euskaraespañol

Las noticias sensacionalistas sobre episodios online tienen gran influencia en los menores

EU Kids Online proiektuaren beste txosten bat argitaratu da, London School of Economics-ek zuzendutakoa eta UPV/EHUren parte-hartzea duena

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/03

Adinaren arabera, haurrek online sortzen diren egoera gatazkatsuak ulertzeko duten era aldatu egiten da: txikienek komunikabideen eta beren gurasoen ikuspegi bera izaten dute, eta zaharragoak beren esperientzietan edo beren ingurukoenetan oinarritzen dira. Alabaina, denentzat, horren ohikoak ez diren arriskuekiko kontzientziazioan, bereziki "ezezagunenganako beldurrean", eragin handia du komunikabideek zenbait albisteri ematen dieten tonu sentsazionalistak.

Hori da EU Kids Online proiektuaren txosten berrian argitaratutako ondorioetako bat. Txosten hori London School of Economics and Political Science-ek (LSE) zuzendu du eta UPV/EHUren parte-hartzea izan du. Azterlana gauzatzeko, Europako hainbat adingabe elkarrizketatu ziren, Internet erabiltzen dutenean arazo gisa zer ikusten duten aztertzeko. Ikerlanak zein arriskurekin dauden kontzientziatuta, zergatik ikusten dituzten egoera batzuk negatibo gisa eta arriskuei aurre egiteko edo horiek prebenitzeko zer egiten duten adierazten du.

Online erasoak gertatzen dira
Adingabeek eta helduek egoera desberdinak ikusten dituzte gatazkatsu gisa. Hori da online bullying-aren kasua. Esperientzia horiek negatiboak izaten dira bai biktimentzat bai erasoak ikusten dituztenentzat. Askotan, adingabeek ez diete jaramonik egiten esperientzia horiei, online erasoekin loturiko arazoei garrantzia kenduz. Ohiko gertaera gisa ikusten dituzte; halako egoerak "gertatzen direla" esaten dute. Erreakzio horiek Interneteko indarkeria ahalbidetzen duen testuinguru bat sorrarazten dute, indarkeria mota hori ohikotzat jotzen baitute. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari Maialen Garmendia Larrañagak gomendio hau egiten du:

"Garrantzitsua da adingabeei "txantxa bat" gertakari serio eta kaltegarri bihur daitekeela ulertaraztea. Online komunikazioak gauzak oker ditzakeela ikusiko balute, harreman agresiboak neutralizatzeko prebentzio neurriak hartzeko motibazioa sentituko lukete, arazoa larriagotu baino lehen."

Lagunak eta ikaskideak oso garrantzitsuak dira erasoak eta cyberbullying-a prebenitzeko. Maialen Garmendia Larrañagak hau gehitu du:

"Ikaskideen eta lagun taldearen ahalmenak ciberbullyng-ari eta sareko beste indarkeria mota batzuei aurre egiteko erabili beharko lirateke. Horrelako egoerak gainditzeko laguntzari buruz hitz egitean, adingabeek beren lagunen eta ikaskideen garrantzia nabarmentzen dute, eraso horiei aurre egiteko edo gatazkak konpontzen laguntzeko."

Gurasoak: sentsibilitatea eta argitasuna
Guraso batzuek beren seme-alabei Interneten arazoak sorraraz ditzaketen ekintzak zein diren argi azaltzen badiete ere, azterlanak agerian uzten du guraso askok oraindik ez dutela argi hitz egiten arriskuei buruz. Ildo horretatik, gurasoek Interneti buruzko ezagutza handirik ez badute ere, garrantzitsua da beren seme-alabekiko konfiantzazko harremanak ezartzea eta adingabeak egiten duen Interneten erabilera bere garapenaren zati garrantzitsu gisa ikustea, gurasoen parte-hartzea behar duena. Dena den, interes hori ez da nahastu behar adingabeak Internet bidez dituen komunikazioak zelatatzearekin. Adingabeentzat "espioitza" horrek tentsioa sorrarazten du eta gurasoengandik urruntzea ekar dezake. Hala, konfiantza galtzen dute eta, arazo larriren bat izanez gero, ez dute gurasoengana jotzen.

