euskaraespañol

UPV/EHUk bere postua finkatu du Shangaiko rankingean

Berriki argitaratu den azken ebaluazioaren ostean, euskal unibertsitatea munduko 500 onenen artean mantentzen da

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/18

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) bere postua finkatu du Shangaiko rankingean, mundu osoko goi mailako hezkuntzako 500 erakunde onenen artean mantenduz. Sailkapena Shangaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamabi dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak. Euskal Herriko Unibertsitatea izan da azken urteetan izen handiko ranking honetan sartu den estatuko hezkuntza erakunde bakarra. Hain zuzen ere, 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz.

Harvard, Stanford eta Massachusetts Institute of Technology dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru postuak betetzen dituzten unibertsitateak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte eta bi (Oxford eta Cambridge) Britainiar Handiko unibertsitateek.

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira.

Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago erregistratuta daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saridunak eta irakasle eta ikasleek eskuratutako Matematiketako Fields dominak, eta aldizkari zientifikoetako argitalpenak eta aipamenak ere kontuan izan dira.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorearen iritziz, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 unibertsitate onenen artean finkatu dela albiste bikaina da: "Bere testuinguru egokian aztertu behar da zein garrantzitsua den ranking honetan mantentzea lortu izan azken hiru urteetan aurrekontuetan murrizketak izan ondoren. Eta hori lortu dugu, unibertsitate osoak egin duen esfortzuari eta lanari esker. Baina argi daukagu ez dela erraza izango etorkizunean mantentzea".

Errektoreak gaineratu du baita ere lorpen hau garrantzitsua dela ikuspuntu sozial batetik: "UPV/EHUk bere eginkizunaren berri ematen dio euskal gizarteari era desberdinetan. Ba, hauxe da horietako bat: garrantzi handiko datu bat da munduko 500 unibertsitate onenen artean izatea, kanpoko erakunde batek egindako ebaluazio baten arabera eta nazioarte mailan onartutako irizpide objektiboak erabiltzen dituena. Shangaiko rankingean postu hori mantentzeak argi eta garbi erakusten du Euskal Herriko Unibertsitateak egiten duen lana ona dela, baina horri eusteko ezinbestekoa izango da euskal erakundeen konpromisoa eta inplikazioa".