euskaraespañol

Altitudeko entrenamenduetan, aldizkako hipoxia egoeran gaudenean, argaldu egiten gara eta kirol errendimendua hobetu egiten da

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/18

Irudia

Mendiko korrikalari eta alpinista batzuen lagin baten bidez, ikertalde batek egindako azken azterketa esperimentalaren arabera, hiru astez aldizkako hipoxia egoeran egonik, dieta eta elikadura gehigarriekin, pisu gehiago galtzen da. Ikerketa egin zenean, pisua galtzeaz gainera, kirol errendimenduan hobekuntza nabarmena lortu zen, eta globulu gorrien eta hemoglobinaren kopuruek gora egin zuten; horrela, errekuperaziorako gaitasuna hobetu zen eta Mendiko Gaitz Larriaren prebentzio hobea lortu zen.

Hipoxia gorputzak oxigeno egokirik jasotzen ez duen egoerari esaten zaio. Egoera hori modu naturalean lor daiteke, esate baterako 3.500 metro garaiera duen leku batera igota (Espainiako mendirik altuenera); bertan, airearen oxigenoak kontzentrazio txikiagoa du. Bestela ere, egoera hori edozein altueratan lor daiteke, baldin eta, batetik, kamera estankoa eta, bestetik, arnasten dugun airearen oxigeno kantitatea gutxitzen duen konpresorea baditugu.

Horrela, bada, ikusi da estimulu berri horrek argaldu egiten duela, bai eta osasuna eta kirol errendimendua hobetu ere; gainera, mendizaleetan Mendiko Gaitz Larriak duen nagusitasuna arintzen du. Horrela, mendian arazoak prebenitzeko metodo eraginkorra izango genuke.

Ondorio horiek atera dituzte Elcheko Kirol Ikerketa Zentroak (Miguel Hernández Unibertsitatea) eta Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa esperimentalek. Unibertsitate biek Arabako hiriburuko K2 kirol zentroko Aldizkako Hipoxia Egoeran Nutrizioko eta Entrenamendu Fisikoko Zerbitzuen Unitatearekin jardun dute lankidetzan, EHUko Aritz Urdampilleta Otegui ikertzailearen zuzendaritzapean.

Sortu den protokoloa oso baliagarria izango da kirolariek pisua galtzeko, bai eta aplikazio klinikorako eta nagusitzen diren patologietarako ere, besteak beste, gizentasunerako; izan ere, beste aldagai fisiologiko batzuk hobetzen direla ikusi da, esate baterako, beherakada arteria presio sistemikoan, SaO2ren hobekuntza loan edo odol laktatoaren mailen gutxitzea intentsitate erlatibo berdinera.

Alpinismorako eta elitezko himalayismorako aurrerakuntza nagusienetako bat ere bada, bai eta goi mendietara doazen turisten segurtasunerako ere. Beste alde batetik, gizentasunerako, besteak beste, protokolo honen aplikazio klinikoan etorkizun handiko ikerketa ildoa zabaltzen du.

Ikerketa ildo honek jarraitzen du aldizkako hipoxiak osasunerako eta kirolerako izan ditzakeen aplikazioak ikertzen.

Erreferentzia bibliografikoak

  • Urdampilleta A, González-Muniesa P, Portillo MP, Martínez JA. 'Usefulness of combining intermittent hypoxia and physical exercise in the treatment of obesity'. J Physiol Biochem. 2012ko eka.; 68(2): 289-304.
  • Urdampilleta A. 'Estímulos de hipoxia intermitente: nuevas perspectivas para mejorar el rendimiento deportivo, salud y mantenimiento del peso corporal en los deportistas'. Fisiologiako aldizkaria (Sociedad Española de Ciencias Fisiológicas) 2011, 14(2): 14-21.

Ikerketa proiektu onenaren saria
Urdampilleta A. 'Las aplicaciones de la hipoxia intermitente en el campo de la salud: sus aplicaciones en el campo clínico-sanitario'. Karrera amaierako, ikerketako eta marketin planetako proiektuen III. lehiaketa. Arabako campuseko Garapeneko Errektoreordetza. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). Vitoria-Gasteiz. 2011ko otsaila.