euskaraespañol

UPV/EHUk Hesperia izeneko Hizkuntza Paleohispanikoen lehenengo Datu Bankuan parte hartzen du

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/24

Ostiral honetan, ekainak 20, Hizkuntza Paleohispanikoen lehenengo Datu Bankua aurkeztu da Fundación Pastor de Estudios Clásicos erakundeko ekitaldi-aretoan. Iberiar Penintsulari buruzko antzinako hizkuntza-material guztiak bildu, ordenatu eta tratatzea da helburua.

Hesperia proiektua 1997an hasi zen garatzen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta, ordutik hona, hainbat ikertzaileren gero eta lankidetza handiagoa izan du, batez ere Euskal Herriko, Bartzelonako eta Zaragozako unibertsitateetakoak. Hizkuntza Paleohispanikoen Datu Bankuaren aurkezpenean, hauek izan dira: Javier de Hoz, Unibertsitate Konplutentseko Filologia Grekoko irakasle emeritua eta Fundación Pastor de Estudios Clásicos erakundeko patronoa; Joaquín Gorrochategui, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Indoeuropear Hizkuntzalaritzako katedraduna; Eduardo Orduña, Pont de Suert BHIkoa; José María Vallejo, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Indoeuropear Hizkuntzalaritzako irakaslea; Eugenio R. Luján, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Filologia Fakultateko dekanoa eta Indoeuropear Hizkuntzalaritzako irakasle titularra; Francisco Beltrán, Zaragozako Unibertsitateko Antzinaroaren Historiako katedraduna; eta Javier Velaza, Bartzelonako Unibertsitateko Filologia Latinoko katedraduna.

Hesperia izeneko Datu Paleohispanikoen Bankua euren artean erlazionatutako hainbat base modura egituratuta dago: epigrafia, numismatika, onomastika, lexikoa eta bibliografia. Horrez gain, gainerako baseekin lotutako bi tresna osagarri ditu: bilaketa-eredu zehatz bat betetzen duten lokalizazioen banaketa-mapak sortzen dituen MapServer aplikazioa, eta grafikoen bilatzaile-sortzailea.

Horren helburua da Iberiar Penintsulari buruzko antzinako hizkuntza-material guztiak bildu, ordenatu eta tratatzea (eta horrekin lotutakoak, Frantzia hegoaldekoak), inskripzio latino, greko eta feniziarrak alde batera utzita.

Hesperia datu-bankuak hauek jasotzen ditu: hizkuntza paleohispanikoetan dauden testu guztiak (iberiarra, zeltiberiarra, lusitaniarra eta hego-mendebaldeko inskripzioen hizkuntza), inskripzio monetal paleohispanikoak, onomastika indigena (antroponimoak, toponimoak, etnonimoak eta teonimoak, aipatutako hizkuntzenak, bai eta baskoiarenak edo turdetaniarrarenak ere), iturri epigrafiko edo literario grekolatindarretan transmititutakoak, eta antzinako egileek transmititutako glosa hispanikoak.

Hesperia datu-bankuari buruzko informazioa helbide honetan dago eskuragarri: http://hesperia.ucm.es/