euskaraespañol

Hiriaren ezaugarriak nolakoak, halakoa mugikortasun-eredua

Garraio-eskaintza hobetzearekin batera, herritarren mugikortasun-eskaria ere kudeatu beharra dago garraio-eredu jasangarri bat lortzeko, UPV/EHUren ikerketa baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/17

Irudia

Motorrezko ibilgailuen erabilera masiboak arazo ugari eragiten ditu (poluzioa, zarata, istripuak, espazioaren okupazioa…), eta horiei aurre egiteko bi bide, gutxienik, erabili behar dira, ikerlan hau egiten dutenen ustez: hobetu egin behar da garraio publikoaren eskaintza, eta kudeatu egin behar da mugikortasun-eskaria. Hala dio 'Hiri-garapenaren ezaugarrien eta mugikortasun-ereduaren arteko lotura: Bizkaiko kasua' lanaren egileetako batek, Lorea Mendiolak. 1991-2001 epean Bizkaian egindako eta Journal of Transport Geography aldizkariak argitaratutako ikerketa baten emaitzak ageri dira lan horretan.

Ikerlanaren ondorioei dagokienez, azpimarratzeko modukoak dira hauek, besteak beste: zenbait eta trinkoagoa hiria, zenbat eta kontzentratuagoa biztanleria, eta zenbat eta lanpostu-eskaintza handiagoa bizilekua dagoen udalerrian, orduan eta txikiagoa ibilgailu partikularren erabilera; zenbat eta hobea garraio publikoaren eskaintza, orduan eta txikiagoa auto pribatua erabiltzen dutenen kopurua, eta, azkenik, zenbat eta handiagoa per capita errenta (herri txikietan), orduan eta handiagoa auto pribatua erabiltzeko joera. Mendiolak dio, ordea, datu horiek baino gehiago nabarmendu behar dela "mugikortasun-eredu hori ez dela jasangarria. Eredu hori, neurri batean, hiriaren ezaugarrien araberakoa denez, haiek kontrolatuz gero mugikortasun-eredua ere alda daiteke".

Aldaketa ikusgarria izan zen Bizkaian 1970eko hamarkadatik 1990ekora bitartean: industriaren krisiak eraginda, ekonomiaren oinarria sektore industrialetik zerbitzuetara aldatu zen. Aldaketa horrek beste batzuk ekarri zituen berekin; besteak beste, "kontraurbanizazioa" deritzon fenomenoa, hau da, zenbait jende eta enplegu hiri industrialetatik herri txikietara aldatzea, azken hauetan dentsitate baxuko egoitza-guneak sortuz. Hona fenomeno horrekin lotura duen datu adierazgarri bat: 1980ko amaieran, biztanleriaren % 4,6 galdu zuen Bizkaiko landa-eremuak; 1990eko amaieran, aldiz, % 7ko hazkundea izan zuen. Mugitu zirenak maila sozioekonomiko ertain-altuko familiak ziren gehienbat, eta haietako askok jatorrizko hirietan mantendu zuten lanpostua. Ondorioz, commuter bihurtu ziren, hau da, egunero joan-etorri luzeak egiten zituzten langile.

Landa-eremuetako biztanleriaren hazkunde horrek mugikortasunean izan dituen ondorioak kuantifikatu dituzte, hain zuzen ere, Lorea Mendiola, Pilar González eta Ángel Cebollada unibertsitate-irakasleek "Hiri-garapenaren ezaugarrien eta mugikortasun-ereduaren arteko lotura: Bizkaiko kasua" ikerlanean. Irakasleotako batek, Lorea Mendiolak, adierazi digunez, "argi erakutsi du ikerketak hiriaren ezaugarriek eragina dutela mugikortasun-ereduan".

Labur adierazita, hau diote, besteak beste, lanaren ondorioek: aztertutako epean (2001. urtean), areagotu egin zen motorrezko ibilgailuen erabilera, bizilekuaren eta lanlekuaren arteko distantzia ere handitu egin baitzen. Eta landa-eremuan urriagoa zenez garraio publikoaren eskaintza, auto pribatuekin bete zen, gehienbat, mugikortasun-premia hura. 2001ean, lanerako joan-etorrietatik % 52,5 auto pribatuan egiten ziren Bizkaia osoan; udalerri txikietan (2.000 biztanle baino gutxiagokoetan), % 82. Mendiolaren iritziz, "mugitzeko beharra hirien ezaugarrietatik dator, hein handi batean. Ezaugarri horiek kontrolatuta, mugikortasun-eredua ere kontrola daiteke".

Hala ere, lanerako garraiobidearen hautaketan ezaugarri sozioekonomikoek ere eragina dutela ondorioztatu du ikerketak, bizimoduarekin eta ohiturekin lotutakoak. Hori dela eta, hirien hedapena kontrolatzeko planifikazio politikez gain, ezinbestekoak dira sentsibilizazio-kanpainak eta ibilgailu pribatuaren erabilera jasangaitzari pizgarriak gutxitzeko neurriak.

Erregresio anizkoitza
2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Erroldako datuez baliaturik egin zuten azterlana, eta jarraipena eman nahi izan dioten arren, "zailtasunak ditugu, 2011ko zentsua egiteko metodologia aldatu egin zuten eta", dio Mendiolak. Bestalde, lanerako joan-etorriak ez ezik, ikasleenak ere aztertu nahi dituztela azaldu digu.

Azterlana egiteko prozedurari dagokionez, "erregresio anizkoitza deritzon prozedura ekonometrikoa erabili dugu. Zer den delako erregresioa? Mendeko aldagai bat aldagai independenteen multzo baten bidez azaltzea, eredu matematikoak erabiliz", argitu ditu L. Mendiolak. Hiru motatako aldagaiak hartu dituzte ardatz lan hau egiteko: lurraldearen erabilerarekin lotutakoak, garraio-sistemaren ezaugarriak, eta bidaiarien ezaugarri sozioekonomikoei dagozkienak. Bereziki, "ekonometria espazialak proposatutako ereduak erabili ditugu", dio Mendiolak, "eta hori izan da lan honetako alderdirik berritzaileenetako bat. Zer den ekonometria espaziala? Puntu geografiko batean gertatzen dena ingurukoetan gertatzen denarekin erlazionatuta dagoela kontuan hartzen duen metodologia. Kasu honetan, herri bateko garraio-ereduak ondoko herrietakoekin erlazioa duela erakusten du eta konponbideak ere elkarrekin bilatu behar dituztela".

Ikerketa-taldea
Lorea Mendiola (UPV/EHU), Ángel Cebollada (UAB) eta Pilar González (UPV/EHU) dira ikerketaren egileak. Hirietako lurzoruaren erabileraren eta mugikortasun-ereduaren arteko erlazioaren analisi enpirikoa egiten du ikerketak, 1991-2001 epeko Bizkaiko udalerrietako datuak oinarri hartuta, erregresio anizkoitzaz baliatuta, bereziki ekonometria espazialaren teknikez. 2001eko datuen arabera, hiru multzotan sailkatu dituzte commuterrak (leku batean bizi eta beste batean lan egiten dutenak): lanera auto pribatuan joaten direnak, horretarako garraio publikoa erabiltzen dutenak eta bizikletan edo oinez joaten direnak. Horiek izan dira mendeko aldagaiak erregresiozko analisian.

Erreferentzia bibliografikoa
(Mendiola, L., González, P. eta A. Cebollada (2014). The Link between Urban Development and the Modal Split in Commuting: the Case of Biscay. Journal of Transport Geography, 37, 1-9 orrialdeak).