euskaraespañol

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko behin betiko proposamena aurkeztu du

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proiektu hau behin betiko onartzeko prozedura ere erabaki du

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/25

Irudia

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak Gobernu Kontseiluari aurkeztu dio, gaur, ikastegiak berrantolatzeko behin betiko proposamena, Euskal Herriko Unibertsitateak bere sorreratik izango duen egitura aldaketarik handiena ekarriko duena.

Proposamen honetara iristeko bilera eta kontsulta asko izan dira unibertsitateko sektore guztiekin. Orain, Gobernu Kontseiluak prozedura zehatz bat du azaroan prozesu honi amaiera emateko.

Gobernu Kontseiluko kideek abian dute epe bat zuzenketak aurkezteko. Epe hori urriaren 30ean amaituko da. Horren ondoren, zuzenketok sortutako sei batzordetako batera bidaliko dira: Osasun Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Hezkuntza; Ekonomia, Lege eta Gizarte Zientziak; Zientzia Esperimentalak; Artea eta Giza Zientziak. Batzorde horietan unibertsitateko hainbat ataletako ordezkariak egongo dira: errektorego taldea, ikastegietako dekanotzak edo zuzendaritzak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak, sail eta institutuetako zuzendaritzak. Batzorde horiek ez dute eskumenik zuzenketak errefusatzeko, bai ordea zuzenketak aztertu eta beroriek batu, koordinatu edo zuzenketa transakzionalak sortzeko.

Batzordeok Gobernu Kontseiluari emango diote informazioa azaroaren 6an. Eta, azkenik, zuzenketok azaroaren 27an bozkatuko dira Gobernu Kontseiluak egingo duen ezohiko bileran. Bilera horretan bertan bozkatuko da proiektu osoa. Onartuz gero, Gizarte Kontseilura pasatuko da eta, organo horrek aldeko txostena emanez gero, Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko zaio behin betiko onar dezan. Azkenik, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrari jakinaraziko zaio.

UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko proiektuaren berri maiatzean eman zen jendaurrean. Geroztik, unibertsitateko kideek egitasmo hori aztertzeko eta haren gainean  eztabaidatzeko prozesu luzea izan dute. Egungo proposamenak badu berrikuntza bat, Nautika eta Itsasontzi-makineriako Goi Eskola Teknikoa sortuko den ingeniaritza ikastegian sartuko da. Aipatutako prozesuan, proiektuaren alde agertu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako batzarrak, graduko eta graduondoko ikasketen batzordeak, ikastegiak berrantolatzeko prozesuak ukitzen dituen hemeretzi ikastegietatik hamar ikastegi, eta iritzia eman duten inplikatutako sail guztiak.

Ikastegiak berrantolatzeko prozesuak badu bere helburuen artean unibertsitatearen lehiakortasuna eta ikusgarritasuna hobetzea; graduko eta graduondoko tituluen arteko eskaintza hobetzea; irakasle guztiak ikerketan sar daitezen ahalbidetzea; ikastegien kanporako proiekzioa areagotzea; jarduera akademikoa pizgarri egokiak emateko politika baten bidez hobetzea; arku atlantikoko unibertsitateekin eta gure inguruneko egitura sozio-ekonomikoarekin loturak sendotzea; eta gobernatzeko eredu berri baterantz aurreratzea ahalik eta irakaslerik onenak kontratatzeko eta ikaslerik onenentzat unibertsitate erakarriagoa bilakatzea.

Víctor Gómez Pin eta Brian L. Bayne, Honoris Causa doktoreak

Halaber, Victor Gómez Pin filosofoa eta Brian L. Bayne Itsas Biologiako ikertzailea UPV/EHUko Honoris Causa doktoreak izendatzea ere onartu du Gobernu Kontseiluak.

Victor Gómez Pin (Bartzelona, 1944), Sorbonako Unibertsitateko doktorea eta 1993tik Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna. Dijonen eta Parisen irakaskuntzan urteak pasa ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatean bitarteko katedraduna lortu zuen. UPV/EHUn ibilbide profesionala eta irakasle-funtzioa 1979n Zorroagako campusean Filosofiaren Fakultatearen proiektuarekin lotu zen. Donostian orain dela 20 urte egindako International Ontology Congress/Nazioarteko Ontologiaren Kongresua koordinatzen du. Era berean, Veneziako Nazioarteko Unibertsitatean irakasle izan da. Bestalde, katedradunak sari hauek jaso zituen: Anagrama (1989), Espasa de Ensayo (2006) eta Istituto Veneto di Scienzeko nazioarteko sari Lettere e Arti, (2009). Joan den 2013ko apirilean, Zientzia, Arte eta Letren Akademia Jakiunde kidea izendatu zen. Sociedad Iberica de Filosofía Griega erakundeko presidenteordea ere bada Victor Gómez Pin.

Brian L. Bayne ( Trinidad eta Tobago, 1938). Itsas ikerketan ibilbide bizia egin du. Nazioarteko erakundeak zuzendu zituen: Institute for Marine Environmental Research (IMER), Plymouth Marine Laboratoy (PML) eta Center for Coastal and Marine Sciences (CCMS). Gainera, itsas-ekologia arloan ekarpen egiteagatik, Britainiar Inperioko Ordenako ofizialaren (Officer of the Order of the British Empire) titulua jaso zuen. 1997tik aurrera Australiako Sydney Unibertsitatean irakasle lanetan aritu zen. Gaur egun, itsas-bibalbioen biologiaz liburu bat amaitzen ari da. Akuikultura, itsasoko kutsadura eta fisiologia konparatu arloetan, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, ikertu du. Bayne irakasleak UPV/EHUko ikertaldeekin estu lan egin du. Ikertaldeak hauek dira: "Itsas-bibalbioen fisiologia energetikoa", Ingurumen- toxikologian biologia zelular" eta "Fitoplanktonaren ekologia" . Kalitate zientifikoaren exijentziarekin eta izandako jarrera onarekin eta lan egiteko eta denbora partekatzeko prestutasunarekin egon da oinarrituta Euskal Herriko Unibertsitatearekin izan duen lankidetza.