euskaraespañol

Nolako basoak eta larreak, halako emisioak

Klima-aldaketak ekarriko dituen ur-kondizioetan hobekien haziko diren zuhaitzak aukeratzeko modu bat proposatu dute UPV/EHUn

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/11

Irudia

UPV/EHUko Landareen Fisiologia laborategiko ikertzaileek EAEko zenbait baso eta larretako lurretan izaten diren berotegi-efektuko gasen sartu-irtenak neurtu dituzte. Larreetan, adibidez, ongarriekin batera erabiltzen den DMPP konposatuak zenbait ur- eta tenperatura-kondiziotan nitrogenodun konposatuak ez galtzeko zer eraginkortasun duen neurtu dute. Basoetan, bestalde, berotegi-efektuko gas nagusien (CO2, N2O eta CH4) emisioak neurtu dituzte, eta baso-moten arteko desberdintasunak zenbatetsi. Halaber, sailetako zuhaitzak nondik datozen, ur-kondizio jakin batzuetara nola egokituko diren iragartzeko metodo bat baliagarria izan daitekeela frogatu dute. Klima-aldaketak ekarriko dituen ur-kondizioetara nola moldatuko diren jakiteko bidea irekitzen du horrek.

Nekazaritza-lurrak ongarritzean, nitrogeno-kantitate handiak hartzen ditu lurrak, eta ohikoa izaten da oxido nitroso (N2O) emisioak areagotzea. Izan ere, ongarrietan nitrogenoa forma horretan ez badago ere, lurreko bakterioek nitrifikazio- eta desnitrifikazio-prozesuak egiten dituzte iristen zaien nitrogenoarekin, eta "prozesuotan oxido nitrosoa sortzen da, eta atmosferara isurtzen", azaldu du Iskander Barrena Zubiaur UPV/EHUko Landareen Fisiologia laborategiko ikertzaileak. Hori dela eta, lurrari gehitzen zaion nitrogenoaren parte bat galdu egiten da.

Atmosferara isurtzen den nitrogenoa ez ezik, nitrifikazioan sortzen den beste konposatu bat ere, nitratoa, gal daiteke, euri-urak eramaten baitu disolbatuta. Nitrogeno-galera horiei aurre egitearren, "nitrifikazioaren inhibitzaile" deritzen konposatuak gehitzen zaizkie ongarriei haiek lurrean zabaldu baino lehen. Horietako bat da DMPPa (3,4-dimetil pirazol fosfatoa). Konposatuon funtzioa lurrera iristen den nitrogenoari amonio modura eustea da, ez eraldatzea. "Forma hori da landareek eskuratu ditzaketenetako bat, eta, hortaz, bi helburu betetzen dituzte nitrifikazioaren inhibitzaileek", argitu du Barrenak.

Larreko lurzoruarekin egindako esperimentuetan, DMPParen eraginkortasuna neurtu zuten Euskal Herrian ohikoak diren zenbait ur- eta tenperatura-kondiziotan, asko baldintzatzen baitituzte nitrifikazioa eta desnitrifikazioa bi aldagai horiek. Ikusi zutenez, kondizio guztietan lortu zuen DMPPak kontroleko mailetara jaistea oxido nitrosoaren emisioak, alegia, kondizio beretan inkubatutako baina ongarririk gabeko lur-eremuetan neurtutako emisioetara. "Edonola ere, eraginkortasun handiena tenperatura baxuetan eta ur-eduki handia zegoenean izan zuen DMPPak -dio Barrenak-, kondizio horietan izaten direlako, hain zuzen ere, oxido nitroso emisio handienak".

Emisio txikienak, pagadietan

Isurialde kantauriarreko baso-lurretako gas-emisioa ere izan zuten aztergai UPV/EHUko ikertzaileek. "Guk egindako neurketak Europako beste eskualde batzuetako emisioekin alderatuta, ikusi genuen isurialde kantauriarreko berotegi-efektuko gasen emisioak (CO2, N2O eta CH4) Europako baxuenetakoak zirela. Gure ustez, horren arrazoia da EAEn, berez, lurrak beste herrialde batzuetakoak baino nitrogeno gutxiagokoak direla", dio ikertzaileak. Metanoaren kasuan, esate baterako, aztertutako basoetako lurrek, aireratu ordez, atmosferakoa xurgatzen zutela ikusi zuten. "Lurreko bakterio metanotrofoek kontsumitzen dute. Pagadietan, hau da, bertako baso naturaletan, neurtu genuen kontsumo handiena, eta pinu-landaketetan txikiena", argitu du Barrenak.

Oxido nitrosoaren kasuan, emisioak baso-motaren araberakoak direla ikusi zuten. Hiru baso-motatan egin zituzten neurketak: pagadietan, Pinus radiata pinuaren sailetan eta Douglas izeiarenetan. Bada, emisiorik txikienak pagadietan neurtu zituzten, eta, handienak, berriz, Douglas izeien sailetan. "Baso-mota bakoitzaren oihanpeko landare-estaldura da desberdintasun horien eragilea", argitu du biologoak. Alde batetik, pinudi eta pagadietan, lurreko landare-estalduraren araberakoa zen gasen emisioa: zenbat eta ugariagoa landaredia, orduan eta handiagoa emisioa. "Pagadi helduetan, adibidez, hain txikia denez oihanpeko landare-estaldura, oso txikiak dira oxido nitroso emisioak. Batzuetan, fluxu negatiboa ere neurtu genuen; lurrak atmosferako oxido nitrosoa kontsumitzen zuen, alegia", gaineratu du. Bestalde, Douglas izeien azikulek, orratz-formako hostoek, argizari-geruza bat dute inguruan, eta denbora luzea behar dute degradatzeko. Horrenbestez, azikulak lurrean pilatzean, txoko ekologiko bereziak sortzen dira, eta, kasu horretan, bakterio desnitrifikatzaileak hazten dira. "Bakterio horien jardueraren eraginez izaten dira emisio handiagoak, batez ere oxido nitrosoarenak, nahiz eta landare-estaldura txikia izan".

Pinus radiataren sailetan, bestalde, ikertzaileek frogatu zuten metodo bat baliagarria dela aldez aurretik jakiteko zer portaera izango duten zuhaitzek ur-eduki jakin batzuetan. Zehazki, ikusi zuten karbono-13 isotopoaren maila portaera horren adierazle izan daitekeela. "Ikerketaren parte horren helburua izan zen klima-aldaketak eragindako aldaketei aurrea hartzea. Iragarpenek diote klima-aldaketaren eraginez prezipitazioak gutxitu egingo direla, eta, hortaz, aukera dago, metodo hori erabilita, aldez aurretik aukeratzeko etorkizunean izango diren ur-kondizioetan hobekien haziko diren zuhaitzak".

Informazio osagarria

Iskander Barrena Zubiaur (Larrabetzu, 1985) biologoaren tesirako egin da ikerketa hau. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Basalan S.A. enpresaren baimenarekin aztertu zituen aipatutako baso-sailak, eta Granadako CSIC-Zaidin estazio esperimentalean jaso zuen bakterio nitrifikatzaile eta desnitrifikatzaileen erauzketa eta kuantifikazioa egiteko trebakuntza. Ikerketa bera Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) egin zuen osorik, Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Landareen Fisiologia laborategian.