuan (Txile) duen Very Large Telescoperen (VLT) bidez. Orain dela 11.000 milioi urte inguru gertatu zen eztanda horri buruz lortutako datuek zulo beltz bat osatzeko modua jakitea ahalbidetu dute. Andaluziako Astrofisika Institutua/CSICren eta UPV/EHUren arteko Atal Elkartuko zuzendarikidea den Javier Gorosabel Ikerbasque ikertzaileak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu den lan horretan parte hartu du.

Kosmos osoan ez dago unibertsoaren mugako izarren LGRB (Long Gamma-Ray Bursts ingelesez) izeneko leherketekin energiaren eta intentsitatearen aldetik lehiatu daitekeen gertaerarik: segundo bakar batean GRB bakar batek ehunka izarrek, Eguzkiaren bezalakoek, 10.000 milioi urteko bizitzan lehertu dezaketena lehertzen du.

Orain dela hamar urte astrofisikoek ebidentzia handiak izan zituzten, eta badakite LGRBak izar masiboen eztandagatik gertatzen direla; izar masibo horiek astro erraldoiak dira, Eguzkiaren masa baino ehun aldiz handiagoa dena dutenak eta, gainera, biraketa-ardatz baten inguruan azkar biratzen direnak.

Izar horiek masiboak direnez eta biratzen direnez, ez dute eztanda egiten izar arrunt baten moduan: modu erradialean egiten dute, adibidez, baloi bat husten den bezala. Eredu teoriko batzuen arabera, astro erraldoi horien inplosioak ziba izugarri bat sortuko luke, hau da, urak konketa baten estolda-zulo batean egiten duen bezala, azkenean zulo beltza osatu arte. Leherketa erraldoi horrek askatutako energia hilzorian dagoen izarraren biraketa-ardatzarekin lerrokatuta dauden bi zurrusta oso energetikotan igorriko litzateke.

Gainera, izar guztiek eremu magnetikoak dituzte, are gehiago izarrak azkar biratzen badira, LGRBekin gertatzen den bezala. Horrela, izarra erdialdeko zulo beltzerantz barnetik hondatzen den bitartean, izarraren eremu magnetikoak ere haren biraketa-ardatzaren inguruan pilatuko lirateke. Eta, izarra hondatzen den bitartean, "geiser magnetiko" handia gertatuko litzateke, osatzen doan zulo beltzaren ingurutik botako litzatekeena eta hainbat bilioi kilometroko distantzietan sentitzen diren ondorioak dituena.

Agertoki konplexu horrek izarraren eztandan igorritako argia zirkulu forman polarizatuta, torloju bat izango balitz bezala, egon behar zela aurreikustea eragiten zuen. Eta horixe da, hain zuzen ere, egileek Txiletik antzeman dutena: zirkulu forman polarizatutako argi bat Unibertsoaren mugan sortutako zulo beltz sortu berri baten zuzeneko ondorioa da, eta eredu teorikoa egiaztatzen du. Gainera, lehenengo aldiz antzeman da hain maila handiko polarizazio zirkular optikoa eta hain urrun dagoen iturri batean. Horrek guztiak GRB121024A aparteko gertaera izatea dakar.

Atal Elkartua
Bai Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak bai Ikerbasquek aurkikuntza horretan parte hartu dute, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Andaluziako Astrofisika Institutuak (IAA) Goi Ingeniaritza Eskola Teknikoan (ETSI, Bilbo) sortu zuen Atal Elkartuaren bidez. Beste abantaila askoren artean, lankidetza hori balio erantsia da, Atal Elkartuari nazioarteko partzuergo handietan (adibidez, VLT zientziaren aldetik ustiatzen duena) parte hartzea ahalbidetzen diona. Atal Elkartuko buruak bi dira, batera: Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko katedraduna (aldi, berean, EspaZio Gela ikasgelako zuzendaria) eta Javier Gorosabel, CSICko ikertzaile zientifikoa eta ETSIn Ikerbasque Research Professor dena.

Horrez gain, VLT munduko teleskopio handi eta ondoen hornitutakoetako bat da, eta horrek Atacamako basamortuko behaketa astronomikoko baldintza bikainak ustiatzen ditu. Horren ondorioz, VLTren erabilera oso mugatuta dago, eta oso lehiakorra den prozesu batek arautzen du; horren barnean, nazioarteko batzorde batek aurkeztutako behaketa proposamen onenak hautatzen ditu sei hilean behin. Horrela, teknologiaren ikuspuntutik puntakoak diren instalazio horietan sartzeko modu bakarra nazioarteko partzuergo boteretsuen bidezkoa da. Nature aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratutako azterlanean 13 herrialdetako 27 erakundetako ikertzaileek parte hartu dute.

Aipamen bibliografikoa
K. Wiersema, S. Covino, K. Toma, A.J. van der Horst, K. Varela, M. Min, J. Greiner, R.L.C. Starling, N.R. Tanvir, R.A.M.J. Wijers, S. Campana, P.A. Curra, Y. Fan, J.P.U. Fynbo, J. Gorosabel, A. Gomboc, D. Götz, J. Hjorth, Z.P. Jin, S. Kobayashi, C. Kouveliotou, C. Mundell, P.T.O'Brien, E. Pian, A. Rowlinson, D.M. Russell, R. Salvaterra, S. Di Serego Alighieri, G. Tagliafferri, S.D. Vergani, J. Eliott, C. Fariña, O.E. Hartoog, R. Karjalainen, S. Klose, F. Knust, A.J. Levan, P. Schady, V. Sudilovsky, & R. Willingale. Circular Polarization in the optical afterglow of GRB121024A. Nature, 2014, DOI 10.1038/nature13237.

 

01 irudia. Goialdeko ezkerreko laukia (a): Very Large Telescopek (VLT) Txiletik GRB121024Aren eremuaz hartutako irudia. GRB121024A lerro etenen bidez adierazitako puntua da. GRB121024Ak irudian duen distira ez dator bat Lurreraino duen distantziarekin. Izan ere, ikus daitekeenez, GRB121024A eremuko objektu distiratsuenetako bat da, nahiz eta irudian urrunen dauden objektuetako bat izan (urrunen dagoena ere izan liteke). Horrela, adierazitako puntua izar batek orain dela 11.000 milioi urte inguru izan zuen eztandari dagokio, artean Unibertsoaren adina gaur egungo adinaren heren bat zela. Lauki orokorra (b): GRB121024Aren erreprodukzio artistikoa. Hilzorian dagoen izarretik irteten diren zurrustak ikus daitezke, izar horren erdian zulo beltz bat osatuko litzatekeela. Zurrustatik hedatzen den uhin urdinak antzemandako polarizazio zirkularra ordezkatzen du. Kreditua: NASA, Goddard Space Flight Center/S. Wiessinger.

02 irudia: VLTren FORS2 tresnan muntatutako polarimetroak GRB121024Az hartutako irudia. Polarimetroak objektu bakoitzeko bi irudi ematen ditu ikuseremuan. Polarizatutako objektuak distiratsuago agertzen dira banda batean bestean baino. Polarizatu gabeko objektu gehienek intentsitate berdina daukate goiko bandan zein behekoan. Geziaz adierazitako objektua GRB121024A da, % 0.6ko polarizazio zirkularra erakutsi zuena. Irudia: Wiersema et al.  2014, Nature, DOI 10.1038/nature13237.