Interneterako sarbidea mugatu edo egon daitezkeen arriskuekin beldurra sartu beharrean, gurasoei beren seme-alabek Interneten dituzten esperientziei buruz ahalik eta modu naturalenean hitz egitea gomendatzen zaie. Konfiantzan oinarritutako harreman horretatik abiatuta, adingabeak irekiago egoten dira jasan ditzaketen arriskuak ulertzeko eta horiek saihesteko metodoak ezagutzeko. Horretarako, garrantzitsua da gurasoek, batez ere seme alaba nerabeen kasuan, sentsibilitate handia izatea eta beren seme-alaben pribatutasuna errespetatzea. Gainera, gaur egun adingabeak arrisku horietatik babesteko eta arrisku horiez ohartarazteko baliabide ugari daude (www.protegeles.com).

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari Maialen Garmendia Larrañagaren arabera:

"Haurrek Interneten bizi ditzaketen egoera gatazkatsuen aniztasuna kontuan hartuta, beharrezkoa da online munduari buruzko heziketa sakona jasotzea. Heziketa horrek arriskuak hobeto ebaluatzen lagun diezaieke eta horiei aurre egiteko gaitasuna eman diezaieke, baita bakarrik ere (une horretan helduren baten laguntzarik jaso ezin badute)."

Haurren aipamenak
" Online joko batean nenbilen eta txat bat zuen, jokatzen ari zen edozeinekin hitz egiteko aukera ematen zuena. Ez dut gogoratzen zertaz hitz egiten ari nintzen; jokoan hasi berria nintzen eta zenbait galdera egiten ari nintzen, eta orduan irainka hasi zitzaizkidan. Gelditzeko esan nien, baina okerragoa izan zen; erotu egin ziren txorakeria batengatik. Honela esan zidaten: "Aurkitu egingo zaitut eta ikusiko duzu...", eta halako gauza gehiago (mutila, 15-16 urte, Errumania).

" Internet erabil dezaket, betiere, argazkirik edo halakorik igo gabe; bestela, bahitzaileak nirekin harremanetan jar daitezke... Gurasoek ezagutzen ez dudan jendearekin ez hitz egiteko esan didate. Ez dute nahi ezezagunekin hitz egitea, bahitzaileak izan daitezkeelako eta aurrez aurre ikusi nahi izango nautelako. Halako kasu asko ikusi ditut. Baina ez nau kezkatzen, niri ez baitzait halakorik gertatuko... Horrelako gertaera asko agertzen dira telebistan; jendeak beste pertsona batzuekin hitz egiten du Interneten eta, ondoren, aurkitu eta hil egiten dituzte (mutila, 11-13, Espainia).

"  Kontu handiz ibili behar da, izan ere, asko ez badira ere, badaude bahitzaileak, pedofiloak eta halakoak. Nik badakit, lagun batek halako istorio bat bizi izan zuelako. Lagun talde batekin zegoen eta neskato txiki baten plantak egin zituzten. Pertsona batek erantzun zien; itxuraz, pedofilo bat zen eta post-ei erantzun zien. Elkar ikusteko hitzordu bat jarri zuten eta polizia bertan zegoen ezkutatuta (mutila, 15, Belgika).

" Neskatoa: Jendeak min handia egin dezake Interneten jartzen dituen argazkiekin. Ez dira ohartzen argazki horiekin egin daitekeenaz. Jendeak ez dauka ideiarik.
" Elkarrizketatzailea: Mina esaten duzunean, nahita egiten dutela esan nahi duzu?
" Neskatoa: Bai, heldu batzuk zure adinekoak direla esan eta argazki horiek min egiteko erabiltzen dituzte. Askotan entzun dut telebistan pedofilo batzuek Interneteko argazkiak hartu edo barruko arropatan ateratako argazkiak eskatzen dituztela, eta pertsona horri min egiteko erabiltzen dituztela (neska, 15, Espainia).

" Neskatoa: Bai, nire aitak badakizki nire Messengerreko eta Facebookeko pasahitzak. Noizean behin ezezagunekin hitz egiten aritu ote naizen begiratzen du, entzundako kasuak direla eta.
" Elkarrizketatzailea: Zein kasutaz ari zara?
" Neskatoa: Telebistan esan zutenez, norbaitek Facebooken zegoen neska bat hil zuen. Orain nire aitak debora guztian begiratzen du (neska, 12, Errumania).

