euskaraespañol

UPV/EHUk argitaratutako 'New York-Martutene' liburuak irabazi du saiakerako Euskadi Saria

Joseba Gabilondoren lanak Saizarbitoriaren azken nobela aztertzen du, "oraindaino idatzi den euskal eleberririk garrantzitsuena"

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/29

Joseba Gabilondoren New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz lana

Euskal Literatura Saila bildumako Joseba Gabilondoren New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz lanak irabazi du saiakerako Euskadi Literatura Saria. UPV/EHUk argitaratutako entsegu horrek Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria aztertzen du, "euskal literaturaren historiako eleberririk onena" Joseba Gabilondo entsegugile sarituaren esanetan.

"Eleberri luzea, konplexua, geruza-anitza, erreferentziaz betea, ironikoa, metaliterarioa, eleanitza eta historikoa da. Hau da, euskal XX. mendea bere osotasunean berrirakurtzeko eta interpretatzeko aukera ematen digu. Eta, hain zuzen horregatik, Martutene lehenik eta behin erabat irakurri ezin daitekeen eleberria da, agortezina, oraindik ere hemendik 100 urtera euskal kritikari batzuek aztertuko dutena", esplikatu du Joseba Gabilondo Amerikako Estatu Batuetako Michigan State University-ko irakasleak eta ikerlariak.

Euskal nazionalismoaren krisia, "birpentsatu eta birformulatu behar den abertzaletasuna"; 68.ko belaunaldiaren utopien amaiera; globalizazioa neoliberalaren krisia, gero ilunagoa izango duen belaunaldia, besteak beste, ditu aztergai saiakerak. Hots, joan den XX. mende "luzearen" kronika da Martutene Gabilondorentzat, "belaunaldi gazteagoek dagoeneko iragan urruti baten azken hats eta begirada gisa adi dezaketena; baina inoiz gazteek jakin-minez zabaldu beharko duten beste mende baterako atea ere bai".

Euskal Literatura Saila

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du New York-Marutene, Euskal Literatura Sailaren barruan. Gaur egungo Euskal Literaturaren Historia egin nahi duen proiektu handiago eta zabalago baten parte da, Jon Kortazar UPV/EHUko katedradun eta idazleak zuzentzen duen bildumaren hamabigarren alea, hain zuzen ere. "XX. mendearen azken hamarkadetatik hasita orain arte euskal literaturak izan duen ibilbidea aztertzen ari da Euskal Literatura Saila bilduma, literatur genero bakoitzari liburu bat eskainiz, eta hala jarraituko dugu, euskal literaturarekiko interesa duen pertsona guztientzako saiakera interesgarri eta sakonak egiten", aurreratzen du Kortazarrek.

Orain arte argitaratu dira eleberriari, poesiari, ipuingintzari, bertsolaritzari, haur eta gazte literaturari eta antzerkiari dagozkion liburuak, eta baita nobela eta zinearen arteko harremanak aztertzen zituena ere. Gerora begira, hurrengoak itzulpengintza izango du ardatz; hala, Bernardo Atxagaren lanak nola itzuli diren beste hizkuntzetara aztertuko da.