" Nire aitak ez du halakorik esaten, baina guraso batzuek esaten dute denbora askoan joko batean arituz gero menpekotasuna sortzen duela eta adimenean eragin dezakeela. Eta bizitza errealean jokoan gertatzen dena kopiatzen saiatzen zarela. Egia esateko, ez dakit...ez nago ados, norberaren izaeraren eta adimenaren araberakoa dela uste dut. Baita gurasoen araberakoa ere (mutila, 15, Erresuma Batua).

" Behin, 9 urte nituela, Google-n nenbilen animalien argazkiak bilatzen eta pop-up bat agertu zen (neska biluzi bat zen, mugitzen). Oso txikia nintzenez, beldurtu egin nintzen eta nire aitari deitu nion (barreak). Oso gaztea nintzen eta ez nekien horri buruzko ezer. Inoiz ez nuen gorputz biluzirik ikusi eta arraroa iruditu zitzaidan. Nire aita gertu zegoenez, ezin izan nuen ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu (mutila, 16, Grezia).

" Facebooken badago "sexu maniako zerriak" , ez, "gorroto ditut sexu maniako zerri horiek" izena duen orrialde bat. Bertan jendearen, nire ustez buruko arazoak dituen jendearen, mezuak jasotzen dituzten pertsonek elkarrizketa horien zatiak jartzen dituzte. Batzuetan beldurra ematen duten elkarrizketak ikus daitezke; kezka sorrarazten didate. Neska gazteak erasotzen dituzten sexu maniakoak dira. Gauza horiek beldurra ematen didate. Niri gertatuz gero... (neska, 14-16, Italia).

" Elkarrizketatzailea: Eta zer egin zuten zure ikaskide gertukoenek?
" Neska: beraiek ere beldurtuta zeuden. Eskolan ez geundenean, alegia, nire etxean edo kalean, babesa ematen zidaten, baina eskolan barre egingo zieten beldur ziren (neska, 14-16, Italia).
EU Kids Online proiektuari buruz
EU Kids Online proiektuaren helburua Europako haurrek eta beren gurasoek Interneten eta teknologia berrien erabileraren arriskuari eta erabilera seguruari dagokienez dituzten esperientzia eta praktikei buruzko ezagutza hobetzea eta haurrentzat seguruagoa den ingurune bat sustatzen laguntzea da. EEko Safer Internet Programme erakundeak finantzatzen du proiektua (SI-2010-TN-4201001).

Txosten berri honek EU Kids Online III programaren ikerketa kualitatiboaren ondorioak biltzen ditu. Ikerketa Internet erabiltzen duten 9 eta 16 urteko adingabeekin eginiko eztabaida taldeen eta elkarrizketen bidez gauzatu zen. Haurrak Europako bederatzi herrialdetakoak ziren: Belgika, Txekiar Errepublika, Grezia, Italia, Malta, Portugal, Errumania, Espainia eta Erresuma Batua. Guztira, 56 focus group eta 114 elkarrizketa egin ziren.

Ikerketa kualitatibo honek puntu hauek izan ditu oinarrian: haurrek zer jotzen duten negatibotzat Internet erabiltzean, adingabeek zer arrisku ikusten dituzten Internet erabiltzean, bizi ditzaketen esperientzia negatiboek zer ondorio izan ditzaketen, haurrek nola erreakzionatzen duten esperientzia horien aurrean, zer egiten duten esperientzia horiek saihesteko edo prebenitzeko, eta zergatik ikusten dituzten egoera batzuk negatibo gisa.

Txosten osoa ikusteko (Meaning of online problematic situations for children. Results of qualitative cross-cultural investigation in nine European countries, David Smahel & Michelle F. Wright-ek koordinatua):
http://www.lse.ac.uk/media@lse/research/EUKidsOnline/EU%20Kids%20III/Reports/D4.2MeaningsReport.pdf

Emaitza gehiago, beste txosten batzuk edo xehetasun teknikoak kontsultatzeko, helbide honetan sar zaitezke: www.eukidsonline.net.